Antonio de Trueba idazlearen ibilbidea Enkarterrian barrena, hil zaneko 125. urteurrenean

Gaur egun Albiako Lorategietan dago eskultura hori.
Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek datorren zapaturako, urriaren 12rako, ibilbide kulturala antolatu dabe Antonio de Trueba idazlearen paisajetatik, hilebete gitxi falta diranean haren heriotzaren 125. urterrenerako. Gurgutxa Kultur Alkartearen lankidetzagaz prestatu da jardunaldia, eta Aldundiak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldien barruan sartzen da. Enkarterriko XIX. mendeko pertsonaiarik ezagun eta estimaduetariko baten omenezko ekitaldi izan gura dau ibilaldiak.
Antonio de Trueba 1819. urtean jaio zan Montellano auzoan (Galdamesen) familia xume baten. Letren eta kulturaren munduan gora egin eban; Bizkaiko Jaurreriaren Kronikalari izendatu eben 1862. urtean, eta Herrialdearen Aita 1876. urtean. Literaturari egin eutsan ekarpena handia izan zan, bardin idazlan lirikoak zein eleberri historiko eta kostunbristak, baina batez be narratiba laburra landu eban, garai haretako Euskadiko herrietako bizimoduaren erakusgarri.
Abellanedako Museoak prestatutako ibilbide kulturalak gogora ekarri gura dau “Anton de los Cantares” izenagaz ezagutu izan zanaren figura eta lana, eta bere istorioen ohiko lekuak ezagutuerazo gura ditu, idatzi zituan liburuetako pertsonaia asko bera jaio eta hazi zan lekuan murgiltzen diralako. Nezakazaritza inguru haretako ohiturak eta tradizinoak jaso zituan bere liburuetan, hain zuzen be iraultza industrialaren eraginez galtzeko zorian egozanean.
Girotze hori oso-osoan sartzen da Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldietan —“Atzokoa biharko”—, helburutzat daukelako ideia nagusi bat zabaltzea, hain zuzen be guztiei erakustea ondarea bizirik dagoan zerbait dala, gizartea aldatzen doan neurrian aldatzen dana. Eraikinak “jatorrizko egoerara” egokitzeko ohikoa izan dan jokerearen aurrean, gaur egun nagusituz joan da ondarea pertsonen beharrizanei egokituz joan dala, egokitasun gehiagoz edo gitxiagoz, eta hori kontuan hartu beharreko zerbait dala ondarea ikertu, bereoneratu eta ulertzerakoan.
TRUEBAREN PAISAIETAN GERTATUTAKO ALDAKETAK EZAGUTU
Truebaren bizitzan garrantzitsuak izan ziran lekuetarik ibilbidea egitera animetan diranak Abellanedako Batzarretxetik abiatuko dira zapatuan, urriaren 12an. Bertan, azken Batzar Nagusia 1801. urtean egin zanik hona Batzarretxearen inguruan izan diran aldaketen barri izango dabe. Museoa bera be bisitatuko dabe, Museoan Antonio de Truebagaz lotutako guztia ikusiz.
Autobusa hartu eta Mercadillo auzoan egingo da bigarren geldialdia, idazleak mutikotan ezagutu zituan lekuetan: plazea, eleizea, udaletxea, hilerria (Trueba bizi zala egin zan; sarreran bere inskripzino bat dauka) eta Sopuertako Santa Gadea baserria, hantxe bizi izan zan-eta.
Amaitzeko, Galdameseko Montellano auzora egingo dau taldeak, hantxe jaio zan-eta Trueba. Tokia ezagutzeko aukerea egongo da, baita Andra Mari eleizea ikusteko be, ondare-bilakaerearen adibide dalako. Hori eta gero, auzokide ospetsuenaren oroimenez egindako monumentua ikusteko aukerea egongo da.
ONDAREAREN EUROPAKO JARDUNALDIAK 2013
“Antonio de Truebaren paisaiak 125 urte geroago”
Zapatua, 2013ko urriaren 12a
Topagunea: Enkarterrietako Museoa (Sopuerta)
Urteera bi: 10:00 eta 10:30
Informazinoa eta erreserbak: 94 610 40 28/ 94 650 47 50
Plaza mugatuak. Bisitaldi gidatua doan izango da.