Aurreko Albisteak

Hasten dira barriro be bilerak Batzar Nagusietan, Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak izango dauenagaz

Zorrotza

Bilbon, 2013ko irailaren 10n

Bizkaiko Batzar Nagusiak eguenean hasiko dira barriro be batzarrakaz, Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak goizeko 9:30etarako deituta dauenagaz. Udako oporraldiaren ostean egingo dan lehenengo batzar horretan Bildu Batzarkide-Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatuko da, Foru Aldundiari eskatu gura deutsana “erreklamatu deioela FEVE/RENFEri FEVEko trenbidea Zorrotzako zatian lurperatzea gauzatzea, baita Bilboko Udalagazko koordinazinoa izatea be, Santa Agedako pasonibeleko proiektua gauzatu daitela erreklamatzearren”.

Euzko Abertzaleak Taldeak (EAJ alderdiak) zuzenketa-eskea aurkeztu deutso Bilduren testuari, uste dauelako eskabidea Batzar Nagusietatik zuzenean igorri behar jakola ADIF Estaduaren enpresa publikoari, horixe dalako “proiektua gauzatzeko ardurea” daukana.

BATZORDERATZE-ESKEAK

Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak (PP alderdiak) ekainaren amaieran Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuari, Itziar Garamendi andreari, aurkeztu eutsan batzorderatze-eskea be gauzatuko da, azaltzeko zein izango dan bere jardunbidea lehiaketa publikoetara, esaterako Bizkaibusen linea konsezinoetarako, aurkezten diran enpresakazko, adibidez Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos SA enpreseagazko, garraio enpresa pribatuakaz lehian dagozan heinean.

Socialistas Vascos Taldeak (PSE-EE alderdiak) be eskatuta dauka Bizkaiko garraioaren arduradunaren batzorderatzea, hain zuzen be “mugikortasun elkarkidea” bultzatzeko Sailak asmotan darabilzan ekimenei buruzko argipideak emon dagizan. Sistema hori norberaren kotxearen jabe izatearen alternatiba da, eta herritarren eskura jarten ditu ibilgailuak, erabilitako ordu eta kilometroen arabera ordainduta.

Lotutako artxiboak: