Enkarterriko Museoak kultur jarduera ugariko programa batekin abiaraziko du ikasturtea

Enkarterriko Museoak 6 eta 16 urte arteko neska-mutilentzako hezkuntza-jarduera ugariko programa prestatu du 2013/2014 ikasturterako. Bizkaiko Batzar Nagusietako kultur zentroak, Abellanedako Batzarretxean dagoena (Sopuerta), eskualde horretako bizimodua eta historia erakutsiko ditu, hainbat erakusketa-elementuren bidez (pieza artistikoak, berregiteak, maketak, planoak edo argazkiak, besteak beste), baita etapa historikoei buruzko (Historiaurrea, Erromanizazioa eta Erdi Aroa) tailer praktikoen bidez ere, ikasleek esperimentazioaren eta jolasaren eskutik ikas dezaten. Aurten gazteen Batzarra abiaraziko da, ekintza berri moduan, iraganean Enkarterriko Parlamentua nola zebilen azaltzeko.
Jarduera horiek egiteko, Museoak epea ireki du Bizkaiko eta probintzia mugakideetako ikastetxeek izena eman dezaten. Hortaz, nahi dutenek Museoko telefonoetara (94 650 44 88 / 94 610 48 15) deituko edo mezu elektronikoa idatziko dute (enkarterrimuseoa@bizkaia.eus) ordua eskatzeko. Iazko ikasturtean 8.600 ikaslek eman zuten izena gela didaktikoetan; Museoaren historiaren kopururik onena izan zen, leku guztiak bete zirelako. Abellanedara 450 talde bertaratu ziren, gehienak Bizkaiko herrietatik eta Kantabriako eta Gipuzkoako ikastetxeek ere hartu zuten parte.
ABELLANEDAKO JUNTETXEA, GAZTEEN PARLAMENTUA
Aurten, jarduera berri bat abiaraziko da: “Batzar gaitezen Abellanedan”. Batzarretxeko osoko bilkuren itxura egingo da, DBHko eta Batxilergoko ikasleen partaidetzarekin. Iazko probako esperientziak harrera ona izan zuenez, ekimen horrek, modu atseginez eta gazteen beraien eskutik, mendeetan zehar Bizkaiak eta, hain zuzen ere, Enkarterriak izan duten antolaketa politikoa eta administratiboa ezagutzera emango du. Ikasleak batzarkide bihurtuko dira egun batez eta Batzar Nagusien zereginak eta eskumenak ezagutuko dituzte.
HISTORIAURREARI, ERROMANIZAZIOARI ETA ERDI AROARI BURUZKO TAILERRAK
Edozelan ere, haurrentzako lehen jardueren artean, Historiaurreari eta Erdi Aroari buruzko tailerrak jarriko dira martxan lehenbizi. Urrian hasiko dira. Historiaurreari buruzkoan, ikasleek harrizko lanabesak moldatzen, sua antzinako erara pizten edota labar-artea egiten ikasiko dute. Erdi Aroari buruzkoan arte erromanikoaz ikasiko dute, eliza baten eraikuntzaren eskutik. Tailer horretan, idazkera gotikoaren oinarriak ere ikasiko dituzte. Urtarrilean, “Erromatarren atzetik” izeneko tailerrean erromatarren garaietara bidaiatuko dute ikasleek, eta modu erakargarri eta esperimental batean, zibilizazio horren elementu nagusiak ezagutuko dituzte.
ARTE ESZENIKOAK
Halaber, txikienek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten ekimenak antolatuko ditu berriro Museoak. “Bizi zure kontua” jardueraren bidez, Lehen Mailako Hezkuntzako ikasleak buru-belarri arituko dira istorio baten protagonistan izaten, arbasoen baserri-bizimoduan sartzeko. “Sor dezagun gure munstroa” ekimena, txikiek gure elizetan, komentuetan eta baselizetan bizi diren izaki fantastikoak eta munstroak ezagut ditzaten antolatu da. Tradizioaren aldeko apustua da eta, aldi berean, ipuin-kontalariak ere programatu dira, umeei ahozko istorioak konta diezazkieten.
Enkarterriko Museoak eskualdeko beste zentro batzuekin elkarlanean arituko da 2013/2014 ikasturtean ere. El Pobal burdinolarekin batera jarduera bat egingo du, burdinaren mundua ezagutarazteko bisitaldi gidatuak antolatzen, Enkarterria ekonomia- eta gizarte-arloetan garatzeko funtsezkoa izan baitzen.
KULTUR IBILBIDEAK
2013/2014 ikasturtean hainbat txango egingo da: urriaren 12an, Enkarterriko Antonio Trueba kronikari eta idazlea jaio zenetik 125 urte igaro direla ospatzeko, kultur ibilbidea antolatuko da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, Europako Ondareari buruzko Jardunaldien barruan.
Era berean, Barbadun ibaiaren arroko burdinolen, erroten eta dorreen 5. ibilbidea (“Burdinolen ibilbidea”) egingo da, Muskizetik abiatuta, Barbadun ibaiertzetik instalazio hidrauliko horiek (burdinolak eta errotak) eta arroko hainbat ondare-elementu ezagutzeko.
ALDI BATERAKO ERAKUSKETAK
Aldi baterako erakusketei dagokienez, “Enkarterri, ehun urte Athleticekin” erakusketa azaroaren 30era arte egongo da ikusgai. Talde zuri-gorriak Enkarterriarekin duen harremana erakusten duen erakusketaren ondoren, “Somorrostroko marina. Enkarterriko ontzi-mundua” aldi baterako erakusketa egongo da ikusgai. Almiranteak, jeneralak, kapitainak, merkatariak, kontrabandistak, benakeroak, arrantzaleak, alturako pilotuak, baxurakoak, kortsarioak … Enkarterriko kostaldeko marinelak, mendeetan zehar, entzute handikoak izan ziren eta Museoa prestatzen ari den erakusketa horrek Enkarterriak itsasoarekin izan zuen harreman hartan sakonduko du.