Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe azterlan bat egitea, Bizkaiko museoak langabezian edo jubilauta dagozanentzat doban izan daitezan

Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskerako Batzordeak aho batez onartu dau Bizkaiko Talde Popularrak (PP) planteautako Arauz Besteko Proposamena. Bertan, Aldundiari eskaerea egiten jako azterlan bat egin daian, Foru Aldundiaren jabetzapeko edo parte hartutako museoak “asteko egun jakin batzuetan” langabezian edo jubilauta dagozanentzat doban izan daitezan.
Hori “mesedegarria” izango litzateke talde horreentzat, alderdi “ludikoan eta prestakuntzazkoan sakontzeko” aukera emongo leukelako. Arturo Aldecoaren, PP-k Batzar Nagusietan dauen ordezko bozeroalearen eta ekimenaren babeslearen eretxiz, pertsona horreek denpora librea daukie, baina holango lekuetara joateko zailtasunak ditue. Neurri horregaz, Bizkaiko museoek bisitari gehiago jasoko leukiez.
Batzarretako gainerako taldeak be azterlanaren alde agertu dira. Juan Oterminen, Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeko batzarkidearen, eretxiz, etorkizunean baliabiderik ez daukien pertsonei museoetara joatea “errazteko” bidea izan daiteke. Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeak adierazo dauenez, beste erakunde batzuekaz akordioak lortu beharko litzatekez, partekatutako jabetza dagoan museoetan. Bilduk, bere aldetik, doban izate hori asteko egun “guztietara” zabaltzea eskatu dau. “Gure eretxiz, ez leuke jende larregi joateko arriskurik sortuko”, adierazo dau Asier Sanzek, Bilduko bozeroaleak.
PUNTA BEGOÑAKO GALERIAK
Saio berean, Bilduren eta PSE-EE-ren laguntzagaz onartutako PP-ren beste proposamen batek, eskaerea egiten deutso Aldundiari, “hilebete biko epean” erakunde horrek Punta Begoñako Galerien sendotze-proiektua amaitu daian. Eduardo Andraderen (PP) eretxiz, lan horreek “preminazkoak” dira, egituraren egoerea “oso txarra” dalako.
Oposizinoko beste taldeak, Ricardo Bastidak diseinauta 1918an eregi ziran galerien kontserbazinorako prozesua arintzeko eskatu dabe. “Ezin da gehiago atzeratu. Ez dago hainbeste atzeratzeko arrazoirik. Burokrazia eta itxitasun larregi egon da”, esan dau Asier Sanzek (Bildu) atsekabetuta.
EAJ-PNV-k ekimenaren kontrako botoa emon dau, bere eretxiz emon beharreko pausuak emoten diralako, eta Foru Aldundiak zein Getxoko Udalak prozedura errespetetan dabelako eta teknikariek markautako jarraibideak eta epeak jarraitzen dituelako. Jon Sánchez jeltzalearen eretxiz, PP-ren ekimena “boluntarista” da, eta proiektu “sendoa” bilatu behar dala esan dau. “Kontu handiz eta adimenez jokatu behar da. Hoberena teknikariek emondako jarraibideei jarraitzea da”, adierazo dau.
PP-ren eretxiz, prozesua larregi luzatzen ari da. Foru Aldundiak orain urtebete iragarri eban lan taldea osatuko zala, galeria horreen degradazino prozesu etenbakoari konponbidea emoteko. Ordurako, adituek, Labein enpresaren eta Sener enpresaren bi txosten teknikoren bitartez, narriadura horren barri emon eben. 2007an kaleratutako lehenengo txostenak, “egitura sendotu egin behar zala esaten eban, lurreratu ez zedin”, gogoratu dau Andradek. Bere taldeak, aurretik sendotzeko proiektua egitea gura dau, “galeriek ezin dabelako gehiago itxaron”.
BABESA BALMASEDAKO, DURANGOKO ETA BILBOKO ASTE SANTUENTZAT
Batzordeari hasierea emoteko, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoakaz eta Bilduren kontrakoakaz onartu diran PP-ren Arauz Besteko hiru Proposamen eztabaidatu dira. Proposamen horreen bitartez, Batzar Nagusiek eskaerea egiten deutsie Eusko Jaurlaritzari, Balmasedako, Durangoko —Pasino-Kurutzebide bizidunak ditue bi horreek— eta Bilboko Aste Santuak ondasun kulturaltzat, “Kultur eremu” kategoriagaz, sailkatzeko espedienteak hasi daizan.
Bizkaiko herrietako erlijino adierazpen horreek “mende luzez dagoz errotuta”. Lurraldearen historiako oroitzapen “biziak” dira eta, Arturo Aldecoaren (PP) eretxiz, Euskadiko Administrazinoaren babesa merezi dabe. Lorea Bilbaok, talde jeltzalearen bozeroaleak adierazo dauenez, jai horreek artearen, kulturaren, gizartearen eta erlijinoaren ikuspegietatik daukien balioa, aintzatespen hori jasotzeko “mailakoa” da.
Bilduk, bere aldetik, adierazo dau bat egiten dauela pasinoa babesteagaz, partaidetzan oinarritutako izaereagaitik, baina hiru proposamenen kontra bozkatu dau, bere eretxiz jai horreek ez dabelako “euskal herriaren bizitzeko modua” erakusten, babeserako legeak adierazoten dauen lez. Irune Sotoren, koalizino abertzaleko bozeroalearen ustez, herri horreetako Aste Santuko jaiek ez dabe “zerikusi handirik” betebehar horregaz eta “akonfesionala” ei dan Estadu baten errealidadeagaz.
GALEAKO GOTORLEKUA ETA ITSASARGIA
Beste alde batetik, batzordeak aho batez onartu dau Aldundiak eta Getxoko Udalak La Galeako antxinako gotorlekuagaz eta Itsasargiagaz zer egin aztertzea. PP-k aurkeztutako ekimenaren helburua, bi administrazinoak ados jartea da, XVIII. mendeko multzo arkitektoniko horri “balioa emoteko eta daukazan interes eta gaitasunak aprobetxetako”. Saio berean onartu dan eta ahoz aldatu dan Bilduren zuzenketa-eskeak, bi erakundeek uritarren partaidetzarako mekanismoa ezarri daiela eskatzen dau, Arturo Aldecoaren (PP) berbetan, “Bizkaiko Golkoan geratzen dan gotorleku gitxienetakoa danak” etorkizunean izango dituan erabilerak aukeratzeko.
LAGUNTZA GALDAKAO IBAIZABAL TALDEARI
Modu berean, Batzarretako taldeek, Galdakao Ibaizabal emakumeen saskibaloi taldeari zorionak emotea eta zorion hori jende aurrean adierazotea erabagi dabe, orain denpora gitxi kirol horretako kategoriarik altuenera igotzea lortu dabelako. Bizkaiko Batzarrek eskaerea egin deutsie Aldundiari, datorren urtean laguntzea emon deion, Bizkaian saskibaloia bultzatzen 30 urte beharrean daroazan talde “apalari”.