Bizkaiko Batzar Nagusiek Udalen egonkortasunari eta finantzaketeari eta zorduntze mugen aldaketeari buruzko Foru Arau Proiektuak onartu ditue

Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoko Bilkureak Aldundiak aurkeztutako Foru Arau Proiektu biak onartu ditu gaur. Arau horreek, Bizkaiko udalen egonkortasuna eta finantzaketea bermatzeko neurrien pakete barria jasoten dabe. Onartutako Arauak honeek dira: Toki-erakundeen aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko Foru Araua eta 2013. ekitaldirako udalen eta euren mendeko erakundeen zorduntze mugak aldatzen dituan Foru Araua, hornitzaileakaz dituen zor jakin batzuen abonamendua finantzatzearen ondorenetarako. Holan, Gernikan egin dan saioan onartu eta gero, amaierea emon jako arau proiektu bien batzarretako izapidetzeari.
Onartutako lehenengo araua Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Bildu eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeen laguntzagaz onartu da, eta udalen aurrekontuen egonkortasuna eta finantza iraunkortasuna bermatzen dau, udalen “hazkunde ekonomikoa bultzatzeko eta, azken finean, uritarrei zerbitzu hobeak emoteko”, Unai Rementeria Lehendakaritza Diputatuak, arau proiektua osoko bilkurearen aurrean defendatu dauenean, adierazo dauenez. Araua “ona” da, bai zailtasun ekonomikoak dituen udalentzat zein egoera hobea bizi dabenentzat, Estadu mailan ez bezala, foru arduradunak adierazo dauenez.
Euren aldeko botoagaz arauaren alde azaldu diran taldeak pozik agertu dira lortutako akordioagaz, udalen egonkortasun ekonomikoari lagunduko deutsalako. “Oso pozik gagoz udalak izan diralako protagonistak”, azaldu dau Andoni Gezuragak, Bilduko ordezko bozeroaleak. Lorea Bilbaori (EAJ-PNV) jagokonez, foru araua onartzeko eta toki erakunde bakotxaren berezitasunak kontuan izateko “danok” erakutsitako jarrerea azpimarratu dau. PSE-EE taldetik pozik agertu dira, hemendik aurrera Bizkaiak, diruzaintzako soberakinak lortzen dituen udalak kontuan izango ditualako, baliabide horreek inbertsinoak egiteko eta zerbitzuak hobetzeko bideratu ahal izango diralako, eta ez bakarrik defizita murrizteko, Estaduko gainerako lekuetan gertatzen dan moduan. Arauaren onarpenak, “Rajoyren Gobernuak prestatu dauen kartzelako gelea zabaltzeko giltza emoten dau”, adierazo dau Alexia Castelok (PSE-EE).
ZORDUNTZE MUGEN ALDAKETEA
Bizkaiko udalen zorduntze mugak aldatzen dituan Foru Arauari jagokonez, talde guztiek emon dabe aldeko botoa. 2012an onartutakoa aldatzen dauen foru arauaren onarpenagaz, udalei eta soziedade publikoei, balizko berezietan, epe luzeko kreditu eragiketen kontratazinorako aukerak zabaltzen jakez. Arauaren helburua, 2012ko abenduaren 31 baino lehen egindako fakturen zorren ordainketea finantzatzea da. Udalek aukera izango dabe lehendik egozan zorrak barriro finantzatzeko 2013. ekitaldian, beti be Aldundiaren baimenagaz. Puntu horren gaineko adostasuna erabatekoa izan da, Bildu taldeak be, osoko bilkurara aurkeztutako zuzenketa-eske bakarra baztertzea erabagi dau eta.
BERMEOKO SUTEAN KALTETUTAKOENTZAKO LAGUNTZAK
Saioan, talde guztiak, Bermeoko udalerrian izandako sute ikaragarriaren ondoriozko kalteak arintzeko preminazko neurriei buruzko apirilaren 23ko 3/2013 Foru Dekretu Arauemoilearen alde agertu dira. Dekretuaren barruan neurri fiskal bereziak aurreikusten dira kaltetutakoentzat, OHZ eta EJZ zergetan, zatitutako ordainketetan eta PFGZ eta BEZ zergetan. Horretarako, aurretik, Bermeoko Udalak aurkeztu beharko dauen ziurtapenean sartuta egon beharko dabe. Taldeen eretxiz Dekretua “bidezkoa”, “egokia”, eta “beharrezkoa” da, kaltetuek normaltasuna ahalik eta arinen berreskuratu daien dagoan “preminea” dala eta.
GENERO TXOSTENAK
Beste alde batetik, Osoko Bilkureak Bildu taldeak aurkeztutako Arauzko Proposamen bat be onartu dau, Batzar Nagusietan aurkeztutako Foru Arauek bete behar dituen baldintzak ezarten dituan 3/1987 Foru Arauaren 55. artikulua aldatzeko. Proposamen horretan, koalizino abertzaleak arau proiektuek, generoko eraginari buruzko ebaluazinoaren gaineko txostena jasotea eskatzen dau. Proposamenak EAJ-PNV, PSE eta Bildu taldeen aldeko eretxia jaso dau, eta PP-ko bozeroaleak abstenidu egin dira. Azken talde horrek, bere abstentzinoa justifiketako orduan, adierazo dau departamentuek esan dabela ez dagozala prestauta txosten horreek beharrezkoa izango litzateken “arintasunagaz” eta “eraginkortasunagaz” egiteko. “Txosten horreek errealak ez izateko arriskua dago”, adierazo dau Eduardo Andrések (PP).
ARMARRIAK ETA BANDERAK ALDATZEKO AURRE AZTERLANA
Horrez gain, Bizkaiko ganberak, Bizkaiko lurralde eremuetako armarriak eta banderak aldatzeko eskariak onartzeko prozedurea hobetzea onartu dau. PP taldeak aurkeztutako Arau Proposamenak, aditu batek edo jasotako proposamena balioztatzeko eskumenak dituan erakunde batek egindako txosten heraldikoa eskatzen dau. Batzarretako talde guztiak proposamenaren alde agertu dira, abstenidu egin dan Bildu izan ezik.
GAZTEENTZAKO LAGUNTZAK
Saioan adierazo danez, Foru Aldundiak laguntzea emon eutsen Bizkaiko 1.895 gazteri, lana aurkitzeko eta euren lanerako gaitasunean hobetzen laguntzeko, 2012an, 60 milioi euroko aurrekontua dauen 2012-2015 epealdirako Foru Enplegu Planaren barruan programautako ekintzen bitartez. Hori adierazo dau Imanol Pradalesek, Ekonomiaren Sustapenerako Diputatuak, PP taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak gazteen enplegua bultzatzeko aurrera eroandako ekintzak zehazteko eskatuz egindako itaunari erantzunez.
BILBAO RIA 2000REN ITXIERA ORDENATUA
Beste alde batetik, Jose Luis Bilbao Aldun Nagusiak hartu dau berbea osoko bilkuran, eta adierazo dau Bilbao Ría 2000 soziedadea “ixteko plan ordenatua” prestetako “unea” heldu dala. Gogoratu dauenez, erakunde horren partaidetzaren %50 Estatuaren esku dago, eta beste %50 Euskadiko administrazinoen esku, eta bere zorra 203 milioi eurokoa da. Foru Aldundiko arduradun nagusiak holan erantzun deutso PSE-EE taldeak egindako itaunari, eta gehitu dau, gainera, soziedade publiko hori, “bere helburua bete dauen eta dagoaneko agortuta dagoan eredua dala”. “Higiezinen burbuilagaz baliau zan finantzatzeko, baina orain, gainera ez jaustea lortu behar dogu, garai hareek itzultzea oso gatxa da eta”, esan dau.
BILBAO BASKET
Aldun Nagusiak argitu deutso Bilduri Bilbao Basket taldeak ez dauela “mesedeko traturik” jaso Aldundiaren aldetik, eta adierazo dau guzurra dala berak zuzentzen dauen erakundeak talde horrek Foru Ogasunagaz eukan zorra parkatu dauenik. Saskibaloi taldeak zor hori kitatu dau, Aldundiak aurreratutako 5,2 milioi euroak baliatuz. Diru hori joan dan urteko diruzaintzako foru soberakinetik lortu da, soziedade horregaz 2014, 2015 eta 2016. urteetarako eukan hitzarmena betez, eta Aldundiak aurreratu egin dau, urte honen amaieran bukatuko dan hitzarmen barria sinatu ostean.
Bilbaok zehaztu dau Bizkaiko kirol talde “guztiak” “pribauak” dirala, eta erabagi hori hartzeko orduan talde horren egoera “larria” eta “motibazino ekonomikoak” hartu dirala kontuan adierazo dau. Izan be –diputatuaren berbetan– Estadu Batuetako selekzinoak saskibaloiko munduko txapelketaren klasifikazino fasea Bilbon jokatzea jokoan dago, eta horrek “20 milioi eurotik gorako” itzulketa ekonomikoa izango leuke, iragarri dauenez.
BATZAR NAGUSIEK ATZERA BOTA DABE BIZKAITARREI PREFERENTEETAN INBERTITUTAKOA ITZULTZEA ESKATZEKO EGINDAKO PROPOSAMENA
Bizkaiko Batzar Nagusiek, EAJ-PNV-ren kontrako botoakaz, PSE eta PP taldeen aldekoakaz eta Bilduren abstentzinoagaz, atzera bota dabe talde sozialistak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena. Proposamen horretan Bizkaiko uritarrei preferenteak saldu deutsiezan finantza erakundeei eta enpresei eskaerea egiten jake, uritar horreei euren aurrezkiak “inolango galera barik” itzultzeko, eta Espainiako Gobernuari eskaerea egiten jako, “kontsumitzaileen eskubideak oso-osorik bermatzeko beharrezkoak diran ekimenak bultzatu daizan”.
Gaur Gernikan burutu dan ohiko osoko bilkuran, Fagorren eta Eroskiren preferenteei buruzko ekimena defendiduteko egin dauen agerraldian, Iñaki Egañak (PSE) adierazo dau preferenteak “enpresak edo finantza erakundeak finantzetako produktu baliagarriak dirala, eta, aldi berean, milaka eta milaka euskaldunek aurreztutakotik sortutako produktua dirala”. Bere eretxiz, “hori ondo egongo litzateke, baina ikusten ari garana, finantza erakunde batzuen larregizko jardunbidea da”. Erakunde horreek saltzen dituen produktu batzuk “jatorrian ezaugarri jakin batzuk dituen produktuak dira, baina aurrezpen sistema bilakatzen diranean, oso produktu toxiko bilakatzen dira".
Eduardo Andrade batzarkide popularrak, “Espainiako bankaren erreskate barruko neurri inprobisau moduan preferenteak merkaturatzeko aukera emon ebana PSOE izan zala” azpimarratu ostean, partaidetza preferenteak “iruzurra dirala ikusten bada, horreek saltzeko baimena emon ebana egindakoagaitik arduratuta egon beharko litzatekela” adierazo dau.
“Rajoyren Gobernuak egin dauen lehenengo gauza engainautako uritarrak babestea izan dala” eta kaltetuek “ia inbertsino osoa berreskuratu ahal izango dabela” azpimarratu ostean, Andradek azaldu dau bere taldeak gai horri buruzko zuzenketa-eske bat aurkeztu dauela, Espainiako Gobernuari eskatu behar jakona “kontsumitzaileen eskubide guztiak osorik bermatzeko beharrezkoak diran lege ekimenak bultzatzen jarraitzea” izan daiten. Horrez gain esan dau “arbitraia sistema izan beharko dala erosleen aurrean larregikeriak egon diran ala ez erabagiko dauena; arbitraia hori erabilten ari da dagoaneko Kontsumobideren bitartez, eta baita Jaurlaritzak bultzatuta be”.
Asier Vega Bilduko batzarkideak adierazo dau “Fagor eta Eroski kooperatibak Banco Santander eta BBVA erakundeen esku jarri zirala oso ezaugarri bereziak ebazan finantza produktua sortzeko. Produktua ahalik eta denporarik laburrenean jarri behar zan merkaduan, bezeroei eskiniz, horretarako, iruzurra jaso ebenek finantza erakundeengan eben konfiantza erabiliz”.
Bildutik “larregizko ekonomia eta finantza jardunbide guztiak” arbuiatu egiten ditue eta ikusten dabe beharrezkoa dala “finantza erakundeek eta enpresek merkaturatzen eta kaleratzen dituen finantza produktu arriskutsuak debekatzea”. Horrez gain, arbitraia sistemak beharrezkoak dirala adierazo dau Bildu taldeak.
EAJ-PNV taldeko Josu Arteta batzarkidea bat etorri da “uritar batzuk jasaten ari diran egoerearen aurreko” ardura azaltzean, eta esan dau “arazo hori modu egokian konpondu daiten eta aurrerago holango egoerarik gertatu ez daiten hartu beharreko neurriak hartu behar dirala”. Halanda be, sozialisten ekimenaren kontra dagozala adierazo dau, ez datozalako bat aurkeztutako proposamenaren testu osoagaz, zoritxarrez, “puntuz puntu ezin dalako bozkatu”. “Puntu askogaz ados dagoz, baina ez guztiakaz”.
ENPLEGURAKO OSOTASUNEZKO EKINTZA PLANA
Bizkaiko Batzarrak, EAJ-PNV-ren kontrako botoakaz (20), PSE eta PP taldeen aldekoakaz (bien artean 17 egiten ditue) eta Bilduren abstentzinoagaz (11), atzera bota dau Batzar Nagusiek Bizkaian enpleguaren aldeko Osotasunezko Ekintza Plana martxan jarteko, gure Lurraldeko gizarte eragileakaz Gizarte Alkarrizketa iraunkorrerako Mahaia sortu eta suspertzeko eskatzea Foru Aldundiari. Mahai horretan egingo litzatekena informazinoa partekatzea, egoeraren diagnostiko komuna egitea eta Bizkaian Enpleguaren aldeko Osotasunezko Ekintza Plana adostea izango litzateke.
Bere agerraldian, Iñaki Egañak (PSE) adierazo dau alkarrizketarako mahaiak, agente guztiek lurraldeko lan egoereari buruz egindako azterlan eta diagnostiko guztiak batu behar dituala. Lurraldeko ordezkariek Aldundiagaz batera lan egin daien tresna da, “enplegua sortzeko eta uritarren ongizatea bermatzeko” helburuagaz.
PP taldeko Gonzalo Zorrillak azaldu dau bere taldeak aurkeztutako zuzenketa-eske bien helburua proposamen sozialistaren alderdi batzuk aldatzea dala. Batzarkide popularrak esan dau badagoala jada Aldundiak prestautako enplegu plana, proposamen sozialistak erakusten dauenaren ia bardina. Batzarkide popularrak gogoratu dau 2009tik aurrera enpleguaren zifrak “txarragoak dirala Bizkaian Estaduko gainerako lekuetan baino”. Holango joera “negatiboa” ikusita, PP-k “ekimen gehiago” martxan jartea eta Aldundiaren enplegurako planean taldeek egindako proposamenak sartzea gura dau.
Bildu taldeak, bere aldetik, uste dau Bizkaiko langabeziaren datuak “arduratzeko modukoak dirala, eta egoera txarrerantz doala”. Hori dala eta, talde horren eretxiz, enplegurako osotasunezko ekintza plan hoberena Bizkaiarentzat “lan erreformari ezetz esatea da”. Aitor Torrek, Bilduko ordezko bozeroaleak “greba egitearen” eta enplegu eta pentsino eredu propioa eregitearen aldeko apustua erakutsi dau. Bere eretxiz mahai hori “emonkorra” izan daiteke, baina beste neurri batzuk be kontuan hartzearen aldeko apustua egin dau. Esan dauenez, Bizkaian badagoz “enpleguan kalidadea bermatzeko baliabideak”, eta Aldundiko obra publikoaren lizitazino bidea jarri dau adibide gisa.
EAJ-PNV taldeak, Aldundiak aurkeztutako enplegu planean sartzen diran ekimenen eta ekintzen zerrendea aurkeztu dau. Alderdi hori bat dator proposamena aurkeztu dauen taldeagaz, alkarrizketaren garrantzia azpimarratzeko orduan, baina bere ustez, gizarte eta lan arloetako agenteek beste leku batean egin behar dabe lan. “Eusko Jaurlaritzaren eskumena da”. Hori da alkarrizketa zentrau behar dan eremua. Mahaia “martxan dago jada”, gogoratu dau Amaia del Campo batzarkide jeltzaleak, eta, bide batez, talde guztiak mahai horretan parte hartzera konbidatu ditu.
HIPOTEKEN ZORU-KLAUSULAK
Horren ostean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu lurraldeko biztanleakaz “zoru-klausulak” dituen hipotekak sinatu ebezan finantza erakundeei horreek segiduan baliobakotzeko egindako eskaerea. Socialistas vascos taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamenak kontrako 20 boto (EAJ-PNV), aldeko 19 (Bildu eta PSE) eta 7 abstentzino (PP) jaso ditu.
Mikel Torresek, Bizkaian “legezko” klausula horreek kentzeko ekimen sozialista defendidu dau, egoera “dramatikoak” ari diralako sortzen, bere egunean behar bezala azaldu ez ziran baldintzak dirala eta. Gogoratu dau 2010eko apirilean Epaitegi Gorenak emondako epaiak adierazoten dauela klausula horreek guztiek ez dabela balio, bezeroaren aurrean gardentasunik egon ez danean. Epai bideko ebazpen hori “aurrera pausua” da baldintza horreek “jasaten ari diran” 4 milioi erabiltzaileentzat.
Eduardo Andrade (PP) harrituta geratu da, PSE-EE taldea, Madrilen sozialistek agintzen ebenean be existitzen zan gaia aurkeztu dauelako. Azpimarratu dauenez, Rajoyren Gobernuak neurriak eta erabagiak hartu ditu. Neurri horreen artean, hipotekak sinatzen dituen pertsonei, kontratuetan klausula horreek existitzen dirala adierazoten dauen eskakizuna sartzea egongo litzateke, adibidez.
Bilduk, “burruka hori Kutxabank-en bultzatu daien” animau ditu PP eta PSE taldeak. Aitor Torrek adierazo dauenez, erakunde horrek holango klausulakaz jarraitzen dau oraindino. Finantza erakundeak klausula horreek kentzeko “proaktiboak” izatea gurako leukela esan dau.
EAJ-PNV taldeak esan dau, zoritxarrez, ekimena “entzundakoan bakarrik oinarrituz” prestau dala, idazteko orduan “akatsak” ditualako, epai bideko ebazpenen datak nahasten ditualako. Josu Arteta jeltzalea harrituta geratu da gainera egunkari elektroniko batek, Bizkaiko Batzarretan eztabaidatu beharreko idazkiaren parte batzuk “ebagi eta itsatsi” egin ditualako. Eukiari jagokonez, EAJ-PNV-k, “Epaitegi Gorenaren epaiak esaten dauen moduan”, “kasu bakotxa” aztertzea gura dau, eta ez “erakunde bakotxa”, ekimen sozialistan adierazoten zan moduan.
ALDUNDIARI EGINDAKO GALDERAK
Jose Maria Iruarrizagak Ogasun eta Finantzetako diputatuak gogoratu deutso PSE-EE taldeari ezin dauela Bilbao Basket taldeak Bizkaiko ogasunari zor eutsan kopuruari buruzko informazinorik emon. “Ezin dot horren gainean derrigorrezkoa dan araudia saltau, eta ezin dot zorrik parkatu”, esan dau.
Gai horretan, Imanol Pradalesek, Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, Bilduk egindako galderei erantzunez, Aldundiak, Bizkaiko saskibaloi taldeari emondako 5,2 milioiko diru-laguntzeari jagokonez, “legezko betebehar guztiak bete dituala” adierazo dau.
Horren ostean, Bilduk, gaur egun GUFEn zenbat lanpostu dagozan bete barik jakin gura izan dau. Pilar Ardanzak, Gizarte Ongizateko diputatuak, adierazo dauenez, eskaria handiagoa izango zala uste zan garaian egindako “aurreikuspenen” barruan egozan “28” lanpostu dira, baina gaur egun ez da beharrezkoa horreek betetea. Lanpostu horreek ez dira “exijitu”, eta GUFEk aurrerago izan daikezan beharrak dirala eta dagoz gordeta. 2006-2011 Gerontologia Planaren arabera bete beharko diran lanpostuei jagokenez, maiatzaren 31n, lurralde osorako egoitzetako plazen estaldura “%5,08koa dala” erantzun deutso diputatuak koalizino abertzaleari.
Gizarte Ongizateko diputatuak jakinarazo dau, baita be, bere sailak, Azpiegitura soziedade publikoaren bitartez Trapagako Udalagaz sinatutako lankidetzarako hitzarmena beteteko borondateagaz jarraitzen dauela, udalerri horretan, beste batzuen beharra daben pertsona nagusientzako egoitza bat eregiteko, martxan jarteko eta ustiatzeko. Egoitza hori “datozan 4 urteetan” jarriko litzateke martxan.
Amaitzeko, Aldun Nagusiak adierazo dau Santurtziko Udalak eta Foru Aldundiak konpromisoa hartu ebela udalerri horretako biztanleakaz, Mamarigako lantzadera dobakoa izateko. Hori joan dan maiatzaren 27an gauzatu zan, lur azpiko trenbideko eta Garraio Partzuergoko kudeatzaileak aldatu eta hilebete batzuk geroago. Bilduk salatu dauenez, ez Bilboko Metroan ezta Garraio Partzuergoan be ez eben abagune hori ezagutzen. José Luis Bilbaok adierazo dauenez, erabagia “maiatzaren 16an kaleratu zan”.