Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie ADIFeri, FEVEren Zorrotzako trenbide pasagunea kendu daian

Zorrotza

Santa Agedako trenbide pasagunea

Bilbon, 2013ko irailaren 12an

Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak Arauz Besteko Proposamen bat onartu dau gaur goizean, ADIFeri “FEVEko trenbidea Zorrotzako zatian lurperatzeko proiektua gauzatu daian” eskatzeko. Holan Santa Agedako trenbide pasagunea kendu egin ahal izango litzateke. Bilduk aurkeztutako ekimena Batzarretako talde guztiek bultzatu dabe, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) izan ezik. Talde hori abstenidu egin da, oporretako etenaldiaren ostean “batzarretako ikasturtea” zabaldu dauen bozketan.

Batzarretako talde guztiak, trenbide estuko Estaduko konpainiaren trenbidearen trazadua aldatzearen alde agertu dira. Bilduren eretxiz, 2012an, RENFEk bere esku hartu eta gero, FEVE barruan izandako aldaketak dirala eta, proiektua “ahaztutako kaxoian aparkauta” geratu dala pentsau daiteke. Konpainiaren lehengo presidenteak, Ángel Villalbak, eukan ideia berreskuratzearen alde agertu dira. 2011ko urrian, aurrekontuan “30 milioi euro jartea” proposau eban, “2012ko lehenengo hiruhilekoan” hasi ahal izango ziran lurperatze beharrak egiteko, Zapateroren Gobernuan FEVEko arduradun izan zanaren berbetan.

PP taldeak batzordean dauen ordezkariak, Jesús Isasik, ezeztu egin dau proiektua baztertuta dagoanik. “Inork ez dau ahaztutako kaxoian aparkauta itxi”, esan dau. Bere eretxiz, Bilbao Ría 2000 soziedadea izan behar da “biztanleen segurtasunerako beharrezkoa dan” obra adostu eta finantzau behar dauena, eta obra hori “ahalbait eta arinen egin behar da, herrialdearen egoera ekonomikoak horretarako aukera emoten dauenean”. “Badakigu proiektuan beharrean dabilzala”, esan dau. Aitor Torrek (Bildu), barriz, esan dau ADIF izan behar dala aurrekontu partidak jarri behar dituana, eta ez Bilbao Ría 2000, izan be, batzordekide abertzalearen eretxiz, hori, “ia desagertuta” dagoan soziedadea da.


EUSKOTRENEN PARTE HARTZEA BIZKAIBUSEKO LEHIAKETETAN

Beste alde batetik, Itziar Garamendi, Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatua, PP taldeak eskatuta agertu da Batzordearen aurrean, Lehiakortasunaren Euskal Kontseiluak, Batzar Nagusiek eskatuta, emondako txostenari erantzuteko, Bizkaibusek deitutako lehiaketa publikoetan EuskoTrenen parte hartzeari jagokonez. Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, “kontsultarako” erakunde horrek, bere “gomendioak” Eusko Jaurlaritzara bideratu ditu, eta ez Foru Aldundira, Euskotrenbideak soziedade publikoa “operadore pribauakaz lehian ibili beharrean” bere eginbeharrera mugatu daian, txostenak berak, ondorioetan, adierazoten dauenez, “interes publikoagaitik” parte hartzen dauela erakusten ez badau.

Garamendik adierazo dauenez, Euskotrenek Bizkaibuseko lineak ustiatzeko lehiaketa publikoetara aurkeztea erabagiten badau, bere sailak “jarri beharreko arretea jarriko dau”, parte hartze hori “lehiakortasun desleiala izan ez daiten”. Diputatuak adierazo dau “zailtasunak” egongo litzatekezala interes publikoa mugatzen dauan marra hori zein dan zehaztasun osoz erabagiteko, bere esanetan txostenak ez dauelako “hori argitzen”. Balizko hori gertatu ezkero, Aldundiko kontratazino mahaia izango litzateke hori egingo leukena, “eskatu beharreko txostenak eskatuz”, esan dau.


MOBIKORTASUN “ALKARKIDEA” BULTZATZEA

Saioko azkeneko puntuan, Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak Socialistas Vascos Taldeak egindako eskaereari erantzun deutso, “mobikortasun alkarkidea” bultzatzeko Sailak asmotan darabilzan ekimenei buruzko argibideak emon daizan. Sistema hori, ibilgailuak trukatzean, lagatean eta alokatzean eta ibilpideak partekatzean oinarritzen da.

Garamendik adierazo dauenez, Foru Aldundiak beharrean jarraituko dau “betiko” mobikortasun alkarkide sistemak, gaur egun garraio publiko izenez ezagutzen diranak (metroa, autobusa…) hobetzeko, bere eskumenen barruan, eta baita “sortzen ari diran eta, seguruenez, gure mobikortasunean gero eta leku gehiago hartuko daben” mobikortasun alkarkide sistema barrien potentzialtasunak “aztertzen” be. Horreen artean, Garamendik “car-pooling”-a, “car-sharing”-a, modalitate guztietan, eta partekatutako bizikleta azpimarratu ditu.

Bere agerraldian, diputatuak zalantzak agertu ditu lehenengoaren, “car-pooling”-aren, aurrean. Sistema horretan, bitartekari baten bidez, automobila norbanakoen artean partekatzen da, bidaia bat egiteko. Garamendiren eretxiz, sistema hori “nahiko iluna da fiskaltasunari jagokonez” eta, aseguruen legediaren ikuspuntutik “ez dago argi” erantzukizuna, bidaiariak garraioarengaitik diru-kopuru bat ordaintzen dauelako.