Etxegabetutako pertsonei zuzendutako etxebizitza parkea Eusko Legebiltzarreko protokoloaren barruan sartzea eskatu dabe Batzar Nagusiek

Bizkaiko Batzarretako taldeak bat etorri dira gaur Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean, familia askorentzat benetako hondamena dan etxegabetzea, erakunde publikoek “berehala” eta “batera” konpondu behar dabela esatean. Diagnostikoan danak ados egon diran arren, talde politikoak planteamendu desbardinakaz heldu dira batzorde horretara, etxegabetuta edo etxegabetzeko arriskuan dagozan pertsonentzat Bizkaitik planteau behar diran konponbideei jagokenez. Azkenean, aurkeztu diran lau proposamenetatik, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeek aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena izan da aurrera urten dauen bakarra. Proposamen horretan Aldundiari eskaerea egiten jako, bere foru etxebizitza parkea, aitatutako pertsona horreen beharrak betetera bideratu ahal izateko prozedurea eta baldintzak araupetuko dituan euskal “protokoloaren” barruan sartzeko. Gasteizko Legebiltzarrak onartu beharko dau protokolo hori.
Autonomia Erkidegoko Legebiltzarraren on eretxia heltzen dan bitartean, Batzar Nagusien eretxiz, Azpiegiturak erakundea, Etxebizitza Foru Planaren arduradun moduan, eta uritarren informazinorako eta arretarako zerbitzuak, izan daitekez pertsona horreek eskatutako informazino, aholkularitza eta orientazino lanak euren gain hartu daikiezanak. Ekimena EAJ-PNV eta PP taldeen ordezkarien aldeko botoakaz, Bilduren abstentzinoagaz eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldearen kontrako botoagaz onartu da.
Bildu eta PSE-EE taldeek euren ekimenak ekarri ditue batzordera, baina azkenean ez dira onartuak izan, jeltzaleak eta popularrak kontra agertu diralako. Talde horreen bien ustez, onartutako proposamena “jende aurreko itxurakeria” baino ez da. Janire Galarraga sozialistak esan dau Aldundiak “ez dauela ezer egiten”, Eusko Legebiltzarrak mahai gainean jarriko dauen prozeduraren “zain” dagoalako. Bilduk be esan dau Foru Aldundiak “atoan” aktibau behar dituala bere tresnak, etxebizitzak aldi baterako lagateko, beste erakundeakaz aurrera eroan beharreko plana arindu beharra baztertu barik.
EAJ-PNV eta PP taldeak, euren aldetik, esan dabe Bizkaitik aspalditik ari dala behar egiten gure Lurraldean etxegabetzeek agerian ixten daben “zorigatxari” erantzun eragingarria emoteko, baina euren ustez egokiagoa da Herri Administrazino guztien arteko konponbide “bateratua” eta “koordinaua” emotea.
EROSKETA ESKUBIDERIK GABE
Batzarretako taldeen artean polemika gehien sortu dauen gaietako bat, Aldundiak, etxegabetuta dagozan eta errentamendu kontratua daukien pertsonei erosteko aukera eskaintzeari buruzkoa izan da. Bildu eta PSE-EE taldeek esan dabenez, Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuak, joan dan martxoaren 22an egindako batzordean iragarri eban aukera hori, Aldundiak baztertu egin dau azkenean, EAJ-PNV eta PP taldeetako ordezkariek baieztatu dabenez. Alokairu kontratuetan “ez da agertzen”, adierazo dau Josu Arteta jeltzaleak. Halanda be, ez da onartu aukera hori baztertzeko eskatzen eban Bilduren proposamena.
Eztabaida sortu dauen beste gai bat errentamenduaren prezioari jagokona izan da. Aldundiak egun haretan egindako agerraldian iragarri ebanez, hileko alokairuaren prezioa 350 eta 400 euro artekoa izango litzateke. Bildu eta PSE-EE taldeek proposamen bi aurkeztu ditue, hilean ordaindu beharreko alokairua familiaren diru-sarreren arabera kalkuletako. Koalizino abertzaleak, jasotako diru-sarrera guztien %15 baino gehiagokoa izango ez dan zenbatekoa jarri gura izan dau, eta talde sozialistaren asmoa, Ekonomiaren Sustapenerako foru departamentuak, gehieneko prezio hori familia unidadearen diru-sarrera guztien %30ean ezartea eskatu dau. Batzarrek proposamen biak atzera bota dabez, EAJ-PNV eta PP taldeetako ordezkarien kontrako botoakaz. Esther Martínez, PP taldeko bozeroalea, familia bakotxak “banakako” tratamendua izatearen alde agertu da, egoerak oso anitzak diralako.
BERMEOKO KALTETUAK
Beste alde batetik, batzarretako batzordeak ez dau onartu Bilduk aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat. Proposamen horretan, Bilduk eskaerea egiten eutsan Aldundiari, Bermeoko Udalagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz alkarlanean, apirilaren 11n Bermeoko alde zaharrean izandako sutearen ondorioz euren etxebizitza galdu eben biztanleei hipotekak “ez kobretako” prozesua bultzatu daian. Gainerako taldeak ekimenaren “izpirituaren” alde agertu diran arren, eta, beste batzuen artean, finantza erakundeek hipotekak kobretako orduan “gabealdia” sartzearen alde azaldu diran arren, ez dabe aldeko botorik emon, ez diralako proposamenaren testu osoagaz ados egon. Banketxeek ordainketa “atzeratu” daikie, Alexia Casteloren (PSE-EE) eretxiz.
ARTISAUTZA SEKTORERI LAGUNTZEA
Bizkaiko Foru Aldundiak artisautza sektoreko 33 enpresari emon eutsen laguntzea joan dan urtean, guztira 155.000 euroko diru-laguntzearen bitartez. Lau urtetan sektore horrek 1,7 milioi euroko laguntzak jaso ditu, Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuak, PP-k egindako ahozko itaunari erantzunez, adierazo dauenez.
2012. urtean jasotako diru laguntzak, prestakuntza osagarriko ikastaroetan eta Bizkaitik kanpoko azoketan parte hartzeak sortutako gastuak diruz laguntzera, ikasleen kontratazinora, artisautzako tailerra ezartera, zabaltzera edo barriztatzera edo makina berrien erosketan laguntzera, egon dira bideratuta, beste batzuen artean.