Batzar Nagusiek, Bizkaiko udal "guztiek" terrorismoaren biktimei omenaldia egitea adostu dabe

Bizkaiko Batzar Nagusiek, “Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Erreparazinorako 4/2008 Legean ezarritakoa betez, orain arte hori egin ez daben Bizkaiko udal guztiei, euren udalerrietan eraildako terrorismoaren biktimei omenaldia eta aintzatespena egitea” eskatzen dauen PP taldearen Arauz Besteko Proposamena onartu dabe gaur goizean. Gernikan burutzen ari dan Batzar Nagusien osoko bilkuran onartu dan ekimenean, udalei biktimen senideen edo alkarteen laguntzea eta partaidetzea eskatzea be planteau jake.
Batzarretako talde popularrak bere ekimenean gogoratu dauenez, Eusko Legebiltzarrak onartutako Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Erreparazinorako Legeak, bere 5.3. artikuluan, biktimakaz eta biktimak alkartzen dituen alkarteakaz lankidetzan, halan danean, omenaldi ekitaldiak, oroitzapeneko monumentuak, aitorpena bilatzen daben herri mailako ekimenak eta terrorismoaren biktimakaz enpatia bultzatuko dirala esaten dau.
Popularrek, lege horregaz lortutako adostasuna, eta bere egunean, gaur egun Bildu barruan dagoan Eusko Alkartasuna alderdiak emon eutsan babesa azpimarratu ditue. Holan, adierazo dau, udalerri askotan agindua bete bada be, oraindino Bizkaiko 23 udalerritan ez da hori egin.
PSE-EE zein EAJ-PNV taldeak ekimenaren alde agertu dira, eta Bildu abstenidu egin da. Koalizino abertzaleak adierazo dau ez dagoala holango omenaldiak egitearen kontra, baina bere eretxiz ezinbestekoa da “indarkeria mota guztiek” eragindako biktimei aitorpena adierazotea eta erreparazinoa erakustea. Halanda be, uste dau ekimen honegaz beste biktima batzuk “baztertuta eta alboratuta” sentidu daikezala. Hori dala eta, abstentzinoa erabagi dau.
27 MILIOI 3. LINEA ETA ERMUKO SAIHESBIDEA ARINTZEKO
Batzarretako osoko bilkureak hartutako beste erabagi batean, Eusko Jaurlaritzagaz adostutako Ekonomia Bizitzarritzeko funtsa Metroaren 3. linea eta Ermuko Saihesbideko lanen hasierea finantzetara bideratzea eskatu jako Bizkaiko Foru Aldundiari.
José Luis Bilbao Aldun Nagusiak hartu dau berbea puntu horretan, funts hori “ez dala existitzen” argitzeko. Oraindino hainbat pausu emon behar dituan “asmoa” baino ez da. Adierazo dauenez, Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Eudelen arteko akordioak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren on ikusia behar dau lehenengo eta, horren ostean, Finantzen Euskal Kontseiluaren onespena.
Bilbaok adierazo dauenez, hori onartu eta gero, Aldundiak 2013ko aurrekontuen zorpetzeko mugea aldatzeko arauzko proiektua aurkeztuko dau Batzar Nagusien aurrean, holan “27 milioi euro” sartu ahal izateko. Bizkaiko Ganberak hori onartzen badau, Aldundiaren “lehentasunen” artean, diru hori 3. linearen eraikuntzara bideratzea dago, “alde teknikotik posible dan neurrian”, eta “horretarako aukerarik badago”, Ermuko saihesbideko lanak hasteko be erabili daiteke.
ARTXANDAKO TUNELEN DOAKOTASUNAREN KONTRA
Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Foru Aldundiak Artxandako tunelak “doan” zabaltzeko Aldundiari egindako eskaerea. Bilbora sartzeko dagoan ordaindu beharreko sarbide bakarraren doakotasunak “zirkulazinoaren joan-etorriaren banaketea eta erregularizazino hobea eta egokiagoa ekarriko leuke”, ekimena aurkeztu dauen PSE-EE taldearen eretxiz. Artxandako tunelak ordaindu beharra “oztopoa” da sarbide hori erabilteko, eta beste sarbide batzuk “larregi betetea” eragiten dau, Joaquín Colmenero batzarkide sozialistak adierazo dauenez.
PP be oztopoak kentzearen aldeko agertu da, Aldundiak “emakidea berreskuratu” eta gero, batez be. Bildu abstenidu egin da, ekimen hori Europa mailako garraio politiken kontra dagoala uste dauelako. Politika horreek mobikortasun iraunkorragoak diseinetea eskatzen dabe. Tunela doan izateak ibilgailu pribaduaren erabilerea bultzatuko leuke, Asier Sanzen, batzarkide abertzalearen, berbetan.
EAJ-PNV taldeak ezeztatu egin dau Artxandako tunelak berreskuratzea “erreskatea” izan danik. Tunelak “publikoak dira, 65,3 milioi euroren truke, eta orain 11 urte 105 milioi kostau jakuzan”. Berreskuratzea “arrazoizkoa” izan zan, baina doakotasuna “ez da jasangarria”, adierazo dau Nerea Ahedok. Ganera, hesia altxatzen bada, hamabost langilek euren lanpostua galduko dabe. Batzarkide jeltzaleak, bere egunean onartu eben foru araua aldatzeko izapideari hasierea emoteko eskatu deutse doakotasuna gura daben taldeei.
NAGUSIEI ERAGINDAKO TRATU TXARREI BURUZKO ITAUNA
Pilar Ardanzak, Gizarte Ekintza Diputatuak batzarren aurrean adierazo dau Aldundiak ez dauela Bizkaian pertsona nagusiei eragindako tratu txarrik dagoan segurantziarik jaso. Hori da, behintzat, Gizarte Ekintza Sailak eta Bizkaiko Sendagileen Elkargo Ofizialak egindako kontrolak erakusten dauena. Kontrol hori, III. mailako mendekotasuna daukien nagusi horreek bizi diran 3.928 etxebizitzatan egin da.
Ardanzak azpimarratu dauenez “ezin daiteke baztertu” holango kasurik egoterik, baina egindako azterketetan “ez dogu holangorik hauteman”. Pertsona nagusiak “ondo zainduta” dagoz. “Bisitatan” ez da hauteman tratu txar egoerarik, adierazo dau. Aldundiko arduradunak holan erantzun deutso PSE-EE taldeak egindako itaunari. PSE-EE taldeak, Euskadin 60 urtetik gorako 5.000 pertsonak euren zaintzaileen tratu txarrak jasoten dituela salatzen dauen txostena erabili dau itauna egiteko.
Ardanzak egiaztau dauenez, Aldundiak, mendekotasunaren legean batzen diran laguntza publikoak jasoten dituen nagusien kontrol prozesuagaz jarraitzen dau, eta 2013ko urrian, II. mailako laguntzea jasoten daben eta mendekotasuna daukien pertsonen azterketak amaituta egotea aurreikusten da. Bizkaian “4.927” dira.
KATASTROA EGUNERATZEA
Osoko Bilkuran, 2014ko urtarrilean lurraldeko katastro balio barriak aurkeztea“oso gatxa” izango dala onartu dau Aldundiak. Hori egin ahal izateko, Foru Ogasunak, Bizkaiko 112 udalerriek ezarri behar dituen ponentziak eta tipoak prest izan beharko leukiez ekainean, eta, aurreikusten danez, “ez deusku horretarako denporarik emongo”. José María Iruarrizaga Ogasuneko foru diputatuak jakinarazo dau katastroa eguneratzeko beharra “bizirik” dagoala, eta hori ezin izan dala bete, Aldundiak, informazinoa bialtzeko epea zabaltzea eskatzen daben Bizkaiko udalerrien “osoko bilkuretako akordioak” jaso ditualako.
Diputatuak holan erantzun deutso Bildu taldeak aurkeztutako itaunari. Itaun horretan adierazoten zan katastroa barrikusteko prozeduragaz lotutako beharrak amaituta egon behar zirala honezkero. Bizkaia da “hamarkadatan katastroa eguneratu ez dauen lurralde bakarra”, salatu dau Andoni Gezuragak, koalizino abertzalearen ordezko bozeroaleak. Katastroa eguneratu barik egoteak egoera “bidebakoak” eta udalek diru “gitxiago” jasotea eragiten dau, “egoera txarragoan dagozan une honetan, hain zuzen be”, adierazo dau.
ZUGAZTIETAKO ESKULTUREN PARKEA
Aldundiak adierazo dau 2007an, Zugaztietako (Trapaga) foru lurretan 17 eskultura “jarteko” baimena emon eutsala Meatzalde Goikoa Kultur Alkarteari. Iosu Madariagak, Ingurumeneko Foru Diputatuak, PP-k egindako itaunari erantzun deutso, Aldundiak ez deutsala “lurrik laga” alkarte horri, 600.000 metro karratuko azalera osoan 160 metro hartzen dituen eskultura horreek instaletako baimena baino. Eskulturen parkea “publikoa” da, eta erantzukizun zibileko asegurua dauka, argitu dau Madariagak. Diputatuak adierazo dauenez, kontratuaren luzapena “modu automatikoan” egiten da urtero, 30 urtetarako gehienez, hau da, 2037ko urriaren 8ra arte”.
Halanda be, PP-k uste dau alkarte hori “txiringito” bat dala, eta lur horreek proiektu pribadua aurrera eroateko erabili dituala. “Aldundiaren eskutik 75.000 euro jaso ebazan, argazkiak baino ez dituan txosten bat dala eta”, salatu dau Arturo Aldecoak (PP), agiri hori eskuetan eukala. Meatzalde Goikoa Kultur Alkartearen kontabilidadean agertzen danez, “urteren baten”, “gastautakoa baino hiru bider gehiago jaso eban”, esan dau.
Madariagak ezeztatu egin dau “Zugaztieta kasurik” existitzen danik. “Dana kontrolpean dago”. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, eskulturen parkeak ez deutso “ezelango irabazirik emoten hori sustatzen dauen alkarteari”, eta parke horrek Aldundiaren eta Trapagako Udalaren laguntzea dauka. “Oso ekimen positiboa” da eskualdearentzat eta Bizkaia osoarentzat. Kultur azpiegitura horrek 1.600 bisita ekarri zituan igazko udan.
GOBERNUKO ORDEZKARITZA DESAGERTZEAREN KONTRA
Bizkaiko Batzarretako osoko bilkurea Gobernuko Ordezkaritza eta Ordezkariordetzak desagertzea eskatzearen kontra agertu da. Bildu taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenean, Espainiako Gobernuaren esku dagozan erakunde horreek, Euskadiko erakundeek modu librean eta demokratikoan hartutako erabagien kontra edo erakunde horreen borondatearen kontra dagozan erabagiak inposatzeko daukien legitimidadea ez onartzea eskatzen zan. Ekimena baztertu egin da, PSE-EE eta PP taldeetako ordezkarien kontrako botoakaz, EAJ-PNV taldearen abstentzinoagaz eta Bilduren aldeko botoagaz.
Halanda be, proposamen hori dala eta, eztabaidea, Gobernuak gaur egun Euskadin dauen ordezkariarengan, Carlos Urquijorengan, zentrau da. Jon Andoni Atutxa batzarkide jeltzalearen berbetan, alderdien eta erakundeen artean gatazkak sortzen dituan pertsona da, eta “saltsa guztietan egon behar dan perrexila” da. Halanda be, bere taldea abstenidu egingo dala adierazo dau, eta hori beharrezkoa izan da proposamenak aurrera egin ez daian, proposamena onartzeak “protagonismo gehiago” baino ez leuskiolako emongo. PP-k proposamenari protagonismoa kendu gura izan deutso, eztabaida “faltsua” dala esanez. PSE-EE taldea, barriz, proposamenaren kontra agertu da, Gobernuko Ordezkariaren irudia Konstituzinoan jasoten dala adierazota.
ABORTUAREN LEGE BARRIAREN KONTRA
Goizeko saioa amaitzeko, PSE-EE taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bat onartu da. Bertan, Batzar Nagusiak, sexu eta ugalketa osasunari eta haurdunaldiaren borondatezko eteteari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoan Gallardón ministroak iragarritako aldaketen kontra agertzen dira, eta horrek ekarriko leuken atzerapena adierazoten dabe. EAJ-PNV, Bildu eta PSE-EE taldeen eretxiz, demokrazian emon dan askatasunen eta eskubideen “atzera pausu handiena” izango litzateke.
Proposamena talde horreen aldeko botoakaz eta PP-ren kontrakoakaz onartu da, eta askatasunean erabagitako amatasunerako eskubidea autortzen dau. Horrek, beste gauza batzuen artean, emakumeek euren haurdunaldiari buruzko erabagiak hartzea eta gurata eta arduraz hartutako erabagi hori errespetetea eskatzen dau. Espainiako Gobernuari gogoratu deutsie “Konstituzinoak ez-konfesionaltasuna aldarrikatzen dauela, eta, hori dala eta, edozein erlijinotan oinarritutako moral baten araberako amatasun librerako eskubidean egin daitekean edozein aldaketa baztertzen dauela”.
BATZAR NAGUSIEK SESTAOKO IBAR ZAHARRA ENPRESA PARKEAREN JARRAIPENA ESKATU DABE
Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gernikan burutu dan osoko bilkuran, PSE-EE taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena onartu dabe gaur arratsaldean, Espainiako Gobernuari, Sestaoko Ibar Zaharra Enpresa Parkea martxan jartea posible egiteko egin behar diran “lan eta jarduketa guztiakaz” jarraitu daian eskatzeko. Alexia Castelo batzarkide sozialistaren berbetan, proiektu horrek “gaur egun” urtebeteko atzerapena dauka. Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bildu taldeak ekimenaren aldeko botoa emon dabe. PP abstenidu egin da.
PSE-EE-k adierazo dauenez, Ibar Zaharrak 20 milioi euroko inbertsino publikoa jaso dau, lau Administrazinoren artean banatuta (Estaduko Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Sestaoko Udala). Administrazino horreek, enpresa barriak erakartzeko gunea sortzeko beharrean ari dira 2007. urtetik, Trapaga eta Sestao artean dagoan gunean, “enplegurako aukerak” sortzeko asmoz. Inbertsino horretako zortzi milioi euro soziedadearen kontuetan “atxikita” dagoz, Rajoyren gobernuko kontseilari barriek ekonomia indartzeko proiektua geratu dabelako, batzarkide sozialistak salatu dauenez.
PP-ren eretxiz, 2007an martxan jarri zan proiektua “ia amaituta egon beharko litzateke”. Beharbada “beste erakunde batzuei be begiratu behar jake, ez Gobernu Zentralari bakarrik”, adierazo dau PP-ko Eduardo Andrések. Rajoyren gobernua proiektu “bideragarria” bultzatzeko prest dago, baina aldaketa batzuk sartuta. Hasteko, batzarretako talde popularrak esan dau soziedade horrek dagoeneko milioi bat euro gastau dituala, beste gauza batzuen artean, Bilbon bulego bat errentan hartzeko, hilean “3.000 euro” ordainduz, eta “120.000 euroko soldatatzarrak” dituen hiru pertsona kontratetako.
Soziedade horrek “jarduketa guztiak geratu ditu, baita proiektuen idazketea be, egindako inbertsinoa handia izan dan arren”, gogoratu dau Castelok (PSE-EE). Batzarkide sozialistak salatu dauenez, Estaduaren esku dagoan SEPIDES soziedadeak, emondako diruaren parte bat itzultzea be eskatu dau. Aldi berean, Castelok esan dau Ibar Zaharrak lokal barria daukala, merkeagoa, eta soldatak ez dirala esandakoak.
EZEZKOA EUSKO JAURLARITZAKO KONTZERTAZINO MAHAIA DEITZEARI
Batzar Nagusiek ezezkoa emon deutsie Foru Aldundiak, beragaz kontratuak dituen enpresa guztiei “hitzarmen kolektiboen ultra-jarduera errespetetea eta hitzarmen barria sinatu arte hitzarmen horreek langileei bermatzen deutsiezan baldintzak apliketea” agindu beharrari. PSE-EE taldearen ekimenean, Eusko Jaurlaritzari sindikatuakaz eta patronalagaz Kontzertazino Mahai bat atoan deitzea eskatzen jakon, Euskadiko negoziazino kolektiboa bultzatzeko eta indarrean dagozan hitzarmen kolektibo askoren indarraldia galtzea saihestuko dauen akordioa lortzeko, Gobernu Zentralak lan erreforma apliketearen ondorioz. Bozketak aldeko 9 boto jaso ditu (PSE-EE), kontrako 18 (Bildu eta PP) eta 19 abstentzino (PNV).