Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek, Bilbon jokatuko diran hurrengo saskibaloi hitzorduen eragin ekonomikoa erakutsiko dauen txostena egiteko eskatu deutsie Aldundiari

Abellaneda

Abellanedan, 2013ko ekainaren 27an

Urteko garai honetan ohikoa danez Abellanedako Batzar Etxean egin dan Batzar Nagusietako osoko bilkurak mozino bat onartu dau, Aldundiari, hiru hilebeteko epean txosten ekonomiko bat egin daian eskatzeko. Txosten horrek, abuztuan Philadelphia 76ers taldeak jokatuko dauen NBA-ko partiduak eta, batez be, beharbada Estadu Batuetako taldeak beste bost selekzinogaz batera, jokatuko dauen munduko saskibaloi txapelketak, itxuraz, ekarriko dauen 22 milioi euroko itzulketa non gauzatuko dan, zenbatekoa izango dan eta zein sektoretan izango dauen jaso beharko dau”. Bilduk aurkeztu eta defendidu dauen mozinoa EAJ-PNV, Bildu eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeen aldeko botoakaz onartu da. Bizkaiko Talde Popularra (PP) abstenidu egin da.

Eztabaidan EAJ-PNV-k adierazo dau oposizinoak eskatzen dauen txostena “dagoeneko” eginda dagoala. Bertan esaten da kirol ekitaldi horreek biak ospatzeak Bizkaira ekarriko dauen onura “ondo aztertutako datuetan eta aurreikuspenetan” oinarrituta dagoala. EAJ-PNV-k Bilbao Basket taldeagaz sinatu dan kontratu barriagaz lotu ditu kirol ikuskizunok. Kontratu barri horren bitartez, Foru Aldundiak talde horregaz hurrengo hiru urteetarako hitzartuta eukan ordainketea, urtean 1,9 milioi eurokoa, aurreratu egin da. Diru hori aurreratzeak 500.000 euro aurreztea eragin dau, jeltzaleen berbetan, Bilboko taldeari aurton emondako kopurua 5,2 milioi eurokoa izan da eta. Horren truke, taldeak, sinatutako babesak galdu eta gero eukazan zor guztiak kitatu beharko ditu.

Oposizinoak eskaerea egin deutso Aldundiari, lurraldearentzat ustez ekarriko dituan “onurak” jasoko dituan azterlana aurkeztu daian. Aldi berean, Bilbao Basket taldeari emondako laguntzea eta kirol ekitaldiak banandu gura izan ditu. “Hori esatea inprobisautako atxakia baino ez da”, Irune Sotok, Bilduko bozeroaleak adierazo dauenez. Iñaki Egaña ordezkari sozialistaren eretxiz, Aldundiak “erreskate hori saldu egin eban”, talde bat ACB-n eukiteko. “Gauza biek ez daukie zerikusirik”, esan dau Esther Martínezek, PP-ko bozeroaleak, eta aukeraz baliatuz, galdetu dau ea foru aldundiak ordainduko dauen Estatu Batuetako selekzinoa azkenean Bizkaiko uriburura etorteko kontratuan agertzen dan 700.000 euroko kanona, eta Espainiako selekzinoak Bilbon adiskidantzazko norgehiagoka bat jokatzea onartuko dauen.

Halanda be, EAJ-PNV-k ezeztatu egin dau Bilbao Basket taldeagaz sinatutako hitzarmen barria talde horrek Bizkaiko ogasunagaz eukan tributu zorra parkatzea danik. Lorea Bilbao bozeroale jeltzaleak, José Luis Bilbao Aldun Nagusiak aurreko osoko bilkura batean esandako berbak gogoratu ditu. Aldundiaren betebeharra lortutako konpromisoak betearazotea da. Bizkaitarren mesedetan “ez da zorra parkatu, zor hori kobrau egingo dala ziurtatu da”, esan dau.


NEURRI BARRIAK GAZTEEN ENPLEGURAKO

Osoko Bilkurak PP taldearen mozino bat onartu dau. Mozino horretan eskaerea egiten jako Aldundiari, Aldundiak berak egin dauen eta 60 milioi euroko aurrekontua daukan 2012-2015 epealdirako martxan jarritako “Gazteen Enplegu Planeko neurri barriak” martxan jarri daizan. EAJ-PNV eta PP taldeek proposamenaren aldeko botoa emon dabe, eta Bildu eta PSE-EE abstenidu egin dira.

Gonzalo Zorrilla-Lequericak (PP) bere proposamena defendidu dau, bere eretxiz, Aldundiaren planak “ez ditualako helburuak betetan”. Izpiritu ekintzailea bultzatzeko eta gazteek “iges egitea” saihesteko neurri gehiago sartzea eskatu dau, izan be, bere datuen arabera, Euskadin 30.000 gazte langabetu baino gehiago dagoz. Jarduketen artean, Aldundiari, enpresak sortzeari laguntzeko aldaketa fiskalak bultzatzeko eta Europar Batzordeak finantzatutako programen barruan ekimen barriak sartzeko eskatu deutso.

EAJ-PNV ekimenaren alde agertu da, Amaia del Campo batzarkide jeltzalearen berbetan “dagoeneko martxan dagozan neurriak proposatzen diralako”. Batzarkide jeltzaleak gogoratu dauenez, Aldundiak “gazteen enpleguaren sustapenean” zentrau ditu bere indarrak legealdi honetan. “Lehentasuna da”, adierazo dau. Aldeko joerea bat dator planaren izpirituagaz, “eten barik aztertzen eta eguneratzen ari dan dokumentu bizia dalako”.

PSE eta Bildu taldeek, euren aldetik, gobernetan dauen lekuetan egiten ez dauena Bizkaian eskatzea eta proposatzea leporatu deutsie PP-ri. Alexia Casteloren (PSE) berbetan, PP-k “180.000 gazte langabetu baino gehiago sortu dituan” lan erreforma onartu dau. Sozialistek enplegua bultzatzeko egindako apustua, ekonomia bultzatzen daben, barrikuntzaren arloan lehiakortasuna sustatzen daben eta enpresak kanpora zabaltzea indartzen daben politikak garatzean oinarritzen da. Horrez gain, sozialisten eretxiz, koalifikazinorik ez daukien gazteentzat denpora partzialeko kontratuak sortu behar dira, eta enpresen, sindikatuen eta administrazinoen partaidetza izango daben eskualdeetako kontsejuak antolatu behar dira.

Bilduren ustez proposamen popularra “graziarik bako txantxa” da, talde horrek bultzatutako “gizartearen eta pertsonen kontrako” politikak diralako Espainiako Erresuman gazteen langabezia maila hainbeste igotzearen errudun nagusiak. “Gaixotasuna sortzen dabe eta gero besteei botikak banatzeko eskatzen deutsie”, esan dau Asier Vegak, koalizino abertzaleko batzarkideak.


DEFIZIT HANDIAGOA 3. LINEARAKO

Joan dan astean Gernikan egin zan osoko bilkuran egin eban moduan, José Luis Bilbao Aldun Nagusiak Bildu taldeari erantzun deutso,Aldundiak arau aldaketa bat proposatuko deutsela Batzar Nagusiei 2013ko zorpetze mugea aldatzeko eta, holan, hainbat proiektutan 27 milioi euro sartu ahal izateko. Kopuru horretatik, 15,4 milioi 3. linearen eraikuntza lanak arintzera bideratu ahal izango litzatekez.

Pausu hori emon aurretik Bilbaok garbi itxi dau kopuru horrek, Eusko Jaurlaritzagaz eta Eudelegaz, Bizkaiko lurraldean inbertitzeko adostutako 90 milioi euroko ekonomia bizibarritzeko funtsetik urtengo leukela, defizita handitzetik lortutako kopuruak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren eta Finantzen Euskal Erakundearen on ikusia lortu eta gero.

Bilduk egindako galderari erantzunez, Aldun Nagusiak argitu dau une honetan funts hori “ez dala existitzen”. “Asmoa” bano ez da. Bizkaiko Ganberak onartzen badau, Aldundiaren “lehentasunen” artean, “ikuspegi teknikotik posible diran baliabide guztiak” 3. linearen eraikuntzan aurrera egitera bideratzea egongo da.


SAN MAMES BARRIKO LAN BALDINTZAK

Aldun Nagusia barriro igon da Abellanedako Batzar Etxeko areto txikiko atrilera, San Mames Barriko langileen lan baldintzakaz erlazionauta Bildu taldeak egindako itaunari erantzuteko. Koalizino abertzaleak esan dauenez, 10, 11 eta 12 orduko lan jardunaldiak egiten dabez, eta euren soldatak “onartuezinak” dira. Bilbaok erantzun dauenez, San Mames Barria soziedadearen eta zelai barria eregiteko esleipenak dituen enpresen arteko kontratu guztiek “indarrean dagoan legedia” betetan dabe, eta Ogasunagaz eta Gizarte Segurantzagaz “egunean dagoz”. Aldundiko arduradun nagusiaren berbetan, Aldundiak ez dauka langile horreen osasunaren zainketaren arloko eskumenik.


TERAPIA GOIZTIARRENTZAKO LAGUNTZAK

Gaurko saioan Batzar Nagusiek atzera bota dabe, estimulazino goiztiarreko tratamenduen ondoriozko jarraipeneko terapiei aurre egiteko banakako laguntzen adina 6 urtetik gorako umeei zabaltzeko eskatuz PP-k aurkeztu dauen mozinoa. EAJ-PNV taldea adin hori zabaltzearen kontra azaldu da, bere eretxiz, zailtasunak daukiezan 0 eta 6 urte arteko umeek gaur egun jasoten dituen laguntzak zientzian oinarritutako datuetan dagozalako adin horreetara mugatuta. Ganera, talde politiko horren ustez, 6 urtetik gora laguntza horreekaz jarraitzeak ume horreen isolamendua eragin daike. Bildu eta PSE abstenidu egin dira bozketan.

Bilduren galderari erantzunez, Pilar Ardanzak, Gizarte Ekintzako diputatuak, esan dau Aldundiaren IV. Bardintasun Planak genero bardintasuna bermatzen dauela, diru laguntzak aurkezteko orduan. Adierazo dauenez, urtea bukatu baino lehenago, Aldundiak, bardintasunerako erespide horrek bete beharko dauen foru araudi osoa jasoko dauen Dekretua aurkeztuko dau.

Horren ostean, diputatuak Bildu taldeari erantzun deutso GUFEk 8.849 lan kontratu sinatu ebazala 2011n, eta 8.135 igaz. Amaia Agirresaroberen (Bildu) eretxiz, kopuru horreek erakusten dabe ez dagoala alderik ETT baten eta GUFEren artean. Esan dauenez, enpresa publiko horretan 13 urte baino gehiago daroezan langile batzuk “oraindino ordezkapenak egiten jarraitzen dabe”. Pilar Ardanzak adierazo dauenez, kontratu horreek 825 pertsonako lantaldeak behar dituan ordezkapenak betetan ditue.


BULTZADEA ENPRESEN SORKUNTZARI

Aldundiak 50 milioi euro inbertituko ditu 2012-2015 epealdian enpresak sortzeko plan berezian. Ekimen horren barruan, Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak, gogoratu dau bere departamentuak, langabezian edo baztertzeko arriskuan dagozan pertsonek enpresa txikiak sortzeko aldundiak bultzatu dauen “autoenplegu” programan izena emoteko 1.000 eskaera jaso dituala dagoeneko. Eskaintzak aurkezteko epea irailaren 30ean bukatzen da. Helburua, –diputatuak esan dauenez– gertu dago, helburu hori 1.200 eskaeratara heltzea zan eta.


JANIRE GALARRAGAREN AGURRA

Osoko bilkurari bukaerea emoteko, Janire Galarraga batzarkide sozialistari agur hunkigarria eskini jako. Galarragak Bizkaiko ganbera ixten dauela adierazo dau, batzarkide moduan 6 urte egon eta gero, etapa profesional barriari ekiteko. Goraino beteta egon dan aretoan entzundako berba zirraragarriak izan dira. Batzarkideez eta kazetariez gain, inguruko alkateak be bertan egon dira, José Mª Ignacio Iglesias Artzentalesekoa, Saulo Nebreda Urtuellakoa eta José Manuel Coterón Turtziozekoa.