Aurreko Albisteak

Domekan, ekainaren 2an, Batzar Nagusietarako deia Oiz menditik

Cartel

Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zala-ta 2004. urtean hasitako ohitureari eutsi eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aurton be “Deiadar-Mendien igoerea” antolatu dabe datorren domekarako, ekainak 2. Aurton Oiz mendian izango da ospakizuna.

Oiz mendiagaz batera Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Sollube dira bost Deiadar-Mendiak, antxina mendion tontorretatik adar hotsagaz egiten zan-eta Gernikako Batzar Nagusirako deia. Aurtengoa hamargarren edizinoa izango da, urtean behin horreetariko mendi baten egiten da-ta ospakizuna.

Mendi igoera hori Batzar Nagusiek alkarlanean antolatzen dabe bost mendi-taldegaz: Balmaseda Mendi Taldea, Gailurra (Bilbao), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) y Alpino Tabira (Durango). Igoerarako Garaiko udaletxearen ondoan batuko dira mendizaleak goizeko 9:00etan, eta tontorrerantz abiatuko dira, eguerdiko 12:00ak inguruan heldu eta 1.026 metro dituan tontorretik bertatik Batzar Nagusirako deiadarra joteko, ordu bi eta erdi inguruko ibilaldia egin ondoren.

Deiadar-egunetarako beren-beregi egindako adar berezia joko da, urte bakotxean Deiadar-Mendi baten joten dana. Adarra jo eta gero, oparitxua emongo jake parte hartu daben mendizaleei. Giroa alaitzeko musikea eta dantzak egongo dira, eta kopautxu bat be banatuko da.

Igazko edizinoan Deiadar-Mendien egunerako Bizkaiko Batzar Nagusiek egindako deiari erantzun eta ehunka lagun batu ziran Solluberen tontorrean, Deiadar-Mendietarako igoerea daborduko ibilbide klasiko bihurtu da-ta Bizkaiko mendizaleentzat izan dituan bederatzi edizinoei esker