Aurreko Albisteak

Batzarretako taldeen erreakzinoa Aldun Nagusiaren "Jende aurreko Adierazpenaren" aurrean

Gernika

Gernikan, 2013ko irailaren 24an

Aldun Nagusiaren Jende Aurreko Adierazpenaren ostean batzarretako taldeen erantzunen txandea zabaldu dauen lehenengoa Esther Martínez, Bizkaiko Talde Popularreko (PP) bozeroalea, izan da. Jose Luis Bilbaok Urkulluren “palmero moduan jokatu dauela eta foraltasuna lurperatu dauela” esan dau, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen arteko akordioa bizkaitarrentzat kaltegarria dan egoeran apliketako erakutsi dauen konpromisoa dala eta. PP taldeko bozeroaleak esan dau zoritxarrez hitzarmenak eragina daukala autogobernuaren funtsean. “Flotazino lerrora jaurtitako torpedoa da”, adierazo dau.

Martínez bat etorri da Aldun Nagusiagaz, akordioak bilatzea beharrezkoa dala esatean, eta “burua aurreiritzi barik zabaltzeko” gomendatu deutso. Enplegu, gizarte eta fiskaltasun arloetan hitzarmenak lortzeko gonbidapena egin deutso, “baina hemen, hemendik eta bizkaitarrontzat”. “Hitzordurako deia egiten deutsut. Zuk jakingo dozu burua makurtzen jarraitu gura dozun edo danon artean ahotsa altxatu eta bizkaitarrak defendiduko doguzan”, esan dau.

Ordezkari popularrarentzat, Bilbaoren hitzaldiak ez dau “autokritikarik” euki, eta hori, bere berbetan, derrigorrezkoa da “sinisgarritasuna” daukan gobernu batentzat. “Argiak baino puntu ilun gehiago dagoz” Foru gobernuaren kudeaketan. Puntu ilunen artean, Martínezek, sozialistakaz lortutako akordioaren atzean ezkutetan dan zergen igoerea aitatu dau, eta baita oraindino egin barik dagozan “maketak”, Ermuko saihesbidea, Metroaren 3. linea, Lutxanako zubia edo Lamiakoko azpi-fluviala. Azpiegituren arloan Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren emaitzak aitatu ditu, “aurreikusitakoaren %20 baino ez dauelako batu” eta baita BEC-en ekonomia eta finantza egoerea eta kudeaketea be.

PP-ko batzarkideak langabezia gero eta altuagoa dala azpimarratu dau, eta Bizkaiko beste adierazle ekonomiko batzuen bilakaereak “Bizkaiko milaka familiak drama pertsonal negargarria bizitzen ari dirala erakusten dauela” esan dau. Horren aurrean, “kudeaketearen ardurea daukanak ezin dau penaz betetako hitzaldirik emon”. Bizkaian dagozan “97.000” langabetuak aitatu ditu, eta gogoratu dau joan dan urtean langabeziak “%8” egin ebala gora Lurraldean.

Martínezek, Aldun Nagusiak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen artean arlo fiskalean lortutako akordioaz egin dauen defentsa kritikau dau, “klase ertainak, herrialde honi eusten deutsienak, zigortzen ditualako” eta foraltasuna lurperatzen dauelako. Holan, deitoratu dau “barriro be” etxebizitzaren kenkaria ikutzen dala edo aurrezten daben pertsonei zergak igoten jakezala.


PSE-EE: “AKORDIOA EZ DA ZURIZ EMONDAKO TXEKEA”

Iñaki Egañak, Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeko bozeroaleak, “Lopez Lehendakariaren Jaurlaritzaren kontra aurrera eroandako gerra gordinetik, Urkullu Lehendakariaren Jaurlaritzaren aurreko isiltasunera pasau dala” esan dau, eta horren ostean, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen artean lortutako akordioa aitatu dau. Bere berbetan, akordioa “ez da Eusko Jaurlaritzari emondako txeke zuria”. “Ibilbide orria da, krisialdiari urtenbidea bilatzeko”, esan dau, eta batez be “langileei, enpresei, gazteei eta langabetuei” zuzenduta dagoala gogoratu dau.

Esan dau, baita, “Bizkaian be, eskua luzatzeko, esfortzuak batzeko, unea dala” eta, horren inguruan, Bizkaiko Aldun Nagusiari, “lankidetza politikoa gura badau”, eurak prest dagozala gogoratu deutso. Bozeroale sozialistak esan dau “adierazle makro-ekonomikoen eta krisialdia bere beheko puntura heldu dala esaten daben hitzaldi interesauen gainetik, gizarte gehienak une honetan ez dauela hobekuntzea nabarmenduko eta, batez be, pentsau behar dogula, krisialditik urtetean, ez garala lehengo berberak izango”.

Ganera, azpimarratu dau “aurrera egiteko akordioa dala, eta helburu horreekaz bat datozan indar eta talde guztiek batzeko aukera izango dabela”. “Politika arloko batasuna gizartearen zerbitzuan jartearen” adibidea da.

Dana dala, Egañak hutsuneak aurkitu ditu Jose Luis Bilbaoren hitzaldian, eta ideia falta azpimarratu dau. BEC-eko edo Zabalgarbiko arazoen aurrean “konponbiderik” ez dala aitatu esan dau. Eta urte honeetako Bizkaibusen kudeaketea eta Ermuko saihesbidea eregi ez izana kritikau ditu.

Amaitzeko, neurri fiskalak defendidu ditu “ez dabelako zerga igoera orokorrik ekarriko”. “Rajoyrenak, bai”, erantzun deutso PP-ko taldeari. “EAJ-PNV taldeagaz adostutako arauzko aldaketek 90.000 euro baino gehiago irabazten daben pertsonengan, 400.000 eurotik gorako emoitzetan edo Pentsino Planetarako 5.000 eurotik gorako ekarpenak egiten dituenengan izango dabe eragina”, esan dau adibide moduan.


EH BILDU: “EZ MARRAZTU ESZENATOKI IDILIKO IRREALIK”

Irune Sotok, Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeroaleak esan dauenez, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen arteko akordioa “komenentziazko ezkontzea”, eta Bizkaiko Aldundiaren politikari egindako “osotasunezko zuzenketa-eskaerea” da. Koalizino abertzaleko bozeroaleak eskaerea egin deutso Aldun nagusiari, Bizkaiko eskualde batzuetako langabezia egoera “larriaren” aurrean, “behiaren gaixotasuna katarro hutsa dan ala behiak berak jan ete dituan zuk antza ikusten dozuzan ernemin berdeak” argitu daian. Holan, “eszenatoki idiliko irrealik ez marrazteko” eta “Aldundiaren lehentasuna zein dan eta ze politika bultzatuko dituan zehazteko” eskatu deutso.

Esan dau, baita be, “Bilbao Basket taldea erreskatetan dan bitartean, gizarte bazterketa egoeran dagozanei murrizketak ezarten jakezala; PP-ko eta PSE-ko kideakaz negozietan daben bitartean, Bizkaian gosea pasetan dagoan jendea dagoala” eta azpimarratu dau eragina ez dala “Madrilgo murrizketen” ondorioa bakarrik, Foru Gobernuak apliketan dituan murrizketengaitik be badala.

Ildo horretan, gaur egungo krisia ez dala koiunturala esan dau, “zuen kudeaketa ereduaren ondorioa” be badala. Horregaitik, eredu horretan “aldaketea” egon behar dala esan dau, “ez zuzena, matxista eta anti-ekologikoa dalako, eta gizarteko desbardintasunak sakontzen ditualako”.

Fiskaltasunari jagokonez, Sotok deitoratu dau bi urte “galdu” dirala PFGZ aldatzeko, kapital errentak ez dirala “behar dan moduan” zergapetzen, eta Soziedadeen gaineko zergaren proposamena, “kontrol bako kenkariak dituan atzeko beste ate bat” dala.

Bilduko batzarkideari “barregarri” iruditu jako jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioan harmonizazinoaz, Batzarren garrantziaz eta iruzur fiskalaz berba egitea, eta “harmonizazinoaz benetan berba egin gura badozue, egin daigun”, esan dau. “Egin daigun berba ogasun bakarrari buruz, zergatik ezkutau eztabaida hori herritarrei?”.

Beste alde batetik, Bizkaiak lortutako zor maila kritikau dau, Aldun Nagusiak, bere hitzaldian, gai horri “berba bakar bat” be eskini ez deutsan arren. Hori, bere berbetan, “politikaren ikuspegitik nahiko ardurabakoa da”. Deitoratu dauenez, Jose Luis Bilbao, “Bizkaia gehien zorpetu dauen aldun nagusi moduan pasauko da historiara, eta urte luzez gogoratua izango da, sortu dauen zorra gure birlobek ordaindu beharko dabelako”.


EAJ-PNV: “HITZARMEN ONA BIZKAIARENTZAT”

Lorea Bilbaok, Batzarretako Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeko bozeroaleak, adierazo dauenez, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen arteko akordioa “ona izango da Euskadirentzat eta, beraz, baita Bizkaiarentzat be”, “nasaitasunaren, aurrerapenaren, ziurtasunaren, egonkortasunaren eta alkar ulertzearen” sinonimo dalako, eta sozialistakaz “akordioak egiten jarraitzeko” asmoa erakutsi dau.

Martitzen honetan Gernikako Batzar Etxean ospatu dan politika orokorreko osoko bilkuran izan dauen parte hartzean, Lorea Bilbaok hau azpimarratu dau: “2013. urtearen bukaerea aurrean daukagunean, emoten dau krisialdiaren txarrena igaro dala, eta esan daikegu, pozez, Euskadin urrunketeak topaketeari eta alderdien arteko alkar ulermenari itxi deutsala bidea".

Bere esanetan, “hitzarmen ona da Jaurlaritzarentzat, eta baita aldundientzat eta udalentzat be, danontzat eta, batez be, herritarrentzat”. Hori dala eta, “danok arduraz jokatzeko” eskaerea egin dau, eta Iñaki Egañak, PSE taldeak Bizkaiko Batzarretan daukan bozeroaleak “erabili dauen tonua” eskertu ostean, “akordioak egiten jarraitzeko” asmoa erakutsi dau.

Neurri fiskalei jagokenez, Bilbaok “beharrezko egokitzapenak egin beharko dirala” esan dau, “gure alkartasun sistemaren iraunkortasuna bermatzeko”, baina egokitzapen horreek “Batzarrak, bere eskumenak erabiliz, onartzen baditu bakarrik egin ahal izango dira”. Adierazo dauenez, “bizkaitar gehien-gehienok ez dogu zerga gehiago ordainduko hitzarmen hau dala eta, batzuek bai, baina gutxiengoa, oso gutxiengo txikia, izango dira”.

Bere berbetan, EAJ-PNV-rentzat, fiskaltasuna “ez da bakarrik baliabide publikoak lortzeko bidea”, “politika ekonomikorako, enpresak eta jarduera ekonomikoa sortzeko tresna be bada, eta hori derrigorrezkoa da geroago esnea emon beharko dauen behiari jaten emoteko”. “Behi barik ez dago esnerik, eta jarduera ekonomiko barik eta enplegua sortzen eta eusten daben enpresa barik, ez dago behirik”.

Gai horregaz erlazionauta, Bizkaiko Aldun Nagusiak bere hitzaldian aurreratu dituan Foru Gobernuaren ekimenak aitatuz, “lehentasuna enpleguak eta gizarte ekintzak izango dabe” esan dau, “Aldundiaren eta Batzar Nagusi honeen lehentasuna pertsonak diralako”.