Gernikako Batzarretxeak eutsi egin deutso turistak erakarteari, uztailan eta abuztuan 40.000 bisitatik gora izan ditueta

Uztailan eta abuztuan izandako bisitarien kopuruak berretsi egin dau Gernikako Batzarretxeak bisitariak erakarteko dauen gaitasuna. Hilabete biotan Bizkaiko Legebatzarraren egoitzak 40.000 mila bisitariren mugea gainditu dau. Gernikako Batzarretxean egiten dan bisitarien zenbaketearen arabera, 15.581 bisitari joan dira uztailan eta 24.676 abuztuan. Euskaldunen ikur nagusia dan Gernikako Aretxak bataz beste ia bostehun bisitari izan ditu egunero uztailan eta ia zortzirehun abuztuan. Bisitarien %80a Euskal Herritik kanpokoak izan dira.
Zenbakiok erakusten dabe Gernikako Batzarretxea eta Gernikako Aretxa ezinbesteko geldiune bihurtu dirala Bizkaira bisitan datozanentzat. Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen gunean kokaturik, 20.000 eta 25.000 bisitari bitartean izan ditu azken bost urteetako abuztuetan: 23.632 bisitari 2009ko abuztuan, 23.702 bisitari 2010eko abuztuan eta hogeita sei milatik gora 2011 eta 2012koetan (26.501 eta 26.264, hurrenez hurren). Aurtengo abuztuan zenbatutako 24.676 bisitariak igazkoak baino %6 gitxiago izan dira, baina gitxiketa hori gora behera, Batzarretxea Bizkaiko bigarren tokirik erakargarriena da turistentzat Guggenheim Museoaren ostean, eta Arte Eder Museoaren aurretik.
Udan batez be, Batzarretxea eta haren inguruak beste autonomi erkidego batzuetatik eta beste herrialde batzuetatik etorritako bisitariz beterik egoten dira. Udaldiko turismo hori “gehien bat familiena” izaten da. Beste autonomi erkidego batzuetatik etorritakoen artean (guztirakoaren %61a dira horreek) kataluniarrak dira gehien, aurten %17a izatera jeitsi badira be, seguruenik krisiaren eraginez. Baina, ostera, turista valentziarrek, andaluziarrek edo madrildarrek gora egin dabe.
Turista atzerritarrei jagokenean, Europatik datozan turistak diran gehien, Gernikako Batzarretxea ikustera datozan guztirakoen %14a hain zuzen. Horreen erdia inguru frantziarrak dira —aurten igazko udan baino %12 gehiago—, eta horreen ostean hurrenez hurren datoz italiarrak, ingelesak eta alemaniarrak. Gure kontinentetik kanpokoei jagokenean, lau herrialde gailentzen dira estadistiketan: AEB, Israel, Argentina eta Japonia. Lauron artean japoniarrak izan dira gehien hazi diranak Gernikara datozen bisitarien artetik, %193 gehitu dira-ta.
Batzarretxearen erakargarritasunak eragin dau egun jakin batzuetan mila pertsonatik gora joan dirala bertara. Horretara, bada, bisitarik gehien izan ditu abuztuaren 7an (1306 bisitari) eta abuztuaren 21ean (1300 bisitari). Urtearen amaierarako barriro be zenbatuko dira 100.000 bisitaritik gora, turistez ganera ikasturtean zehar Batzarretxea ezagutzera joaten diran ikasle-taldeak be gehitzen baditugu.
Gernikara etorteko arrazoiak ez dira aldatzen. Udaldian, milaka lagun etorten dira Gernikako Batzarretxeari darion historia eta tradizinoaren deiak erakarrita. “Bakearen uribildua” mundu osoan ospetsu egin da faxistek 1937. urtean egindako bonbaketeagaitik eta Picassoren koadruagaitik. Gernika, daukan esangura historikoagaitik, benetako iman erakargarria bihurtu da Euskadira jatorkuzan turistentzat zein munduan zehar barreiaturik egon eta gero, dana dalakoagaitik, arbasoen jatorrizko herrira itzultzen diran euskaldunentzat. Gernikako Aretxak euskaldunentzat dauen esangura sinboliko handiak inguruaren erakargarritasuna be handitu egiten dau.