Aurreko Albisteak

Ariztondok "museoak bere burua barriro asmatzearen" aldeko apustua egiten dau, Guggenheim museoak, kultur erakunde bikain moduan nazioarte mailan daukan ospeagaz jarraitu daian

Batzordea

Bilbon, 2013ko ekainaren 20an.

Euskadiko erakundeek eta New York-eko Solomon R. Guggenheim Fundazinoak Bilboko Guggenheim Museoaren ustiapenerako hitzarmena barriztetako sinatu behar daben akordioa gogoratu da gaur barriro Bizkaiko Batzar Nagusietan. Josune Ariztondok, Kulturako Foru Diputatuak, PP-k eskatuta Bizkaiko Batzarretako Kultura eta Euskerako Batzordearen aurrean egin dauen agerraldian azaldu dauenez, “proposamen zirriborroak” Guggenheim Bilbao Museoak (GBM) “bere burua barriro asmatzeko, eta kultur erakunde bikain moduan nazioarte mailan daukan ospeagaz jarraitu ahal izateko” daukan bokazinoa jaso beharko dau. Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, Euskadiko erakundeek aurrean daukien erronka “bikaina da”, eta 2014ko abenduaren 31 baino lehenago kudeaketa kontratua barriro negozieteak, “lehen mailako kultur azpiegitura estrategikoagaz jarraitzeko aukera zabaltzen deusku”.

Bere agerraldian, Ariztondok New Yorkeko Fundazinoagaz izandako 19 urteko harremana aztertu dau, eta bere berbetan oso “arrakastatsua” izan da. Denpora horretan, beste gauza batzuen artean, GBM-ek Guggenheim sarearen barruan izan dauen lekuari esker artelanak eta erakusketak trukau ahal izan ditu sareko zentroen artean edo nazioarte mailan ospe handia daben beste museo batzuekaz.

Ustiapenari buruzko balantze hori egiteko orduan, Ariztondok zifra ugari erabili ditu, eta bere berbetan, zifra horreek, Bilboko museoak, “ia inork zalantzan jarten ez dauen” lekua, nortasuna eta nazioarteko ospea lortu dituala erakusten dabe. Bertako bildumak 128 artelan ditu, eta Christie´s agentziak adierazo dauenez, horreen arteko 124 artelanen balioa 443 milioi eurokoa da, inbertsinoaren balioa baino lau bider gehiago. Diputatuak artelan horreetako askoren euskal izaerea azpimarratu gura izan dau, artelanen “%30”, esan dau.

Ia bi hamarkadatan, Bilboko Guggenheim museoak 131 erakusketa antolatu ditu, bere bilduma lanakaz antolatutako 62 erakusketa eta aldi baterako 69 erakusketa, eta sare amerikarraren bildumako ia 1.500 artelan erakutsi ditu. Museoko jarduera horrek 15 milioi pertsona baino gehiagoren bisita ekarri dau. Gogoratu dauenez, hiru bisitaritatik bi atzerritarrak izan dira, eta 150.000 euskaldun joaten dira urtero museora.

Hezkuntzaren arloan, museoak presentziazko 34 hezkuntza programa antolatu ditu, eta 120.000 pertsonak hartu dabe parte. Ikastetxeetako 400.000 ikasle baino gehiago joan dira bertan antolatutako programa pedagogikoetara. Zifra horreen guztien artean, Ariztondok museoaren eredu iraunkorra be aitatu dau, bertako batez besteko autofinantzaketa maila %70ekoa dalako. Kopuru hori lortzeko orduan oso garrantzitsuak dira 2012. urtearen amaieran museoak izan dituan 16.000 adiskideak eta 112 kide korporatiboak.

Diputatuak bukaerarako itxi ditu museoaren eragin ekonomikoak. Euskadin sortutako gastu zuzena 3.173 milioi eurokoa izan da, eraikuntza lanen kostua baino 37 bider gehiago. Guggenheimek 457 milioi euroko diru-sarrera gehigarriak ekarri ditu Euskadiko ogasunetara, eta urtean 4.500 lanpostu inguru sortu ditu.

Emondako datuak kontuan izanda, Ariztondok gogoratu dau “orain akordioaren barriztapena negozietako ordua dala, barrikuntzari, arte eta kultura prozesuen ezagutza sortzaileari, sare globalizatuei eta euskal nortasunari begiratuta”. Azaldu dauenez, hori guztia eten barik aldatzen ari dan eta gero eta lehiakortasun handiagoa dauen testuinguruan egin beharko da.

Oposizinoko taldeak bat etorri dira diputatuagaz, museoak lortutako arrakasta onartzeko orduan, baina kudeaketa kontratu barria negozietako orduan Estadu Batuetako arduradunei bideratu beharreko hainbat puntu aitatu ditue. PP-k eskatu dauenez, negoziazino horretan Estadu Batuetako arduradunei Euskal Herriko eta Espainiako lanen bilduma zabaltzea eta artelan horreek New Yorken erakustea planteau behar jake. Arturo Aldecoak, talde horretako batzarkideak adierazo dauenez, esfortzua egin behar da, Europan erakusten diran beste museo ezagun batzuetako erakusketa garrantzitsuak be Bilbora ekarteko.

Aldundiak ez dau Bildu konbentzitu, Museoko bilduma egonkorrean euskal artisten 37 artelan dagozala edo urtean Euskadiko 150.000 bisitari museora doazala esatean. Bildu taldeak adierazo dauenez, Euskadiko erakundeek ez dabe sortzaile barrien eretxia kontuan hartu, eta dobako egun bat jarteko eskaerea egin dau barriro. Socialistas Vascos taldeak eskatu dauenez, negoziazino horreetan Euskadiko erakundeek, 90eko hamarkadan erakutsitako “ausardia” erakutsi behar dabe. Garai hareetan, industriaren krisialdian murgilduta, museoa eregitea erabagi eben, eta gaur proiektu “barritzailearen” aldeko apustua egin behar dabe.


FORU LIBURUTEGIKO ORDUTEGIAK

Saio berean aho batez onartu da Batzar Nagusiek Aldundiari, Foru Liburutegiko ikasketa gelaren ordutegia zabaldu daian agindua emon deion, PP taldeak aurkeztu dauen ekimena, azterketa garaian instalazino horreek erabilten dituen gazteen eskaereari erantzuna emon ahal izateko. Dana dala, aurretik azterlan bat egin beharko da, “benetako” eskaerea ezagutzeko, hori eskatzen dauen PSE-ren zuzenketa-eskea onartu da eta.


KULTURA BONOA

Beste alde batetik, batzordeak, EAJ-PNV eta Bildu taldeen kontrako botoakaz eta PSE eta PP taldeen aldekoakaz, batzarretako talde sozialistaren ekimena baztertu dau. Ekimen horretan, Eusko Jaurlaritzari eskaerea egiten jakon, aurton be “kultura bonoagaz” jarraitu daian. EAJ-PNV taldeak adierazo dauenez, une honetan ez dago proposamen hori baztertu egingo dala pentsetako errazoi “objektiborik”, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak luzatu egin diralako, eta bertan, 2012an ekimen horretara bideratu zan 600.000 euroko partida berbera agertzen dalako. Dana dala, uste dau kultura erosteko laguntza eredua “zalantzazkoa” dala, ez dakigulako denda txikientzat eta hemengo sortzaileentzat ona dan ala ez. Bildu be bat etorri da azken horretan.

PSE eta PP taldeek esan dabe “kultura bonoa” ekimen “positiboa” izan dala. Juan Oterminek (PSE), laguntza eredu hori denda txikientzat ona izan dala esateko datuak dagozala uste dau. Horretarako zifrak erabili ditu: kanpainagaz bat egin daben 252 saltokietatik, “196 liburu-dendak izan dira”. Arturo Aldecoak (PP), bere aldetik, kulturaren kontsumoari laguntzeko modalidade hori zabaltzea eskatu dau, azoketara eta “bertako” egileen lanetara zuzendutako bono bereziak sortuz.


KIROL INSTALAZIOAK

Arauz Besteko beste Proposamen baten bitartez, batzarretako Bildu taldeak, harrobiagaz behar egiten daben kirol taldeei laguntzeko ez ohiko funtsa sortzea eskatu dau, talde horreek “oso egoera txarrean” dagozan instalazinoak konpondu daiezan. Ekimena ez da onartu, EAJ-PNV eta PP taldeek kontrako botoa emon dabelako. Bilduko eta PSE-EE-ko ordezkariek aldeko botoa emon dabe.