Aurreko Albisteak

EAJ-PNV, Bildu eta PSE-EE taldeen arteko akordioa batzordean, Bizkaiko Udalen egonkortasunari eta finantzaketari buruzko Foru Arauen erespenak onartzeko

Batzordea

Bilbon, 2013ko maiatzaren 31n.

Gaur Bilbon alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzorde Instituzionalak, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Bildu eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeen aldeko eretxiagaz, Aldundiak aurkeztu dituan eta Bizkaiko egonkortasuna eta finantzaketa bermatzeko neurriak jasoten dituen Foru Arau proiektu erespen biak onartu ditu. Bi proiektuak, Toki Erakundeetako Aurrekontuen Egonkortasunari eta Iraunkortasunari buruzko Foru Arau Proiektua eta, hornitzaileakaz dituen zor jakin batzuk ordaindu ahal izateko, udalen eta horreen esku dagozan erakundeen zorpetze mugak urte honetarako aldatzen dituan Foru Arau Proiektua dira. Holan, foru arau biek aurrera jarraitzen dabe Bizkaiko Ganberan egin beharreko izapidetzeagaz. Batzarretako izapidetzea, aurrerago egingo dan osoko bileran onartzen danean amaituko da.

Batzarretako taldeek 19 zuzenketa-eske aurkeztu ebezan aurrekontuen egonkortasunerako arau proiektuaren aurrean. Bildu eta PSE-EE taldeek zuzenketa-eske horreetako gehienak baztertu egin ditue, EAJ-PNV taldeak aurkeztutako zuzenketa-eske transakzionalak onartu eta gero. Horretako batean esaten da egoera onean dagozan toki administrazinoek aurreko ekitalditik aurreztutakoa edo ekitaldi honetako diru-sarrera barriak erabili ahal izango dituela, beharrezkotzat hartzen diran gastuetarako eta inbertsinoetarako, beti be, araudi barriak ezarten dituan baldintzak betez. PP taldeak aurkeztu dituan zortzi zuzenketa-eskeak osoko bilkurarako gorde dira, Batzorde Instituzionalak atzera bota eta gero.

Bizkaiko udalerrien zorpetze mugak aldatzeko Arauaren proiektuari jagokonez, Bildu taldea izan da Foru Aldundiak aurkeztutako testuaren aurrean zuzenketak aurkeztu dituan bakarra. Talde abertzalearen eretxiz, “derrigorrezkoa” da diruzaintzako eragiketak Arau horretan sartzea, eragiketa horreek “epe luzean barriro finantzatu ahal izan daitezan, Euskadiko udal askok eskatu daben moduan”. EH Bilduko bozeroaleak adierazo dau “ez dala zuzena fakturak kaxoian gorde dituen udalak Arauaz baliau ahal izatea eta zor horreek ordaintzeko diruzaintzako eragiketa eskatu dabenak hori egin ezin izatea”.

Beste alde batetik, Batzorde Instituzionalak, Bildu taldearen Arauzko Proposamen baten hasierako erespena onartu dau. Proposamen horretan, Batzar Nagusietan aurkezten diran Foru Arauek bete behar dituen eskakizunak ezarten dituan 3/1987 Foru Arauaren 55. artikulua aldatzea eskatzen da. Bilduk, arauak onartzeko proiektuek, genero eraginari buruzko ebaluazino txostena jasotzea eskatzen dau. Proposamenak Bilduren 11 ordezkarien, Socialistas Vascos taldearen eta Euzko Abertzaleak taldearen aldeko botoa jaso dau, eta PP-ko bi batzarkideak abstenidu egin dira.