Aurreko Albisteak

ENKARTERRI, ehun urte ATHLETICekin

Abellaneda, 2013ko uztailaren 4a

Enkarterrietako Museoak (Abellanedako Batzarretxean dago) “ENKARTERRI, ehun urte ATHLETICekin” izeneko erakusketea zabalduko dau datorren irailaren 30era arte, San Mames futbol-zelaiaren omenez. Erakusketa horretan Athletic Clubak eta Enkarterriak hasiera-hasieratik izandako hartuemona erakutsiko da. Bizkaiko Batzar Nagusiena dan Museoak Athletic Clubaren lankidetza izan dau, eskuzabaltasun osoz laga deutsaz-eta argazkiak, lau maketa, ikusentzutezko bat eta hiru kopa. Era berean, erakusketa honetan joandako urtean Batzar Nagusien Bilboko egoitzan egin zan erakusketaren argazkiak be egongo dira, zaleen omenez egin zan erakusketarenak hain zuzen.

Erakusketearen jolastokia lau eremutan dago banatuta. Eremu baten, Athletic Clubaren lehen taldean hasieratik gaur egunera arte jokatu daben Enkarterriko jokalariak agertzen dira (Ezkerraldekoak eta Meatzaldekoak be). Beste eremu baten, erakutsi egiten da zein izan zan Enkarterriaren eta futbolaren hasierako sasoien eta Bilboko taldearen arteko hartuemona XIX. mendearen azken urteetan. Hirugarren eremuan omenaldia egiten jako San Mames futbol-zelaiari, azken ehun urteotan izan dauen bilakaerea adierazoten daben lau maketen erakusketeagaz eta ikusentzutezkoaren emonaldiagaz. Eta laugarren eremuan 2012. urtean Bilbon egon zan “Athleeee....clic!” erakusketea dago, athletic-zaleen argazkiez osaturikoa, erakusketearen amaierarako itxita Athletic-eko beste “enkarterritarrak”, zaletuak hain zuzen.


ENKARTERRIKO, MEATZALDEKO ETA EZKERRALDEKO 77 JOKALARI

Futbolaren hasierea Bizkaian lotu-lotua egon zan britainiarrak hona etorteagaz eta Ingalaterrara ikasle moduan joandako bizkaitarrakaz, eta hori holan izanik, lotura hori estu-estua izan zan Itsasadarreko industria eta meagintzagaz. Ingelesak Ezkerralde eta Meatzaldeko lantegietan eta meategietan lan egitera etorritako marinelak, ingeniariak eta teknikariak ziran. Inguru guzti horri Somorrostroko Harana esaten jakon, Enkarterrikoa zana Erdi Arotik. Adibide moduan aitatu geinke Atleta kluba, Sestaoko Astilleros de Nervión enpresakoa, itsasadarraren beste aldekoa zan Bilbao Football Club taldeagaz ezagutzen dan lehen futbol-partida jokatu ebana Lamiakoko hipodromoan 1892. urtean.

Hortik aurrera, Enkarterriaren hartuemona Athletic Club-agaz, batez be Ezkerraldearena eta Meatzaldearena, oparoa eta eten bakoa izango da. Eskualdeko lehen jokalaria Pedro Larrañaga (Portugalete) izan zan, 1902. urtean debutatu ebana, eta azkena Erik Morán (hau be Portugaletekoa), lehen taldeagaz San Mamesen 2012. urtean jokatu eban-eta lehenengoz. Bion artean 70 jokalari baino gehiago izan dira Ezkerraldeko udalerrietakoak: 27 Barakaldokoak, 14 Sestaokoak, 9 Portugaletekoak eta 7 Santurtzikoak. Ondoren, Zalla, Balmaseda, Abanto eta Muskizek hiruna jokalari izan ditue, 2 jokalari Gueñes, Ortuella eta Trapagaranek, eta bana Sopuertak eta Alonsotegik.

Euretariko batzuk benetako izarrak izan ziran euren garaian. Lehenengo hamarkadan azpimarratzekoak dira Iza (Abanto) eta Travieso (Barakaldo), hurrenez hurren 1910 eta 1929ko kopak lortzeko balio izan eben golen egileak izan ziranak. Garai horretakoak izan ziran Allende (Trapagaran) edo Bergareche (Balmaseda), azken hori izan zalarik ligan Athleticen lehenengo gola sartu ebana, hain zuzen be 1929. urtean Real Sociedad taldearen aurka Atotxan.

30 hamarkadan zerrendea handitu egiten da. Santurtzikoen artetik Urra aitatu geinke, eta batez be Guillermo Gorostiza “Bala Roja” ezizenez ezagutua, Athleticen lehen aurrelari-talde historikoa osatu ebana eta bere garaiko aurrelaririk onenetakoa, “pitxitxi” saria birritan jaso ebana. Aurrelari-talde berean egoan Bata (Sestao), behin “pitxitxi” sariduna eta 208 bider golegile beste horrenbeste partidatan. Gaur egun bardindu ezinezko errekorra dauka, ligako partida berean golik gehien egitearena (zazpi gol, Athletic Club 12 - Barcelona 1, 1930-31 denboraldian).

50 hamarkadako Athletic-en aurrelari-talde ahaztuezinak be sestaoar bi izan zituan, Venancio eta Panizo, Athletic-en mitoak biak be Zarra, Gainza eta Iriondogaz batera. Eurokaz batera jokatu eben Elicesek (Sestao) eta Lezamak (Barakaldo), azken hori taldeak inoiz izan dauen atezainik onenen artean Blasco, Carmelo, Iribar eta Zubizarretagaz batera.

Etura (Sestao) eta Canito (Barakaldo) be jokalari izan ziran hainbeste denporalditan 50 hamarkadako talde ahaztuezin haretan, “Once Aldeanos” ezinenaz ezagututakoan. 60 hamarkadan futbolari ezagunak ditugu, Txutxi Aranguren (Portugalete), Fidel Uriarte (Sestao) “pitxitxi” izan zana, Javier Clemente (Barakaldo), Nico Estéfano (Barakaldo) edo Víctor Marro (Balmaseda), Iribar atezainaren ordezko hainbat eta hainbat urtean.

Hirurogeta hamargarren eta larogeigarren hamarkadan 1983 eta 1984 urteetako Athletic txapeldunaren jokalari izango diran batzuk debutau eben: Urkiaga (Sestao), Sarabia (Abanto), Goikoetxea (Alonsotegi), Urtubi (Muskiz) edo Dani (Sopuerta/Sodupe), guztien oroimenean dagozanak eta Barakaldokoa zan Clementeren agindupean izan ziranak.

Azkenik, 90 hamarkadan eta XXI. mendearen hasieran hainbat jokalari aitatu geinkez: Luke (Barakaldo), Kike (Barakaldo), Corino (Zalla), Lafuente (Barakaldo), Eskurza (Trapagaran), Del Horno (Abanto), Uribarrena (Portugalete), Aizkorreta (Portugalete)… arrakasta gehiago edo gitxiago izan dabenak, eta danen artetik goraipatu behar dogun Julen Guerrero (Portugalete).


FAMILIA ZURI-GORRIA

Partiduaren hasierako txistua jo eta hantxe bildu dira Bizkai mendebalderengo familia zuri-gorriko hainbat ordezkari. Abellanedako batzarretxera hurreratu dira, besteak beste, Dani —“katedraleko” azken partiduan gertatu jakonaren osabidean—, Ismael Urtubi, Sergio Corino, Víctor Marro —Iribarren ordezko beti— jokalari ohiak, Mané entrenatzailea, Angel Gorostidi eta Yolanda Lázaro zuzendaritza-taldekoak eta Eva Ferreira nesken kapitaina; ekitaldian parte hartu dabe Javier Barrio Enkarterrietako Museoaren zuzendaria gidari eta Edorta Rodrigo.