Batzar Nagusiak, Lutxanako oinezkoen tunelakaz paraleloan joango dan gainazaleko igarobidea zabaltzearen alde

Bizkaiko Ganberan akordioa lortu da, Lutxanako tunelen arazoari emon beharreko konponbidea arintzeko. Talde guztiak, azken urtean hainbat sexu erasoren kokaleku izan diran eta gatazka politikoa sortu daben polemikaz betetako lur azpiko tunel horreen alternatiba martxan jartearen alde agertu dira, bakotxa bere erritmoan. Konponbiderako, beharrezkoa izango da Foru Aldundiak eta Barakaldoko Udalak, Lutxana auzoa eta Barakaldoko erdiunea lotuko dituan gainazaleko igarobide alternatiboa instaletako gastau behar diran 145.000 euroak finantzatzea. Azkenean, Bildu Taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena gaur goizean onartu dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak, PSE-ren aldeko botoakaz eta Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen abstentzinoagaz.
Proposamen horretan, koalizino abertzaleak, hasiera batean Foru Aldundiak tuneletako bideo-zaintzarako adostutako 100.000 euroko partida, Udalak, oinezkoentzako lur azpiko igarobideak ixteko alternatiba bat “hilebete bitan” instaletako erabili daitela proposatu dau. Batzarretako gainerako taldeak puntu horren alde agertu dira, baina proiektu hori hain denpora laburrean egin ahal izanari buruzko zalantzak erakutsi ditue. “Hilebete bitan ia ezinezkoa da hori egitea”, adierazo dau Joaquín Colmenerok, Alderdi Sozialistak Batzordean dauen bozeroaleak. Proiektua “lau hilebetetan” egin ahal izango litzateke, esan dau Esther Martínezek (PP). EAJ-PNV-ko Jon Larreak adierazo dauenez, euren asmoa gainazaleko igarobidea “ahalik eta denporarik laburrenean” errealidade egitea da.
Saioan, batzarretako taldeek erabagi dabe, Barakaldoko Udalak lan horreek egiten dituan bitartean, Udaltzaingoa eta Ertzaintza izan daitezala Barakaldora errepidez sartzeko biderik garrantzitsuena gainditzen daben tunelen segurtasuna zaintzearen arduradunak, eta tunel horreek gauez itxita egon daitezala, gaueko 22:30etatik goizeko 06:30ak arte.
BIZKAIBUSEKO GIDARIEK JASANDAKO ERASOAK
Batzordean, Socialistas Vascos Taldeak (PSE-EE) Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andrearen batzorderatzea eskatu dau, Bizkaibuseko Bilbo-Durango 3911 lineako gidariek jasandako erasoak eta antzeko beste gertakari batzuk azaldu daizan, halangoak “askotan” jazoten diralako —Talde horren esanetan— Galdakao-Basauri-Metro 32. linean. Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, “zuhurtasuna, neurritasuna eta gizartean inongo justifikazinorik ez dauen alarmea ez sortzea” eskatu dau.
Aldundiko bozeroaleak adierazo dauenez, kaltetutakoen –gidarien– eretxiz be, gertakari bandaliko horreek “gertakari isolatuak” izan dira. Adierazo dauenez, Durangoko linean, gidariek eraso bi jasan ebezan barikuan, martxoaren 1ean, eta eraso biak pertsona berak eragindakoak izan ziran. Galdakao-Metro Basauri lineari jagokonez, Garamendik azaldu dauenez, zerbitzuko urte bi baino gehiagotan, 6 gertakari baino ez dira izan: kristalak apurtzeagaitik, langileei biraoak egiteagaitik edo pintadak egiteagaitik.
ALDUNDIAREN KONPROMISOA 3. LINEAGAZ
Amaitzeko, PSE-EEk eta Bilduk Aldundiari eskatu deutsie azaldu dagiala zergaitik “gelditu” diran Metroaren 3. linea egiteko lanak —batzorderatze eskaera biak martiaren 11n aurkeztu ziran— eta zer eragin izango dauen geldialdi horrek datozan urteetako Aldundiaren aurrekontuetan.
Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andreak adierazo dauenez, lan horreek “ez dira inoiz gelditu, eta gitxiago oraindino finantzaketa falta egon dalako”. 2012. urtera arte, Foru Aldundiak, 3. linea (Matiko-Etxebarri) eregiteko lanei erantzuteko 2008an Eusko Jaurlaritzagaz adostutako kopuruak ordaindu ditu, hau da, 153 milioi euroen erdia. Garamendiren berbetan, 2012. urtera arte, Foru Aldundiak 55,9 milioi euro ordaindu ditu, “egindako eta zertifikatutako” lanengaitik, Eusko Jaurlaritzak ordaindu dauen kopuru berbera.
Itziar Garamendik gogoratu dauenez, Aldundiak beste 11,5 milioi euroko konpromisoa hartu dau aurton obrak “ezuste barik” egin daitezan. Horrez gain, Foru Aldundia datozan urteetarako hitzarmen barria prestetan ari da, eta hitzarmen barri hori “irailerako” prest egon daiteke, Nerea Ahedoren (EAJ-PNV) berbetan.