Aurreko Albisteak

BEC-eko talka planari esker 1,7 milioi euro aurreztu dira gastu estrukturaletan

Batzordea

Bilbon, 2013ko ekainaren 26an

Bilbao Exhibition Centre (BEC) azoka lekuaren Lehiakortasunerako eta Iraunkortasunerako Planaren Bizkaiko Batzar Nagusien aurreko aurkezpena izan behar zena, helburu nagusi moduan azokaren finantza egoereari buelta emotea, 2016. urtean oreka operatiboa lortzea, eta azokaren etorkizuneko oinarriak ezartea dauen gida-agiri horrek izandako lorpenen sei hilebeteko balantzea bilakatu da. Berak eskatuta egindako agerraldian, Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak adierazo dau plan horrek aurreikusten dituan lehenengo talka neurriek 1,7 milioi euroko aurrezpena lortu dabela gastu estrukturaletan, eta EBITDA negatiboa %25 baino gehiago hobetzea lortu dauela 2011/2013 epealdian.

Planaren azalpen zabalean, Aldundiko arduradunak esan dau “BEC-ek etorkizuna daukala, eta kongresuen, ekitaldien eta erakusketen topaleku moduan etapa barriari ekin behar deutsala”. Imanol Pradalesek Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeko kideei azaldu deutse “azken hilebeteetako beharraren frutu moduan, BEC-ek 6 ekitaldi barri garatuko dituala”. Azoka lekuak Aerotrends jasoko dau urriaren 2an eta 3an; Fitmaq urriaren 1etik 4ra; Invexport, urriaren 2an eta 3an; BioCultura Bilbao, urriaren 4tik 6ra; BIME, azaroaren 19tik 23ra eta Expocosmética Bilbao, 2014ko martxoaren 15etik 17ra.

Ganera, BEC-ek “oihartzun handiko” kirol ekitaldiak jasoko ditu, datorren urriaren 6an jokatuko dan NBAko partidua, edo 2014an Munduko Saskibaloi Txapelketako egoitza izatea, adibidez. Arduradunak beharrean ari dira, Bizkaia Arenaren kudeaketea kanpora aterateko. Ganera, zazpigarren arteari be zabaldu deutsiez ateak. Abuztutik aurrera, “Gernika 33 días” filmaren ekoizleek azoka lekua zine plato moduan erabiliko dabe.


AKORDIOA ENPRESAREN ETA LANGILEEN ARTEAN

Oreka operatibora egin behar dan bidean, Imanol Pradalesek “BEC-eko Enpresa Batzordeak eta langile guztiek erakutsi daben esfortzua eta heldutasuna autortu dau, hau bezalako une gogorrean”. Batzar Nagusien aurrean, Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuak gogoratu dau joan dan astean 2013-2017 hitzarmen kolektibo barria sinatzeko akordioa lortu zala. Akordio horri esker bermatuta geratzen da lantaldeko 69 pertsonen enpleguaren egonkortasuna, azpiegiturak dauen soldata masaren %6,6ko murrizketa orokorra lortzen da, eta antolakuntza egitura barriaren etorkizuneko beharrak egokitzen dira.

Imanol Pradalesek Lehiakortasunerako eta Iraunkortasunerako Planaren zehaztasunak azaldu ditu. Abenduaren erdialdean martxan jarri zan Plan hori 2012an onartu eben BEC-eko aurreko Administrazino Kontsejuan egozan bazkide guztiek, eta kudeatzaile barriek baiezkoa emon eutsien 2013ko martxoan. Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuaren berbetan, plana “ardatz bitan egituratzen da batez be: lehenengoa, BEC-en negozio ereduari bide barria emotea, datozan urteetako beharretara egokitzeko; eta bigarrena, BEC-en epe laburreko bideragarritasuna eta oreka operatiboa bermatuko dituen talka neurriak izango dituan plana”.

Joan dan urtearen bukaeratik burutzen ari diran premiazko neurri horreen artean, Imanol Pradalesek hiru azpimarratu ditu: dagoan espazioaren alokairu-balorizazino errentagarria; langileen gastuen egokitzapena; eta kostu operatiboen hobekuntzea. Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuak emondako datuak kontuan izanda, orain urte bi alokatu ziran torreko solairu biei, maiatzean alokatutako beste solairu baten heren bi, uztailean alokairurako kontratua itxiko dan torreko beste solairu eta erdi, orain urtebete alokatutako biltegiaren 600 metro karratu eta aurtengo ekainean alokatu zan atariko bulego txiki bat gehitu behar jakez.

Pradalesek zenbakietan azaldu ditu BEC-en arrakasta nagusiak. Azokak “milioi bat bisitari baino gehiago jasoten ditu urtean, batez beste; 2005etik gaur egun arte 1.000 ekitaldi baino gehiago egin dira bertan; epealdi horretako eragin ekonomikoa 600 milioi eurotan dago ebaluauta; eta 2004tik 100 milioi euroko diru-bilketa eragin dau Euskadiko Ogasunean”.


BATZARRETAKO TALDEEN KRITIKA

Diputatuak berak azpimarratu dauen moduan, tonu nasaiagoa erabiliz, batzarretako taldeetako bozeroaleek Aldundiko ordezkariaren azalpen “zehatzak” azpimarratu ditue, eta azoka lekuari bultza egitearen alde agertu dira, Bizkaian aberastasuna eta enplegua sortzeko beharrezko azpiegiturea dalako. Dana dala, aurretik, gaur egungo finantza egoera txarraren errua, EAJ-PNV taldearen aurreko kudeatzaileena dala esan dabe. Oposizinoak Aldundiko arduradunari gogoratu deutso neurri horreek orain denpora asko hartu behar zirala. Plana “berandu” heldu da, esan dau Iñaki Egañak (PSE-EE).

Esther Martínezentzat, PP-ko bozeroalearentzat, gaur egungo egoereak “EAJ-PNV-ren kudeaketearen porrota” erakusten dau. Arazoa proiektuaren jatorrian dago, “dimentsionatze akats batean”. Bildu taldea be bat etorri da azken horregaz. Andoni Gezuraga batzarkideak sindikatuen arteko akordioa eta antolakuntza egituraren aldaketea azpimarratu ditu, zuzendari nagusiaren irudi barria aitatuz, eta “bide barriari ekiteko beharrezko aldaketak dirala” esan dau. “Emoten dau, azkenean, zer edo zer egiten ari dala”, adierazo dau, amaitzeko.

Beste alde batetik, batzorde berean, Foru Aldundiari Familia turismoa deritxana Bilbora eta Bizkaira erakarteko behar diran estrategiak eta azpiegiturak aztertzea eskatzen eutsan PP taldearen arauz besteko proposamena baztertu da. EAJ-PNV taldeak kontrako botoa emon dau, eta Bildu eta PSE-EE abstenidu egin dira.