Batzar Nagusiek, Aldundiak zientzialariakaz eta abeltzainakaz alkarlanean aritzearen aldeko apustua egin dabe, hegazti sarraskijaleen portaeraren inguruan "txarto ulertuak saihesteko"

Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak aho batez onartu dau gaur goizean, Foru Aldundiari, abeltzainakaz eta zientzialariakaz “alkarlanean” aritu daian eskaerea egiten deutsan arauz besteko proposamena, hegazti sarraskijaleek ganaduagazko daben portaerearen inguruko txarto ulertuak saihesteko. Ganera, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztu dauen ekimenean gonbidapena egiten jako Nekazaritza Sailari, abeltzaintza ustiapenetako jaubeen interesak “babes” daizan. Ekimenak PSE-EE taldearen zuzenketa-eskea jasoten dau, Bizkaiko admnistrazinoak abeltzainei “aholkularitzea emon deion”, hegazti sarraskijaleen frogatutako eraso baten ondorioz animaliaren bat hilten bada.
Batzarretako taldeak bat etorri dira hegazti sarraskijaleek lurraldearen oreka naturala gordeteko eta animalien gorpuak usteltzearen ondorioz sortu daitekezan osasun arazoak saihesteko daukien garrantzia azpimarratzeko orduan. Batzordeak hegazti horreen portaera naturala azpimarratu dau, 2001ean, “behi zoroen” gaixotasunaren ondorioz, Europar Batzordeak saien “jantokietan” gorpuak ixtea debekau eta gero. Horrek eragin handia izan eban hegazti horreen populazinoetan, elikadurak jaitsiera nabarmena izan eban, eta horrek, aldi berean, eragin “garrantzitsuak” izan ebazan hegaztien portaeran.
Abeltzain gehienek hegazti horreei leporatutako ondorioetako bat “derrigortutako goseari” buruzkoa da, proposamenaren justifikazinoan adierazoten danez. Janaririk ez egoanez, aldaketea gertatu zan saien portaeran, eta bizirik egozan animaliei eraso egiten hasi ziran. Halanda be, adituek adierazoten dabenez, salatutako kasuetan animaliak hiltearen zergaitiak ugariak eta konplexuak izan daitekez. Ildo horretan mobidu dira gaur ordezkari politikoak, eta, esan dabenez, eraso horreetako “%80 eta %90” artean, kumeak izan barri dituen animaliei egindakoak dira, Arturo Aldecoak (PP), Aldundiak emondako estadistikaren datuak erabiliz adierazo dauenez.
Batzarretako taldeak alkartu egin dira, iraganean informazino horreekaz sortu zan gizarte mailako alarmea saihesteko eta, Aldecoaren berbetan, hegazti sarraskijaleak “ez dirala arazoa, gure lurrentzat benetako bedeinkapena baino” adierazoteko, noizean behin baserritar batzuentzat galera ekonomiko “garrantzitsua” eragiten badabe be. Galera horreek Administrazinoak “konpentsau behar ditu”.
BASE GORRIAREN URTEKO BALANTZEA
Base Gorria izeneko foru zerbitzuan ari diran basoetako 17 guarda-zaindariek mota guztietako 12.682 kontsulta erantzun ebezan 2012an. Guztien artean, suak egiteko baimenak (4.966) eta hildako animalien gorpuak jasotzeko eskaereak (6.048) izan ziren gehienak, eta horreen ostean fauna zinegetikoaren ondoriozko kalteak, animaliak batzea eta suteen alertak etorri ziran, Irene Pardok Nekazaritzako foru diputatuak, PSE-EE taldeak eskatutako agerraldian, adierazo dauenez.
Egoitzea Lezaman daukan foru zentro horrek 30 urte beteko ditu datorren urtean, eta Bizkaiko medio naturala babesteko hainbat zerbitzu eskintzen ditu. Bere esku behar bat baino gehiago daukan arren, 1984an komunikazino zentro gisa sortu zanetik hori da gaur egun be Base Gorriaren betebehar nagusia. Diputatuak azpimarratu dau, baita, zaintzarako leku horrek suteen kontrako laguntza talde eta koordinatzaile moduan egiten dauen beharra. Horrez gain, baserritarrei sastrakak erretako baimena emoten deutse, meteorologia baldintza txarren aurrean babes zibileko beharrak egiten ditu, parke naturalak zaintzen ditu, kontrol barik dabilen ganaduaren aurrean behar egiten dau, animalien gorpuak erretiretea edo zauritutako animalia basatiei emon beharreko laguntzea koordinetan dau, eta erreketara egindako isurketen kontra aritzen da.
LURRAK BASERRITAR GAZTEENTZAT
Saio honetan, Arturo Aldecoak, PP-ko ordezkariak, nekazari eta abeltzain propietario jubilatuei emon beharreko konpentsazino estrategien bitartez lurrak baserritar gazteei ixteko mekanismoak bideratzeko “plan” bat aurkezteari buruzko arauz besteko proposamena erretiratu dau. Taldearen asmoa, Batzar Nagusietan ahalik eta adostasun mailarik handiena lortzea da, sei hilebeteko epean, enplegua sortuko dauen eta ingurumena eta nekazaritza inguruetako paisaia babestuko dauen proposamena “kontu handiz” lantzeko.
HITZARMENA ETB-KO “SUSTRAIA” PROGRAMAGAZ
Bukatzeko, batzordeak aho batez berretsi dau Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Euskal Irrati Telebistaren (EITB) arteko lankidetzarako hitzarmena, 2013. urterako “Sustraia” programaren 30 kapitulu barri ekoizteko. Hitzarmenak 48.331 euroko kostua izango dau Bizkaiko Aldundiarentzat.