Aurreko Albisteak

Aldundiaren agerraldia, Bilboko museoaren kudeaketearen gainean Guggenheim Fundazinoagaz egiten ari diran negoziazinoei buruzko gaur egungo egoerea azaldu daian

Guggenheim Bilbao

Bilbon, 2013ko ekainaren 18an.

Euskadiko erakundeek eta New York-eko Saloman R. Guggenheim Fundazinoak Bilboko Guggenheim Museoaren ustiapenerako hitzarmena barriztetako sinatu behar daben akordioa eztabaidatu egingo da barriro Bizkaiko Batzar Nagusietan. PP-k Josune Ariztondoren, Kulturako Foru Diputatuaren, agerraldia eskatu dau, erakunde horregaz egiten ari diran negoziazinoak zein puntutan dagozan, eta 2014an, gaur egun indarrean dagoan kontratua amaitzen danean, sinatu behar dan kudeaketarako akordio barria sinatzeko Aldundiak Estadu Batuetako fundazinoko arduradunei helduazoko deutsazan planteamenduak eta erespideak azaldu daizan.

Agerraldi horrez gain, batzordeak Arauz Besteko sei Proposameni buruzko eretxia emongo dau. Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak aurkeztutako batean, Eusko Jaurlaritzari eskaerea egingo jako, onartzen bada, aurton be “kultura bonoagaz” jarraitu daian, aurreko urtean eukan kopuru “bardinagaz”, gitxienez.

Bizkaiko Ganberak, PP-k aurkeztutako beste proposamen bat be eztabaidatuko dau, Euskadiko ikasgeletan elehirutasuna sartu daian, ingelesaren aldeko apustu argiagaz, ikastetxeen autonomia eta familien aukeratzeko askatasuna errespetauko dituan araudi esparru malguaren bitartez. Batzarretako talde horrek adierazo dauenez, Eusko Jaurlaritzatik ingelesa ikasteko aukera bardintasuna bermatu behar da, “ikasleen artean dagozan jatorrizko bereizitasunak konpentsetako”.

Bizkaitarron arduradunek, Eusko Jaurlaritzari, San Inazioko (Bilbo) Pedro Astigarraga kalean dagozan eta “etxe amerikarrak” ezizenez ezagutzen diran etxebizitzen kontserbazino espedientea hasi daian eskatzeko eta Aldundiak, Zubilletako Dorretxeko jaubeei, epe egokian, higiezin horren artapen eta mantentze lanak egiteko dituen betebeharrak bete daiezan eskatzeko PP taldeak egin dituan eskaerei buruzko erabagiak hartu beharko ditue.

Beste alde batetik, Bildu taldeak eskaerea egin dau, harrobiagaz behar egiten daben kirol taldeei laguntzeko ez ohiko funtsa sortu daian, talde horreek “oso egoera txarrean” dagozan instalazinoak konpondu daiezan. Laguntza horreek Udalei zuzenean emon ahal jakez, horreek badira instalazinoen jaubeak eta hobekuntza lan horreek egiteko baliabideak ez baditue.

Azkenik, PP taldeak batzarren laguntzea lortu gura dau, Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiari agindua emon deion, Foru Liburutegiko ikasketa gelaren ordutegia zabaldu daian, azterketa garaian instalazino horreek erabilten dituen gazteen eskaereari erantzuna emon ahal izateko.