Aurreko Albisteak

PP alderdiak nahi dau Bizkaiko museoak asteko egun jakin batzuetan langabezian edo jubilaturik dagozanentzat doan izatea

Bellas Artes

Bilbon, 2013ko maiatzaren 22an

Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskerako Batzordea bihar, maiatzak 23, batzartuko da eta Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako zortzi Arauz Besteko Proposamen izango ditu aztergai. Proposamen horreetariko baten eskatzen dabe Foru Aldundiaren jabetzapeko edo parte hartutako museoak asteko egun jakin batzuetan langabezian edo jubilaturik dagozanentzat doan izatea.

Aztertuko diran lehen Arauz Besteko Proposamenen bitartez Eusko Jaurlaritzari eskatzen jako Balmasedako, Durangoko —Pasino-Kurutzebide bizidunak ditue bi horreek— eta Bilboko Aste Santua ondasun kulturaltzat, kultur eremu kategoriarekin, sailkatzeko espedienteak abiarazotea.

Beste aztergai bat izango da Getxoko La Galeako antxinako gotorlekua eta Itsasargia museo edo kulturgune bihurtzea. Arturo Aldecoa jaunak, Batzar Nagusietako Bizkaiko Talde Popularreko Taldeburuordeak, eskatzen dau Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Getxoko Udalaren artean hitzarmena sinatzea “inguru horri balioa emoteko eta daukazan interes eta gaitasunak aprobetxatzeko.”

XVIII. mendetik datorren eraikuntza militar hori berroneratzeko prozesuan hasi aurretik, PP alderdiak uste dau komenigarria izango litzatekela barruan dagozan kainoiak bertatik kentzea, lapurtu ez dagiezan eta gehiago hondatu ez daitezan. Aldundiari eskatzen deutso kainoiok aldibaterako gorde eta tratamentu egokia emotea. Bildu Taldeak zuzenketa-eskea aurkeztu dau eskatzeko parte hartze prozesu baten bitartez herritarrei galdetzeko Galeako gotorlekuak izan beharko leuken erabilera kultural zehatzaren inguruan.

Getxo udalerritik urten barik, PP alderdiak beste Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztu dau Aldundiari eskatzeko “Punta Begoñako Galerien sendotze-proiektua hila bete biko epean amaitu dagiala, horren ostean berroneratze-lanei berehala ekin ahal izateko.” Berroneratze prozesua ezin daiteke gehiago atzeratu, “galeriak gero eta egoera txarragoan dagozalako, egunik egun zatika-zatika deseginez”, Eduardo Andrade PPko batzarkidearen hitzetan.