Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak denpora gitxi barru Batzar Nagusien aurrean agertuko dala iragarri dau, BEC-en Lehiakortasun eta Iraunkortasun Plana aurkezteko

Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuak iragarri dau Bizkaiko Batzarren aurrean agertuko dala, berak eskatuta, Bilbao Exhibition Centreren (BEC) Lehiakortasun eta Iraunkortasun Plana zehazteko. Aldundiko arduradunak, Barakaldoko Azokaren etorkizuna bermatzeko “talka plan” horren letra txikia azaltzeko egingo dauen agerpena Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen barruan burutuko da, gaur goizean, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeek alkarregaz, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, plan hori ekainaren 30a baino lehen “gauzatzea” eskatzeko aurkeztu daben Arauz Besteko Proposamena onartu dan leku berean.
Joan dan apirilaren 18an antzeko ekimena onartu eta gero Eusko Legebiltzarrean be aurkeztuko dan Lehiakortasun eta Iraunkortasun Plan horrek, Bilbao Exhibition Centreren bideragarritasuna eta oreka operatiboa bermatzeko “talka neurriak” izango ditu. Batzarretako talde guztiak bat etorri dira dokumentu hori “beharrezkoa”, “preminazkoa” eta “garrantzitsua” dala esatean, azoka saneatzeko eta azpiegiturari “balioa emoteko”. EAJ-PNV, PP eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeek bultzatu daben ekimenaren barruan, etorkizunean, BEC-eko kudeatzaileek, gitxi erabilten dan azalera “errentan emoteko edo zati batzuk saltzeko” aukerea jasoten da.
Bizkaiko Ganberaren proposamenak, bere prozeduretan indarrean dagozan arau guztiak “zorrotz” errespetau daitezan egiten dan eskaria jasoten dau, langileak kontratetako orduan publizidade, bardintasun, meritu eta gaitasun printzipioak batez be. Hori izan da, hain zuzen be, Bilduk aitatu dauen puntua, azkenean akordioagaz bat ez egiteko. Bere hiru ordezkariak abstenidu egin dira bozketan, ez dalako taldearen zuzenketa-eske bat onartu. Zuzenketa-eske horretan, langileen lan baldintzei eusteko eta lanpostuak bermatzeko aukera emongo leuken puntua sartzea proposatzen zan. PP eta EAJ-PNV taldeek ez dabe planteamendu hori onartu, zuzendaritza eta langileak une honetan egiten ari diran negoziazinoak “errespetetako”.
HITZARMENA BILBAO BASKET TALDEAGAZ
Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak saio berean hartu dau parte, PP eta PSE-EE taldeek eskatuta, Foru Aldundiaren eta Bilbao Basket taldearen artean sinatutako hitzarmen barria azaltzeko. Pradalesek, Bizkaiko Aldun Nagusiak atzo Gernikan ospatutako osoko bilkuran esan ebana baieztatu dau. José Luis Bilbaok adierazo ebanez, talde bizkaitarrari aurreratutako 5,2 milioi euroei esker taldea ez da desagertuko eta, ganera, NBA-ko Philadelphia 76ers taldearen kontra jokatuko dan lagun arteko norgehiagoka jokatu ahal izango da, eta EEBB-etako saskibaloi selekzinoak Bilbo aukeratu daike 2014ko Munduko Saskibaloi Txapelketarako egoitza gisa. Horrek guztiak 22 milioi euro inguru ekarriko leukez Bizkaira.
Aldundiko arduradunak, Bilbao Basket taldeagaz 2014., 2015. eta 2016. urteetarako egoan hitzarmena apurtzeko erabagia hartzera eroan daben jarduketak aitatu ditu. Hitzarmen horren bitartez, taldeak 5,7 euro jasoko ebazan, 1,9 milioi denporaldi bakotxeko. Laguntza ekonomiko hori aurreratzeak, urte honen bukaeran amaituko dan hitzarmenaren sinaduraren bitartez, 500.000 euro “aurrezteko” aukerea emongo deutso Aldundiari, diputatuaren eretxiz, eskaintza ekonomikoa 2013ko balioetara eguneratu da eta. Pradalesek barriro errepikau dau emondako laguntzea, aurtengo baliabide ekonomikoak “aldatu edo erabili” barik gauzatu dala, 19,9 milioi eurokoa izan zan igazko diruzaintzako soberakina erabiliz egin dalako. Aldundiko arduradunak onartu dau beharbada “ez dala komunikazino egokirik egon alderdi politikoakaz”, baina “preminaz” jokatu eta “erraza ez zan” erabagia hartu behar izan zala.
Oposizinoa harrituta agertu da Aldundiak, aurton “eliteko” taldeei diru-laguntzarik ez emoteko erespidean izan dauen aldaketea dala eta. Iñaki Egañak, PSE-EE-ko bozeroaleak, laguntza horreek “bideragarritasun planakaz” batera joan daitezala eskatu dau. Bildu taldearentzat, Aldundiak Bilbao Basketi eskinitako esku zabala beharrezkoa zan taldearentzat, “baina ez Bizkaiarentzat”. “Beste lehentasun batzuk dagoz” adierazo dau Asier Vega batzarkideak. Esther Martínezek, PP-ko bozeroaleak, gogoratu dau EEBB-etako saskibaloi selekzinoa Bilbon egotea ez dagoala ziurtatuta. Batzarretako taldeek zalantzan jarri dabe, baita, Munduko Saskibaloi Txapelketaren egoitza izateak holango eragin ekonomikorik izango dauenik.
Bigarren agerraldian, Pradalesek esan dau laguntzea 2013. urtera aurreratzea, “salbuespenezko eta preminazko” egoera baten ondorioa dala. Joan dan urtean, aurrekontuak burutzen ari ziran bitartean, talde profesionalen artean, abagune ekonomiko gogorraren ondorioz laguntzetan urtebeteko gabezia “adostu” zanean, oso gatxa zan egoera hori aurreikustea.
Oposizinoko taldeei erantzunez, Josu Artetak (EAJ-PNV) azaldu dau eragin ekonomikoa “aurreikustea gatxa dala”, baina Japonian jokatutako azken Munduko Saskibaloi Txapelketaren esperientzia hartu dabela kontuan. EEBB-k jolastu eban uriak 20 milioi euro jaso ebazala adierazo dau.
ONARTUTAKO PROPOSAMENAK
Beste alde batetik, saio berean, aho batez onartu dira PP-k aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bi, Aldundiak autonomoei zuzendutako atari digitalaren sorkuntza bultzatu daian, eta Bizkaian Turismo Ornitologikorako Plana jasoko dauen azterlana egin daian.