Foru Aldundiak apurtu egingo ditu langileen subrogazinoa beteten ez daben Bizkaibuseko kontzesionarioen kontratuak

Bizkaibuseko kontzesinoa lortzen daben enpresek euren langileakaz daukien subrogazinoa ez betetea “kontratua apurtzeko arrazoia” izango da, Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Diputatuak, gaur azaldu dauenez, berak eskatuta, uztailaren 30ean Bizkaibusen berrantolaketarako onartutako Baldintza Teknikoen eta Administratiboen Pleguen puntu garrantzitsuenak eta barrienak azaltzeko Batzar Nagusien aurrean egindako batzorderatzean. Dokumentu horreek “beren beregi” jasoten dabe esleipena lortzen dauen enpresa barriak, orain arteko kontzesinoa euki dauenaren desbardina bada, “derrigorrez subrogatu beharko dituala aurretik zerbitzu publikoa eskaintzen eban kontratistaren langile guztiak”, Bizkaiko Batzarretako Herri Lan eta Garraioetako Batzordean izandako eztabaideak iraun dituan hiru orduetan behin baino gehiagotan adierazo dauen moduan.
Hasteko, Aldundiko arduradunak, bere sailak lizitazino iragarkia argitaratu arte egin dituan jarduketa garrantzitsuenak aitatu ditu. Garamendik gogoratu dauenez, prozesua legealdiaren hasieran hasi zan, Aldundiak gaur egungo emakiden azterketea egitea beharrezko ikusi ebanean, kontratuak berrantolatzeko eta Bizkaiko garraioaren errealidadera “egokitzeko”. Kontuan izan behar da Bizkaiko garraioak garapen “garrantzitsua” izan dauela, eta beharrezkoa dala “bikoiztasunak eta linea batzuek beste batzuk zapaltzea saihestea eta material eta gizaki baliabideak hobetzea”. Aurre-proiektua argitaratu eta gero, Garraio sailak, udalek, enpresek, elkarteek, alderdi politikoek edo sindikatuek aurkeztutako ia 100 “ekarpen, alegazino edo iradokizun” jaso ebazan.
Behin betiko Pleguek jasoten dituen jarduketa garrantzitsuenen artean, Garamendik adierazo dau proiektuek garraio mota guztien arteko bateragarritasuna bilatzen dabela, eskaintza orekatua eta ez errepikaua sortzeko, eta baita uri barruko Bizkaibuseko lineak Udalek eskaintzea be, indarrean dagoan legediak agintzen dauen moduan. Kontratu barrien berezitasunei buruzko azalpen horretan, diputatu andreak esan dau, baita be, gaueko garraioa jarriko dala eskualde buru diran udalerrietan, “Express” zerbitzua indartuko dala Lurraldeko udalerri garrantzitsuenak komuniketako eta eskaintzea errepide barrien garapenera eta 10 urtekoa izango dan kontzesinoaren barruan egon daitekezan eskariaren aldaketetara egokituko dala. Hori bai, garbi itxi dau Bizkaibus, zerbitzu “bizia dala eta aldaketak jaso ahal izango izango dituala, eskarira egokitu ahal izateko, etenbako hobekuntza prozesuan”.
Holan, eskaintzak aurkezteko fasean dagoan lehiaketeak kontzesinorako 5 gune ditu (Enkarterri, Ezkerraldea-Meatzaldea, Txorierri-Mungialdea, Nerbioi-Arratia-Durangaldea eta Busturialdea-Lea Artibai), 87 lineak osatuak. Guztira 24,2 milioi kilometro egingo ditue, 262 autobus erabilita. Autobusak ezin izango dira 10 urte baino zaharragoak izan. Orain epe hori 14 urtekoa da. Hori dala eta, 57 unidade barri erosi beharko dira.
Kontzesinoak betetako behar diran langileei jagokenez, Garamendik argitu dauenez, Aldundiak ez dau egin enpresentzat eta langileentzat “loteslea” dan ezelango langileen banaketarik “ezin dauelako egin eta ez dauelako egin behar”. Adierazo dauenez, lehiaketan sartzen dan banaketea “zerbitzuaren kostuak kalkuletako” baino ez da egin, hori beharrezkoa dalako zerbitzu bat lizitetako orduan.
Batzarretako taldeen aurrean behin eta barriro azpimarratu dau enpresek langile “guztiak” subrogatzeko beharra daukiela, langile horreen lan eskubide “guztiak errespetatuz”. Horrez gain, Garamendik iragarri dauenez, gaur bertan bere sailak sindikatuekin izango dauen bileran, horren berme “erantsia” bideratuko jake, balizko horreek biltzen dituan idatzizko proposamena, eta baita langileei “lege esparruaren barruan berme gehiago eta segurtasun handiagoa” emoteko beste idatzi batzuk be.
OPOSIZINOAREN KRITIKAK
Oposizinoa, bere aldetik, bat etorri da Garamendigaz Bizkaibusen berrantolaketa “beharrezkoa” dala esatean, baina batzarretako taldeek, plegu horreek langileen artean sortu dituen “zalantzak” eta Aldundiak horren inguruan ondoren izan dauen kudeaketa “txarra” kritikau dabe.
Hori dala eta, Aitor Torre Bildu Taldeko Taldeburuordea, lehiaketak gelditzearen eta eztabaida prozesua zabaltzearen alde agertu da, enpresen, udalerrien, biztanleen alkarteen edo udalen partaidetzeagaz “gauzak barriro pentsetako”. Talde horrek batzordean dauen bozeroaleak iragarri dauenez, bere taldeak Arauz Kanpoko Proposamena aurkeztu dau, proiektua gelditzeko eskatuz. Beste gauza batzuen artean, koalizino abertzaleak, Bizkaiko udalerriek eskatu daben eta alegazinoetan jasoten dan mobikortasun eskaerea Aldundiak betetea eskatu dau, enplegurako berme gehiago jasoteaz gain.
PSE-EE taldearen eretxiz, Aldundiak “txarto” kudeatu dau lanagaz erlazionautako gaia. Bizkaibus zerbitzua berrantolatzeko proiektuari aurkeztutako alegazinoen aurrean Garraioetako Sailak erakutsi dauen “sentsibilidade falta” be salatu dau. “Ia bat be ez da onartu”, esan dau Iñaki Egañak, batzarretako talde sozialistaren bozeroaleak. Gai beraren inguruan, Esther Martínez Bizkaiko Talde Popularreko (PP) bozeroaleak, Foru Aldundia “erlojuaren kontra beharrean” dabilela esan dau, langileen mobilizazinoek estututa, eta “1.300 familia baino gehiago zalantzaz beteta” itxi dituala salatu dau.
Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeak, bere aldetik, Foru Aldundia defendidu dau “lanpostuakaz daukan konpromisoa argi eta garbi itxi dauelako”. Nerea Ahedo batzordeko bozeroaleak langileentzako “nasaitasunezko” mezua zabaldu gura izan dau. Bozeroale andrearen berbetan, Foru Aldundia Bizkaibuseko “enpleguari eusteko” eta enplegu horren “kalidadearen” alde dabil beharrean.
APARKALEKUA PLENTZIAKO METRO GELTOKIAN
Batzordeari hasierea emoteko, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bat aztertu da. Ekimen horren bitartez, eskaerea egin jake Batzar Nagusiei, Bizkaiko Foru Aldundiari agindua emoteko, metroaren ondoan dagoan aldauriko eta Plentziako egoiliarrentzako aparkalekua izango danaren sarbideak urbanizetako 2014an aurrekontu partidea hornitu daian eta, gainera, Bizkaiko Garraioen Partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak beste partida ekonomiko bat sartu daien aparkaleku hori egin ahal izateko. Talde guztiak ekimenaren alde agertu dira, abstenidu egin dan EAJ-PNV taldea izan ezik. EAJ-PNV taldearen eretxiz, azpiegitura hori eregi aurretik, Bizkaiko Garraioen Partzuergoak eta Plentziako Udalak “beharrezkoa” dan hitzarmena sinatu behar dabe. Gainera, jeltzaleen berbetan, udal urbanizazino lanak egitearen ardura ez da Foru Aldundiarena.