Batzar Nagusiek, 3. linearen eraikuntzara funts gehiago bideratzea eskatu dabe

Batzar Nagusiek, gaur goizean batu dan Herri Lan eta Garraioetako Batzordearen bitartez, Euskadiko administrazinoek 3. linearen eraikuntza lanak bizkortzeko funts publiko gehiago jartearen aldeko apustua adierazo dabe. Bizkaiko Ganberak eskaerea egin deutse Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, Europar Erkidegoko erakundeek Espainiako Gobernuari defizit publikoaren zuzenketa epea zabaltzetik, sortutako baliabide publikoen hazkundearen “parte bat” horretara bideratu daien. PP taldeak aurkeztu dauen ekimenak Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Socialistas Vascos (PSE-EE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen laguntzea jaso dau.
Akordioa ez da aho batekoa izan, Bilduk azken argazkitik kanpo geratzea erabagi dauelako, abstentzinoaren bitartez. Talde horren eretxiz, proposamenari “zehaztasuna” falta jako. Bilduk egindako kalkuluak kontuan izanda, defizit igoerearen ez ohiko baliabideen %100 horretara bideratuta be ezingo litzateke Matiko eta Etxebarri arteko lineak dauen gain-kostua ordaindu. Bilduk adierazo dauenez, gain-kostu hori 133 milioi eurokoa da, hasierako aurrekontuan aurreikusten ziran 153 milioietatik gaur egungo 286 milioietara pasau dalako. “Gain-kostu horren %67ra baino ez ginateke helduko”, adierazo dau Aitor Torrek, Bilduko ordezko bozeroaleak.
Batzarretako talde guztiak bat etorri dira 3. linea “lehentasunezko” eta “derrigorrezko” proiektua dala esaterakoan. Obra hori “ahalik eta arinen” amaitzeko “egin beharreko guztia” egin behar da, gogoratu dabe. Jesús Isasiren (PP) eretxiz, iragarritako “ez ohiko” baliabideak “aukerea” izan daitekez obrako erritmoak arintzeko. Joaquín Colmenero (PSE-EE), trenbide metropolitarra zabaltzeko proiektu hori, Euskadiko erakundeek aurkeztutako Ekonomia Bizibarritzeko Funtsean sartzearen alde agertu da. Ermuko saihesbidearen eraikuntza be funts horretan sartzeko eskatu dau. EAJ-PNV-k bere atsekabea azaldu dau Bildu “argazkitik” kanpo geratu dalako, danok ados egon arren 3. linea “beharrezkoa” dala esateko orduan.
SEINALEZTAPENAREN HOBEKUNTZEA TXIRRINDULARIAK IBILTEN DIRAN ERREPIDEETAN
Batzorde guztia ados jarri da Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraioetako Sailari “Foru Errepide Sareko seinaleztapena hobetzeko lanakaz eta txirrindularien zirkulazinoa dala eta arrisku egoerearen barri emoten daben seinaleen instalazinoagaz jarraitu daian” eskatzeko orduan. Proposamena aurkeztu dauen taldeak (PP) onartu egin dau Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak aurkeztutako gehikuntzako zuzenketa-eskea, txirrindulariak ibilten diran errepideetako bazterbideak egokitzeko eskaerea be gehitzeko. Taldeen eretxiz, “bideko zuloak konponduta eta zikinkeria garbituta” istripu asko saihestuko litzatekez.
Eztabaidan, PSE-EE eta Bildu taldeek, Europako herrialde batzuetan, errepidea automobilek eta txirrindulariek erabilten dabela erakusteko, jarten dan “marra gorria” zabaltzearen alde agertu dira, baina PSE-EE taldeko Joaquín Colmenerok adierazo dau “Marra Gorri” horrek talka egingo leukela Estatuan indarrean dagoan araudiagaz. “Gaur egungo legediak ez dau horretarako aukerarik emoten”.
EAJ-PNV taldeak adierazo dauenez, Foru Aldundiak urteak daroaz Bizkaiko Txirrindularitza Federazinoagaz beharrean, gurpil biko ibilgailuek gehien erabilten dituen bideen diseinuan eta ustiapenean. Erakunde bi horreek sortutako “laneko mahaiak”, zorua eta garbiketa hobetu daitekezan puntuak aztertzen ditu. Foro horretan ikusi da txirrindularien “ardura nagusia” ez dala seinaleztapena, txirrindulariek eta automobil gidariek zirkulazino kodea ez betetea baino, Javier Setien batzordekide jeltzaleak adierazo dauenez. Talde horrek sentsibilizazinorako eta bide hezkuntzaren sustapenerako kanpaina gehiago eskatu ditu, eta PSE-EE taldeagaz bat etorri da horretan.
ALDAKETAK ABIADURA MUGETAN
Bere agerraldian, Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, eskaerea egin deutse oposizinoko taldeei, Rajoyren gobernua, Zirkulazino Araudi Orokorrean egin beharreko aldaketa baten bitartez, ustez, prestetan dabilen abiadura mugen aldaketak dirala eta, espekuletan ibili ez daitezan. Aldaketa horreek autopistetako eta autobideetako zati batzuetan abiadurea 130 km/h-ra handitzeko eta “ohiko” errepideetan abiadura hori murrizteko aukera emongo leukie. Aldaketa horreek onartzen badira, Aldundiak bere esku dagozan zatietan egin daitekezan aldaketak aztertuko ditu. Kontuan izan behar dogu Euskadin eskumen hori banatuta dagoala. Autopistei buruzko erabagia Eusko Jaurlaritzaren esku dago, eta hiri arteko gainerako errepideei buruzkoa Aldundiaren esku. Adierazo dauenez, ez da “serioa” “zirriborro” batean oinarritutako ezer aurreratzea.
ARTXANDAKO TUNELAK
Aldundiko arduradunak Bizkaiko batzarren aurrean azaldu ditu barriro bere sailak Artxandako tuneletan egindako konponketa lanak, zati batean ezponda bat jausi eta gero. Hori dala eta, lur azpiko tuneletako bat hilebetez itxi behar izan zan. Garamendik esan dauenez, konponketa lan hori 3 milioi euro baino gehiagokoa izan zan. Partida horren %30 drainatzea, irazgatxea, estaldurea eta ezponden egonkortasuna hobetzera bideratu da.
Garamendik azaldu dauenez, tuneletan egindako azkeneko azterketa geoteknikoa 2007an egin zan, eta azterlan horretan esaten zan, neguan egindako euri ugariak dirala eta orain arazoak izan dituan zatia “egoera onean” egoala. PP-k, azterlan horreek “sarriago” egitea eskatu dau. Diputatuak erantzun dau tuneletako mantentze lanetako teknikariek “aldian behin berrikusten dituela ezpondak eta errepideko elementu guztiak, baina hau ez dala zientzia zehatza. Prebentzino neurriak hartu daikeguz, lurretenik gertatu ez daiten”, esan dau.
BEHERAPENAK GAZTEENTZAT BIZKAIBUSEN
Beste alde batetik, Bildu taldeari erantzunez, Aldundiko arduraduna, Bizkaibus zerbitzuko beherapenak gazte “guztiei” zabaltzearen alde agertu da, eta ez Leioako unibersidadeko campusera doazan gazteei bakarrik, Bilduk, agerraldia eskatzeko aurkeztutako idazkian adierazoten eban moduan. Neurri horreek talde horrentzat “bakarrik” hartu ezkero, “bazterkeria bultzatzen egongo ginateke”, esan dau. Garamendik adierazo dau Bizkaibuseko txartela diruz lagunduta dagoala, eta bere sailak une honetan jarraitzen dauen tarifen politikak %25eko beherapena eskaintzen dauala Barik txartela erabilten bada, eta kopuru horri beste %20 gehitzen jakola bidaia konbinauan, garraio aldaketea egiten bada. Gogoratu dauenez, Aldundiak 78 milioi euro jarriko ditu aurton zerbitzu horri eusteko.
Dana dala, diputatuak jakinarazo dau bere saila beharrean dagoala, beherapen edo txartel barriaren ezarpena, horren erabilgarritasunari eta kostuari buruzko azterketa “zorrotzean” oinarrituta egin daiten. Bidaiari kopurua asko hazten bada be, edozein titulu barri sartzeak eraginak ditu. “Defizita arintzera zuzendutako aurrekontuetako partidea zabaldu egin beharko litzateke”, adierazo dau.