Aurreko Albisteak

Olabeaga zabaldu danetik 18.000 ibilgailu baino gehiagok erabilten dabe egunero Juan de Garayko Bilborako sarbidea

Batzordea

Bilbon, 2013ko ekainaren 26an

Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak agerraldia egin dau Batzar Nagusien aurrean, Olabeagako erlaitza zabaltzeak Bizkaiko uriburura Juan de Garaytik sartzeko orduan izan dituan ondorioak azaltzeko. Bilboko sarbide hori 18.476 ibilgailuk erabili eben maiatzaren erdialdetik ekainaren erdialdera, aurreko urteko epe berean baino 6.000 ibilgailu gehiagok. Koalizino abertzaleak sarbide horrek izan dauen ibilgailu kopuruaren igoereari eta San Mameseko sarbideak zabaldu eta gero trafiko horreek astirotzeko Aldundiak aurreikusitako neurriei buruzko datuak eskatu ditu.

Garamendik azaldu dauenez, Juan de Garay zabaltzea ez da modu “inprobisauan” egin, oposizinoak salatu dauen moduan. “Ez da kapritxo bat izan”, adierazo dau. Barriro zabaltzea “beharrezkoa zan”, eta bere sailak, Bizkaiko uribururako beste sarbide batzuetan “trafiko gitxiago” egotea bilatzeko agindu dauen txostenean agertzen diran errazoi “teknikoetan” oinarritu da. Horreen artean dago erabiltzaile askok urira Ekialdeko Saihesbidetik sartzeko erabilten daben Miribillako arteria nagusiak erakusten dauena, une honetan, egunero “3.528 ibilgailu gitxiago” igaroten dira eta.

Oposizinoak gogoratu dauenez, Juan de Garayko sarbidea zabaltzeko erabagia, Olabeagako erlaitza zabaltzeak urira sartzeko eta bertatik urtetako orduan izango eban trafikoko eragina ezagutzeko azterlanaren ondorioen araberakoa izan behar zan. PSE-EE-k “arazoak” aurreikusi ditu Bizkaiko uriburuko sarbideetan, krisialdi ekonomikoaren ondorioz galdu diran trafikoak berreskuratzen diranean, bere egunean Santo Domingoko Gaina bikoizteko lanak ez egiteagaitik eta Ekialdeko Saihesbidea ez bukatzeagaitik.


GEREDIAGA-ELORRIO ARDATZA

Foru diputatuak Herri Lan eta Garraioetako Batzordean azaldu dauenez, Gerediaga-Elorrio ardatzaren lanek %2,34ko aurrerapena eukien apirilaren 30ean, aurreikuspenen arabera lanek egun horretan %3,11ko aurrerapena izan behar eben arren. Aurrekontu osoa 318 milioi eurokoa da, eta orain arte 5 milioi euroko lanak egin dira. Garamendik onartu dauenez, atzerapen “txikia” dago obren burutzapenean, “urteko lehenengo hilebeteetan eten barik izan doguzan eurite indartsuak dirala eta”. Halanda be, esan dauenez, “behar besteko tartea” dago, lan guztiak, joan dan urteko urriaren 28an hasi zan 43 hilebeteko epean egiteko.

Bere txandan, Bilduk salatu dau lan horreen esleipena daukan enpresak ez dauela betetan 6,4 kilometroko luzera dauen eta zati handian tunel barruan doan errepide horren burutzapenaren barruan sartzen dan Ingurumen Zainketarako Planaren parte bat. Aitor Torrek, batzarretako talde horren ordezko bozeroaleak, adierazo dau lana egiten ari dan enpresak ez deutsazala astero emon beharreko txostenak emoten Aldundiari, eta ez dituala “gurpilak garbitzeko” guneak eta dekantazinorako baltsak instalau, besteak beste. Bere sailari gai horreei buruzko kontrol “zorrotzagoa” eskatu deutso. Halanda be, foru diputatuak guzurtau egin dau hori. Garamendik adierazo dauenez, enpresek, ezarritako kontrol “guztiak” betetan dabez. “Egindako azterketetan ez da ezelango arazo berezirik aurkitu”, erantzun dau.


WIFI BARIK METROAN

Saio horretan bertan, batzarretako taldeek, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) Bilboko Metroaren ibilbidean eta geltokietan wifi zerbitzu “librea eta doakoa” instaletako aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat eztabaidatu dabe. Jesús Isasi lur azpiko trenean teknologia hori garatzearen alde agertu da, lur azpiko tren “bikaina lortzeko”. Bere eretxiz, hori egitea “erraza” da, eta kostua “oso txikia”. Teknologia hori dagoeneko badaukien Tokioko eta New Yorkeko metroak jarri ditu adibide moduan.

Ganerako taldeek ez dabe hain argi ikusi wifi sistemea lur azpiko trenaren erabiltzaileek eskatzen daben gauza danik. Bilduk esan dau inbertsino hori ez dagoala justifikauta, eta gitxiago oraindino krisi garai honeetan. Euren eretxiz askoz garrantzitsuagoa da “segurtasunari eta metroa zabaltzeari lehentasuna emotea”, 3. linea eta trazaua Galdakaoraino luzatzea aurrean dagozan une honetan. PSE taldeak be ez dau argi ikusten horren beharra, metroan internet konexinoa erabiltearen batez besteko denpora “5 minutukoa” da eta, Joaquín Colmenero batzarkideak esan dauenez, metroak egindako txosten baten datuetan oinarrituz. Talde horrentzat be hori ez da lehentasuna.

EAJ-PNV-k azpimarratu dau Bilboko Metroa beti egon dala teknologia barrietara zabalik. Gogoratu dauenez, Bilboko Metroa aitzindaria izan zan 1998an trenetan eta geltokietan telefono mobikorrentzako estaldura jarten. Halanda be, uste dau gaur egungo wifi sistemek ez dabela aukerarik emoten seinalea ondo hartzeko, “orduko 80 kilometro baino gehiagoko” abiaduran doazan trenetan. Ez dabe argi ikusten geltokietako erabiltzaileentzat mesedegarria danik be, bidaiariek itxaron behar daben denporea 5 minututik beherakoa da eta. Nerea Ahedo batzarkide jeltzaleak uste dau “oztopatu egingo leukela” pertsona gehiago batzeko diseinauta ez dagozan instalazinoetako joan-etorria.

Azkenean, PP taldearen ekimenak ezezkoa jaso dau, EAJ-PNV-ren kontrako botoagaz, Bildu eta PSE-EE taldeen abstentzinoagaz eta PP-ko ordezkarien aldeko botoagaz.


TXIRRINDULARIEK KASKOA ERABILTEA URI BARRUAN

Hasera batean, uri barruko bideetan bizikletan doazan erabiltzaileek kaskoa erabili beharra ezarteko DGT-ak egin dauen proposamenaren kontrako jarrerea ikusi eitekean arren, Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak, azkenean, Diputatuen Kongresuan gaur osatu dan ponentziaren ondorioak itxarotea erabagi dau, neurri horren aldeko eta kontrako errazoiak eztabaidatu ahal izateko. PSE-EE taldeak planteau dauen arauz besteko proposamenean Espainiako Gobernuari eskaerea egiten jako erabiltzaileen eta bizikleta erabiltearen aldeko alkarteen eretxiak kontuan hartu daizan. Eretxi horreetan, segurtasun neurri aktiboak bultzatu behar dirala jasoten da, txirrindularien istripuak prebenitzeko.

PSE-EE, PP eta Bildu taldeen aldeko botoakaz eta EAJ-PNV-ren abstentzinoagaz onartu dan testuaren idazketan modu positiboan baloretan da Zirkulazinorako Araudi Orokorraren idazketa barriak trafikoa lasaitzea eta bideko segurtasuna eta bizikletaren erabilera sustatu beharra azpimarratzea. Kasu honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiak, bizikletek erdiko errailetik zirkuletearen alde azaldu dira, noranzko bakotxean zirkulazinorako errail bakarra daukien hiri barruko errepideetan txirrindulariek segurtasun gehiago euki daien.


TRAFIKOKO KAMERAK OLABEAGAN

Batzordeak ezezkoa emon deutso PP taldearen arauz besteko proposamenari, Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak Olabeagako Erlaitzeko trafiko kamerek tunelean hartutako irudiak bere web gunean “eskegiteko”. Ekimenak EAJ-PNV taldearen kontrako botoa jaso dau. Talde horren eretxiz, Bizkaimovek errepideko zati horri buruzko informazino “zabala eta zehatza” eskintzen dau, sarbide barriaren “inguruan” dagozan 3 kamera digital barrien bitartez.