Aurreko Albisteak

BPG-k 4 milioi euro aurreztu ditu Bilboko Metroaren 2. lineako azken zatian, Santurtzi eta Kabiezes artean

Batzordea

Bilbon, 2013ko maiatzaren 24an

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP-CTB) 4 milioi euro baino gehiago aurreztu ditu Santurtzi eta Kabiezes auzoaren arteko lur azpiko trenbidearen 2. linean burutzen ari diran lanetan, Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatuak, Bizkaiko Batzar Nagusietan burutu dan batzordean gaur aurreratu dauenez.

Holan, zati horretako superegiturako lanak egiteko 2011., 2012., eta 2013. urteetarako egoan 13.697.649 euroko aurrekontua 9.623.859 euroraino murriztea lortu dau BPG-CTB-k. Azken kopuru hori izango da azkenean proiektua egingo daben enpresen esleipenaren arabera ordainduko dana. Kopuru horreek Garamendik emon ditu, Bilboko metroa zabaltzeko lanetan BPG-CTB-ren ardurea diran kontratuen aurrezpenari buruz Jesús Isasik, Bizkaiko Talde Popularrak Bizkaiko Batzarretan dauen ordezko bozeroaleak, egin dauen galderari emondako erantzunean.

Bere parte hartzean, kontratazinoan lortutako aurrezpenaren zati bat lur azpiko trenaren erabiltzaileen “boltsikoan” nabaritzea eskatu dau, garraio tituluen prezioak merketuz. Halan da be, Foru Diputatuak batzordekide popularrari gogoratu deutso “Alderdi Popularrak onartutako Aurrekontuen Egonkortasunari eta Finantzen Iraunkortasunari buruzko Legeak adierazoten dauenez, erakunde guztiek, lortutako aurrezpena zorra murriztera eta diruzaintzako soberakina handitzera bideratu behar dabela”, eta holan egingo dala BPG-CTB-ren kasuan be.

Bilduk Batzordean dauen bozeroaleak, Aitor Torrek, eztabaida horretaz baliatuz, Jesús Isasiri gogoratu deutso koalizino abertzaleak, 2013. urteko Bilboko Metroaren tarifak izoztea iradoki ebala igaz, eta Batzar Nagusietan ordezkariak dituen gainerako talde guztiak proposamen horren kontra agertu zirala, “PP be bai”.


METROAREN ORDUTEGIAK ASTE SANTUAN

Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak, Bizkaiko Talde Popularrak, alde batetik, eta Bildu eta Socialistas Vascos taldeek, bestetik, aurkeztu dituen Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatu eta atzera bota ditu.

Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak eta Bildu taldeen 9 ordezkarien kontrako botoakaz eta Socialistas Vascos taldearen ordezkari bien abstentzinoagaz, atzera bota dabe PP taldeak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena, Aste Santuko jaiegunetan Bilboko Metroak zerbitzu zabalagoa eskini daian. Beste errazonamendu batzuen artean, Jesús Isasik, “joan dan Aste Santuan Bilbo bisitau dauen turista kopuruak gora egin dauela” esan dau.

Bilduk kontrako botoa emon dau, PP-k ez dauelako onartu zerbitzu hori zabaltzea erabagi aurretik bideragarritasun txostena egitera bideratutako zuzenketa-eskea. EAJ-PNV taldearen eretxiz, “azterlan hori ez da beharrezkoa, izan be, Bilboko Metroak kaleratu dituan Aste Santuko bidaiari kopuruari buruzko datuak kontuan izanda, egun horreetako eskaerea, urteko gainerako jaiegunetakoa baino ehuneko 30 txikiagoa izan da. Hori dala eta, ez dago inongo errazoirik, ez ekonomiaren ezta gizartearen ikuspegitik be, trenbide metropolitarrak eskintzen dauen zerbitzua zabaltzeko”.


AUTOBUSA SAN JUAN AUZORA (SANTURTZI)

Batzordeak atzera bota dau, baita be, Bildu eta Socialistas Vascos taldeek aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena, Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaibus programaren bitartez, ordu erditik behin, Santurtziko San Juan auzoa eta herriaren erdialdea lotuko dituan bidaiarien garraio zerbitzua martxan jarri daian eskatzeko. “Eskaera horrek, herriko Udalean ordezkaritzea daukien talde guztien aldeko onespena jaso eban, EAJ-PNV-ko alkatea buru zala”.

“Auzo horretako biztanleek, ordubetez behingo maiztasunagaz, San Juan, Santurtzi erdialdeagaz gain, Bilborekin, Max Centerrekin eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleakaz” lotzen dauen zerbitzua daukiela” gogoratu eta gero, Itziar Garamendik adierazo dau “zerbitzu hori ez dala Foru Aldundiaren edo Bizkaibusen eskumenen barruan sartzen, udal izaera dauen linea dalako, eta, izatekotan, herriko udalak finantzatu beharko leukela, gaur egun Bizkaiko beste udalerri batzuetan gertatzen dan moduan, Bakion, Etxebarrin, Diman, Bermeon edo Erandion, adibidez”. Nerea Ahedok, EAJ-PNV taldeak Batzordean dauen bozeroaleak, Foru Diputatuaren eretxia berretsi dau, eta eskatutako neurriak “antzeko biztanleriak eta mobiduteko arazoak dituen Bizkaiko beste udalerri batzuk baztertuko leukezala” adierazo dau.

Arauz Besteko Proposamenaren defendatzaileek, Isaac Fernándezek (Socialistas Vascos) eta Aitor Torrek (Bildu), gizartearen aldetik dagoan eskaerea aitatu dabe, Santurtziko Udalak aho batez onartutakoa, eta baita San Juan auzoaren ezaugarri soziologiko eta orografiko bereziak be. Gogoratu dabe bertan ez dagoala “ikastetxe, anbulatorio edo supermerkatu bakar bat be”. Azkenean, proposamena baztertu egin da, EAJ-PNV taldearen kontrako sei botoakaz eta PP-ko batzordekide bien abstentzinoagaz.


BIRIBILUNEA BI-625 ERREPIDEAN, ARRIGORRIAGAN

Beste alde batetik, Batzordeko Talde guztiek Bizkaiko Foru Aldundiak, Herri Lan eta Garraioetako Sailaren bitartez, Sustapen Ministerioagaz eta Autopista Vasco-Aragonesa (AVASA) enpresagaz sinatu dauen Alkarlanerako Hitzarmena berretsi dabe, Arrigorriagako udalerrian dagoan AP-68/BI-625 lotune barrian biribilune barriaren eraikuntza sustatzeko. Itziar Garamendiren berbetan, “beharrezko lana da, trafikoa antolatzeko, eta holan, bideko segurtasuna hobetzeko eta inguru horretan gertatzen diran ahalmen arazoak konpontzeko”. Proiektu horren aurrekontua 2 milioi eurokoa da. Bildu taldearen bozeroaleak, aukera horretaz baliatuz, 2026. urtea baino lehen AP-68 autopistaren eskumena Aldundiaren esku geratzea eskatu dau. Urte horretan amaituko da errepide azpiegitura horren emakidea, Foru Aldundiaren esku ez dagoan lurralde historikoko bakarra.

Amaitzeko, Jesús Isasik (PP), Bilbao-Card turismo txartela martxan jarteak dauen atzerapena kritikau dau. Txartel horregaz aukera egongo da, gitxiago ordainduta, uri barruko garraio publikoa erabilteko eta museoetan, dendetan, jatetxeetan, aisiako establezimenduetan, ikuskizunetan eta bestelako zerbitzuetan beherapen garrantzitsuak lortzeko.