Aurreko Albisteak

Oposizinoak galdetu dau ea Gipuzkoako hondakinak Bizkaian tratatuko ete diran

Bilbon, 2013ko ekainaren 5ean

Bizkaiko Talde Popularrak (PP) Ingurumeneko Foru Diputatu jaunaren batzorderatzea eskatuta dau, jakiteko ea Bizkaiko Foru Aldundira edo Garbikerrera inork jo dauen “aztertzeko aukerarik ete dagoan hondakinen batzuk Bizkaira ekarteko tratatu, erraustu, balorizatu eta/edo isurteko”. Hori holan balitz, Talde horrek uste dau Aldundiak proposamenaren nondik norakoak azaldu beharko leukezala eta argitu hori Bizkaiko hondakinen politikeagaz bat datorren eta zeintzuk izango leitekezan epeak, kostuak eta hondakin-motak.

Beste idatzi baten bitartez, PPk eskatzen dau Iosu Madariaga jaunaren batzorderatzea, argitu dagian zein dan Getxoko Aquariumaren gaur eguneko egoerea, itxita dago-ta joandako urtarrilaren 13an sutea izan ebanetik.

Beste alde batetik, Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordaren batzar berean hiru Arauz Besteko Proposamen aztertuko dira. Lehenengoan, Socialistas Vascos (PSE-EE) Taldeak aurkeztutakoan, eskatu egin gura jako Aldundiari eze, Ur Partzuergoagazko alkarlanean, azterlan bat egin dagiala ikusteko Bolintxuko trokea zeharkatzen dauen Ur Partzuergoaren hodia “ea buztartu leiteken” Arnotegi eta Seberetxeko tunelak lotuko dituan zubibideagaz. Zubibide hori Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea A-8 eta A-68 autopistakaz lotzeko egingo danaren parte da.

Beste proposamenetako baten, PPk gura dau Batzar Nagusiek eskatu deioela Foru Aldundiari “berraztertu dagizala” landa eta uri hegazti espezie arrunten populazinoen bilakaerearen inguruan dagozan datuak eta, behar izan daitezan kasuetan, “egin beharreko azterlanak egin daitezala” hegaztion bilakabidea zein dan jakiteko eta ingurumen eskumenak daukiezan administrazinoei neurriak proposatzeko, populazinoak mantentzearren. Talde horren arabera, SEO/Bird Life-en SACRE programak urteak daroaz aztertzen hegazti espezie arrunten populazinoek daben bilakaerea, eta eten bako beherakadea ikusi dau landa zein uri eremuei loturiko espezie batzuen udabarriko populazinoetan.

Azken Arauz Besteko Proposamenean popularrek eskatzen dabe Eusko Jaurlaritzak kontutan hartu dagiala Bizkaiko meatzaldearen erreferentzia sartzea Trianoko Mendien Biotopo Babestuak izango dauen izen ofizialean, eta izen hori izan daitela “Trianoko Mendien-Meatzaldearen Biotopo Babestu”. EAJ alderdiak aurkeztutako zuzenketa-eske baten bidez izenean “Meatzaldea” hitza sartzea proposatzen da, eta PSE-EE alderdiak aurkeztutako beste zuzenketa-eske baten bidez izena “Trianoko Mendien Biotopo Babestua” izatea proposatzen da.