Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek eta Goirabidek hitzarmena egingo dabe Enkarterrietako Museoa adimen desgaitasuna dabenentzako kultur zentro inklusibo bihurtzeko

Abellanedan, 2013ko uztailaren 11n

Abellanedako batzarretxea Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Gorabidek (adimen ezintasuna daben pertsonen aldeko Bizkaiko Elkarteak) sinatu daben lankidetza hitzarmenaren lekuko izan da gaur goizean. Hitzarmen horren bitartez, erakunde biek konpromisoa hartzen dabe Enkarterrietako Museoak beste aurrera-pauso bat emon dagian inklusinoaren alde egindako ibilbidean. Hitzarmen horregaz, bada, burutu egiten da adimen desgaitasuna daben pertsonen beharrizanetara egokitutako kultur zentroa egitea lortzeko urte bitan gauzatu dan lankidetza proiektua. Orain astebete inauguratu zan “Enkarterri, ehun urte Athleticekin” izeneko erakusketea eredu bihurtu da adimenagaz loturiko oztopoak ezabatzeko.

Hitzarmena sinatutakoan, Gorabideren Sopuertako egoitzako erabiltzaileek aukerea izan dabe edukinak adimen desgaituentzako egokiturik dauen erakusketea gozatzeko, esate baterako “irakurketa errazeko” osagaien bitartez. Era berean, adimen ezintasuna daben pertsonen adierazpen artistikoari begira atondutako berariazko tailerrak egitea bideratzen dau hitzarmenak, baita espazio irisgarriagoak eta beharrizanei egokituagoak izatea be. Hitzarmenaren bitartez, kultur espazio inklusiboa sortzen da, non gizatalde guztiek parte hartu ahal izango daben, Enkarterriko kultureak Bizkaiko gizartean zabalkundea izan dagian.

Proiektuaren aurkezpenean, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak azpimarratu egin dau “Hitzarmena aurrerantzean alkarregaz egingo dogun bide luzearen hasiera besterik ez dala, beti be desgaitasunen bat dabenengana hurbiltzeko borondatea gidari dogula”. Enkarterrik Athleticegaz izan dauen lotureari buruz Enkarterrietako Museoan inauguratu barri dan erakusketea da lehenengoa “benetako” jarduera inklusiboa osorik gauzatzen dauena. “Hauxe dogu abiaburua aurrerantzean, arian-arian, desgaitasunik dabenengana hurbiltzen joateko”, esan dau Ana Madariagak hitzarmena sinatzeko ekitaldian.

Pablo González Gorabideko kudeatzailearen aburuz, artea gizatalde horrengana hurbiltzeak eskutik dakar “gizarteratzean aurrerapausua emotea”. Honen moduko ekimenek “argi erakusten dabe zelango aurrerapausua dan erkidegoaren baliabideak era guztietako pertsonentzat egokitzeak baliabideok osoro aprobetxatzeko bidean”. ”Izan be, testu irakurterrazak adimen desgaitasunduentzat ez eze, irakurteko eragozpen iraunkorrak edo iragankorrak daukiezan pertsonentzat be baliagarriak dira”. Gonzalez jaunak ganeratu dau era horretako pertsonak biztanleriaren %30 inguru izan daitekezala.

Hitzarmenaren bitartez, Erakunde biek konpromisoa hartzen dabe, besteak beste, alkarri laguntza emoteko kultur ekintzak garatzeko eta Abellanedako Museoaren ekimenen zabalkundea egiteko bakotxari joakon arloan. Hitzarmenaren helburu dira be adimen desagaitasuna daben pertsonek museoak antolatutako erakusketa eta ekimenak hobeto ulertzeko gertatutako hobekuntzek merezi daben bultzadea emotea eta arlo horretan erreferente izatea.

Laburtzearren, hitzarmen honen bitartez burutu egiten da 2011. urtetik hona Gorabidek - Adimen ezintasuna daben pertsonen aldeko Bizkaiko Elkarteak eta Bizkaiko Batzar Nagusiena dan Enkarterrietako Museoko teknikariek alkarlanean adimen ezintasuna daben pertsonentzako beren beregiko konponbideak bilatzeko eskutik hartuta egindako bidea.