Batzar Nagusiek administrazinoen arteko koordinazinoa hobetzea eskatu dabe, Bizkaitik igaroten dan Donejakue Bidea sustatzeko
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak aho batez onartu dau Bizkaiko Alderdi Popularraren (PP) Arauz Besteko Proposamen bat. Bertan, eskaerea egiten jako Aldundiari, “Eusko Jaurlaritzaren eta Basquetourren laguntzagaz Bizkaiko Donejakue Bidea sustatzeko eta horren kultur eta turismo garapena aurrera eroateko modua aztertu daian”. Arturo Aldecoarentzat, PP taldeak Batzordean daukan bozeroalearentzat, kontua, Euskadiko erakundeek gure Lurraldea zeharkatzen daben bide “turistiko eta kultural” biak, kostaldekoa eta barrukaldetik doana, sustatzeko lana “eraginkorrago” izatea da.
2009an Eusko Jaurlaritzak, Euskaditik igaroten diran Donejakue bide bien kultur eta turismo garapenerako eta sustapenerako “Plan Zuzendaria” idatzi eban. Aldecoak bere idazkian gogoratzen dauenez, dokumentu horren ideia nagusia, bide biak, igaroten diran herrien eta eskualdeen garapen osorako “aukera eszenatokia” dirala da. Horregaitik, PP-ren ustez, Eusko Jaurlaritzako planean jasoten diran ekintzak “eraginkorragoak” izango litzatekez Aldundiagaz “koordinauta” egingo balira.
Bizkaiko Batzarretako talde guztiak bat etorri dira esatean Donejakue Bidearen bide biak aberastasun iturri dirala lurraldearentzat. EH Bilduk Euskadiko administrazinoen “esfortzu handiagoak” eskatu ditu bide horreek zaintzeko eta sustatzeko, “erlijiozko” ibilbide hutsa baino askoz gehiago diralako. Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeko Alexia Castelok sinergiak ezartearen eta koordinazino lanak hobetzearen aldeko apustua egin dau, “baliabideak optimizetako” unea dalako.
EAJ-PNV taldeari jagokonez, Aldundiak turismoa sustatzeko egiten dauen beharra defendidu dau. Jeltzaleek esan dabenez, administrazinoen arteko alkarlana “existitzen da”, eta Ekonomiaren Sustapenerako departamentua plan horretan jasoten diran ekintzak aurrera eroaten dabil, Turismo eta Kanpo Sustapen zuzendaritzaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak marketan dituan erritmoei jarraituz.
PRADALESEN AGERRALDIA, INCOESAREN EGOERAREN BARRI EMOTEKO
Beste alde batetik, Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuak, gaur Batzar Nagusien aurrean egin dauen agerraldian iragarri dauenez, Aldundiak “irailaren 5ean”, Incoesa enpresak Bedian daukan lantegia hustutean, bere jarduera deslekutu dauen ala ez argitzeko zabaldu eban ikerketa espedienteak instrukzino fasean jarraitzen dau. Txostena bukatu bitartean, Pradalesek eskaerea egin deutsie gatazkan dagozan aldeei (enpresari eta beharginei), Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzea eskatu daien, “jarduerari eta lanpostuei eusteko konponbiderako bideak egon badagozala seguru dagoalako”.
Incoesako beharginak muga bako greban dagoz joan dan maiatzaren 27tik, zuzendaritzak produkzinoa Soriara eta Extremadurara eroateko daukan planaren kontra. Bizkaiko Talde Popularrak (PP) zein EH Bilduk diputatuaren prisazko agerraldia eskatu eben, koalizino abertzalearen berbetan “Bizkaiko 50 familia baino gehiagorengan” eragina daukan enpresa horren gatazkari buruzko azalpenak emoteko.
Pradalesek behin baino gehiagotan azpimarratu dauenez, “ez dabe ezelango zalantzarik eukiko” 2007an, diru-laguntzak edo bestelako laguntza publikoak jasoten dituen enpresen deslekutzearen kontra onartu zan Foru Araua “azken musturreraino” apliketako orduan. Txostenak hori holan dala erakusten badau, Aldundiak, aitatutako arau horretan oinarrituta, Incoesari, Bizkaian dituan hiru filialen bitartez emondako foru laguntzea itzultzea eskatuko deutso –ia 200.000 euro–, atzerapenezko interesak ahaztu barik. Araudi horretan oinarrituta, enpresak eta lurralde honetan dituan bazkideek ez leukie Aldundiaren ezelango laguntzarik jasoko datozan 8 urteetan. Diputatuak adierazo dauenez, beharbada hilebete bi faltauko dira oraindino espedientea ixteko, beste kasu batzuetan izandako esperientziak kontuan hartuta.
EH Bildu taldeak esan dau zoritxarrez Aldundiak ez dauela bete joan dan ekainaren 24an Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura batean onartutako Adierazpen Instituzionala. Bertan eskaerea egiten jakon Aldundiari enpresari emondako diru-laguntzak edo bestelako laguntzak aztertzeko, ordurako aurreikusten zan “deslekutze eta enplegu suntsitze mehatxua zala eta”. Talde horren eretxiz, espedientearen tramitazinoa “berandu” heldu da.
EZ DIRA ONARTU PP ETA BILDU TALDEEK ERRENTA IRREGULAR ALTUENETARAKO SALBUETSITA DAGOZAN MUGAK ALDATZEKO EGINDAKO PROPOSAMENAK
Bukatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak ez ditu onartu, EH Bildu taldeak, Foru Arau Proposamen baten bitartez eta PP-k zuzenketa-eske baten bitartez, errenta irregular altuenetarako salbuetsita dagozan mugak aldatzeko aurkeztu dituen proposamenak. Ekimen bien helburua Pertsona Fisikoen Ganeko Errentaren Zergari (PFEZ) buruzko 6/2006 Foru Arauaren etekin irregularren baturaren mugari jagokon 19.2 artikulua aldatzea zan, baina EAJ-PNV eta PSE taldeen kontrako botoa jaso dabe. Talde bi horreetako ordezkariek gonbidapena luzatu deutsie Bildu eta PP taldeei, “aste gitxi barru”, PFEZ-aren araudirako proposauko dituen aldaketa “sakonakaz” bat egin daien. Aldaketa horreek jeltzaleen eta sozialisten artean adostu dira, euren arteko hitzarmen fiskalaren barruan. Dana dala, Bildu eta PP taldeek, aldaketea eskatuz aurkeztu dituen testuak hurrengo osoko bilkura batean eztabaidetako erreserbau ditue.