Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Arrain hiruarantzaren kudeaketa planaren berrikuspena eskatu dabe

Batzordea

Bilbon, 2013ko maiatzaren 23an.

Batzar Nagusiak aho batez onartu dabe gaur goizean, Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordean, Arauz Besteko Proposamen bat, Foru Aldundiak, 2008ko Arrain hiruarantzaren kudeaketa plana “aldatu” daian, adituek emondako aholkuetan oinarrituz, eta espezie “zaurgarri” horren interes bereziko lekuak “berrikusi” eta “zabaldu” daizan, arrainaren egoera erreala eta babesteko hartu behar diran neurriak kontuan izanda. Arturo Aldecoak, PP-ko batzarkide eta ekimenaren bultzatzaileak, esan dau helburua arrain horren populazinoen “gain-beherea” saihestea dala, Galindo ibaian, batez be.

EHU-ko adituek 2012. urtean egindako jarraipenerako azkeneko azterlanek erakusten dabenez, espezie horren presentzia “oso txikia” da Galindo ibaian, eta aurreko azterlanetan Ondejada eta Granada erreketan ikusi ziran populazinoak “desagertu” egin dira, Ezkerraldeko arroan arrain horren egoerea eta gero eta gitxiago egotearen zergaitiak azaltzeko Batzar Nagusien aurrean agertu dan Iosu Madariagak, Ingurumeneko Foru Diputatuak, adierazo dauenez. Aitatutako arrazoien artean, aldundiko arduradunak “habitataren galerea”, “uraren kalidade gero eta eskasagoa” eta “ur-etorrien erregimenaren alterazinoa” aitatu ditu.

Madariagak iragarri dau aurrekoa berrikusi eta gero prestatuko dan Kudeaketa Planean, Unibertsidadeak egindako jarraipenerako azterlanak aurreratzen dituan hainbat neurri jaso ahal izango dirala. Horreen artean honeek azpimarratu ditu: interes bereziko lekuetan uraren kalidadearen kontrola eta hobekuntzea egitea; gorago dagozan urtegietatik bat-batean ur-askatze handiak saihestea, arrainaren ugalketa garaietan, batez be (apirila eta abuztua artean); eta “gasterosteus aculeatus” honentzat mehatxu izan daitekezan espezie “exotikoen” kontrola.


HONDARTZAINAK

Kontrolerako saio berean, Ingurumeneko Foru Diputatua Bildu taldearen eskaereari erantzunez agertu da batzordearen aurrean, denpora gitxi barru hasiko dan udako hondartza kanpainarako “hondartzainak” kontratetako Foru Aldundiak jarraituko dauen prozedurea azaldu daian. Hasieran Madariaga harrituta agertu da, urte hasieran, aurrekontuen zirriborroa aurkeztean, berak azaldu eban gai horren inguruan sortu diran “ardurea” eta “polemikea” dirala eta.

Bizkaiko hondartzen Kudeaketa Sistema Integratuaren barruan dagoan zerbitzuan sartu diran aldaketen arrazoi “nagusia” “hobekuntzea da, eta ez aurrezpen ekonomikoa”. “Hondartzainen” taldea “hobetzeko eta profesionalago bihurtzeko” unea zan, bere garaian sorosleakaz eta kontrolerako langileakaz egin zan moduan. Azken horreen eta “hondartzainen” arteko bat egitea pausu “egokia” da, eraginkortasuna eta aurrezpena bilatzeko, azpimarratu dau.

Bilduk bere “ardurea” erakutsi dau, aurton 28 “hondartzain” kontratau diralako –2012an 77 kontratau ziran–, eta “aldaketa” horreek zerbitzuan “gabeziak” ekarri daikezalako. Koalizino abertzaleak adierazo dau, baita be, ez dagoala ados kanpoko enpresa bat langile koalifikatu horreen kontratazinoaz arduratzeagaz, aurreko denporaldietan kostaldeko udalerriak izan diranean kontratazino hori egiteaz arduratu diranak, Bizkaiko Aldundiak emoten ebazan diru-laguntzen bitartez.