Batzar Nagusiek udalak barriztatzeko Legearen Aurreproiektua baztertzeko eskatu deutsie Gobernu Zentralari

Gaur goizean Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak ezezkoa emon deutso Gobernu Zentralak aurkeztutako Toki Administrazinoaren Arrazionalizazinorako eta Egonkortasunerako Legearen Aurreproiektuari. Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Bilduk eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeek alkarren artean adostutako Arauz Besteko Proposamenaren bitartez, gonbidapena egiten jako Mariano Rajoyk zuzendutako Gobernuari, testua baztertu daian, Bizkaiko udalen eta mankomunidadeen toki autonomia onartu daian, Euskadiko erakunde egituraren foru berezitasuna errespetau daian eta Parlamentuko talde guztiakaz negoziazino prozesua zabaldu daian, beste eskari batzuen artean.
Proposamenak aurrera egin dau, hiru talde politiko horreetako ordezkarien laguntzagaz (39 batzarkide) eta Bizkaiko Talde Popularraren (PP) kontrako botoagaz. Proposamenak eskaerea sartzen dau, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Udal Legearen Proiektuan aurrera egin daian. Aldi berean, Foru Aldundiari eskaerea egiten deutso, udalakaz, erakundeakaz eta Bizkaiko Toki Administrazinoan lan egiten dabenakaz, eta Euskadiko gainerako erakundeakaz batera, erantzun bateratua emon daian.
Adostutako ekimen horren aurkezpenaren helburua, bultzatzaileek adierazo dabenez, Bizkaitik tokiko autonomia defenditzea da. Iñaki Egañaren, PSE-EE-ko bozeroalearen, eretxiz, joan dan zezeilaren 15ean Ministro Kontseiluak onartutako Lege Aurre-proiektuak “absolutismo usaina dauka, eta kazikismora itzultzea bilatzen dau”. Irune Sotoren, Bilduko bozeroalearen, ustetan, Madrilgo Gobernuaren asmoa, Tokiko Administrazinoa mozten jarraitzeko egin dauen apustuaren beste pausu bat da, “Europatik Administrazino Publikoa murrizteko heldu dan aginduari erantzuten deutso”. Jon Sánchezek, EAJ-PNV-k Bizkaiko Ganberan daukan ordezko bozeroaleak adierazo dau Rajoyren Gobernuak proposatzen dituan aldaketek “Udalak desegiten eta euren eukia hustu egiten dituela”, Udalen gastua gastu publiko osoaren %13koa baino ez bada be.
Orain hiru aste ospatu zan Tokiko Administrazinoa barrizteteari buruzko eztabaidan egin eban moduan, Esther Martínezek, PP-ko bozeroaleak, argitu dau testua ez dala Aurreproiektua, Espainiako Gobernuak prestautako txostena baino, eta testu horren inguruan eztabaidatu egingo dala eta aldaketak sartu ahal izango jakozala Kongresuan izango dauen tramitazinoan.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Gernikako Batzarretxean ospatutako osoko bilera goizeko 09:30etan hasi da, Ana Madariagak, Ganberako Presidenteak, Bizkaiko Batzar Nagusiek sexu orientazinoaren eta genero identidadearen ondoriozko bazterketearen kontrako burrukan daukan konpromisoa jasoten dauen Adierazpen Instituzionala (ikusi erantsitako dokumentua) irakurri dau, Homofobiaren, Lesbofobiaren eta Transfobiaren kontrako Egunaren bezperan.
FORU ARAUEN ZUZENKETEA
Saioaren lehenengo parte honetan, osoko batzarrak, irakurketa bakarraren metodoa erabilita, eta EAJ-PNV eta PP taldeen aldeko botoagaz eta Bilduren eta PSE-ren abstentzinoagaz, Foru Aldundiak, iruzur fiskalaren kontrako burrukea indartzeko neurri gehigarriei buruzko Foru Araua onartu eta indarrean sartu ostean, Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 23ko 2/2005 Foru Arauan eta Ondarearen gaineko Zergari buruzko zezeilaren 27ko 2/2013 Foru Arauan aurkitutako okerrak zuzentzen dituan Foru Arauaren Proiektua onartu dau.
BAZTERTUTAKO EKIMENAK
Horren ostean, batzarretako taldeek, Bizkaiko toki entitateen (udal eta mankomunidadeen) aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren arloetan finantza tutoretzaren eskumena garatzeari buruz Bilduk planteautako Foru Arau proposamena eztabaidatu dabe. Bizkaiko Legebatzarrak ez dau tramitazino prozesuagaz jarraituko, Bilduren ekimenak gainerako taldeen (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) kontrako botoa jaso dauelako. Bilduk, baliabide publikoen esleipen eta erabileraren efizientziari, erantzukizunari eta erakunde leialtasunari buruzko printzipioak benetan apliketako beharrezkoak diran prozedurak ezarri gura izan ditu.
Puntu batzuetan ados egon arren, oposizinoko hiru taldeen eretxiz, koalizino abertzaleak hobakuntza horreek, une honetan Bizkaiko Ganberan tramitetan dagoan udal finantziazinoari buruzko Foru Arauari aurkeztutako zuzenketa-eskeen bitartez eskatzeko aukera izan dau. Aldaketen artean, EAJ-PNV taldeak, “finantza egoera positiboa” daukien udalek etorkizunean diruzaintzako soberakina erabilteko aukerea izatea eskatu dau.
ZATIETAKO RADARREN INSTALAZINOA
Arauz Besteko Proposamenen atalean, Osoko Batzarrak PP-k aurkeztu dauen eta PSE-EE-ren zuzenketa-eskea jaso dauen ekimena onartu dau. Proposamen horretan, istripu askoko errepide zatietan radar finkoak jarteari lehentasuna emon deiola eskatzen jako Aldundiari. Bizkaian oraindino ez dagoan kontrol eredu horrek ibilgailu batek errepideko zati batean daroan abiadurea jasoten dau, eta ez puntu jakin batean, gaur egungo radar finkoakaz gertatzen dan moduan.
Eztabaidan, batzarretako taldeek eredu biak “osagarriak” dirala esan dabe. “Ez dira baztergarriak” azpimarratu dau Nerea Ahedo jeltzaleak. Bilduk azkenean abstentzinora joatea erabagi dau, izan be, talde horretako ordezko bozeroalea dan Aitor Torreren eretxiz, radar horreen instalazinoak “dirua biltzeko asmoa” ezkutau daike. Horrez gain, esan dau errepide sarean badagozala heriotzak gertatu diran arren “istripu ugariko zati” moduan katalogauta ez dagozan zatiak, “Muxika edo Larrauriko zuzengunea”, adibidez.
Eztabaidaren parte horretan, Batzar Nagusietako osoko batzarrak aho batez erabagi dau Lakuako Jaurlaritzari, Zugaztietako, Larrañetako, Barrionuevoko, Burzako-Matamoroseko eta Trapagaraneko goi aldeko Meatzaldeko Kultur Paisaia ondasun kulturaltzat, Monumentu Multzo kategoriagaz, izendatzeko espedientea barriro be abiarazo daiala.
Beste proposamen batean, PP-k, PSE-EE-ren aldeko botoagaz, EAJ-PNV-ren abstentzinoagaz eta Bilduren kontrako botoagaz, Bizkaiko ganberak “Espainian ez dagoala preso politikorik argi eta garbi esan daiala” lortu dau.
JOSE LUIS BILBAO PETRONORREKO EKITALDIAN EGON EZ IZANA
Ohi dan lez, batzarretako taldeek ahoz egindako galderei Aldundiak emondako erantzunakaz amaitu da bilerea. PP alderdiak galdetu deutso Jose Luis Bilbao buru dan Aldundiari ea zergaitik ez zan joan Ahaldun Nagusia Petronor enpresaren koke plantaren inaugurazino ekitaldira. Jose Luis Bilbaok gogoratu dau ez zala ekitaldi horretara joan “aurretik hitzartutako familiako konpromisoak” eukazalako. Bere alderdiaren eta Aldundiaren laguntza ez da erakusten “Errege familiagaz argazkia atarata edo kanape batzuk janda”, esan dau, ironia erabiliz. Ahaldun Nagusiaren eretxiz, bere Gobernuak “Bizkaiko bigarren zergadun handienak” martxan jarri dauen industria proiektuari erakutsitako laguntzea “argia” izan da hasiera-hasieratik, eta holan, “EAJ-PNV-k Muskizeko alkatetzea galdu eban, milioi askoko inbertsino pribatu horren “kontra bozkatu eben beste batzuen aurrean bere berbeari eusteagaitik”.
BILBOKO METROA ETA TXARTEL BAKARRA
Horren ostean, oposizinoak egindako galderei erantzunda, Aldundiak esan dau Bilboko Metroak aurtengo zezeilean bidaiari gitxiago izan dituala, hilebete horrek 2012an baino egun bat gitxiago izan dauelako, igazkoa 29 egunekoa zan eta. Zenbaketa osotik lanegun bat kendu ezkero, erabiltzaileen kopuruaren murrizketea %0,29koa izango litzateke, PSE-EE-k bere galderan jasoten eban %4,4koa izan beharrean, Estadistikako Institutu Nazionalaren (INE) datuetan oinarrituta. Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako diputatuak, Bilboko Metroaren urteko lehen lauhilekoaren datuak azaldu ditu. Datu horreek %0,30eko jatsiera erakusten dabe aurreko urteko garai berberagaz alderatuta.
Aste Santuan eskaini diran metro zerbitzuei jagokenez, Aldundiak esan dau jaiegun horreetan gugana etorten diran turisten arduren artean ez dagozala Bilboko lur azpiko trenbidearen zerbitzuak, Lurraldeko Turismo Behatokiak jaso dituan datuek erakusten dabenez. Ahozko galdera batean PP-k metroaren zerbitzua zabaltzeko erakutsi dauen asmoa dala eta, Imanol Pradalesek, Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, erantzun dau metroak bost egun horreetan eskaini eban zerbitzua “zabala eta eskaerea baino handiagoa” izan zala. Bere berbetan, Bilboko trenbide metropolitarrak jaiegunetako ohiko maiztasunak eskaini ebazan Aste Santuan beste jaiegunakaz alderatuz “batez besteko bidaiari kopurua %59 txikiagoa izan bazan be”. Trenetan 200 pertsonak bidaiatu eben batez beste, eta trenen ahalmena, 4 kotxeko konboietan 570 bidaiarikoa, eta 5 kotxekoetan 718koa da.
Horrez gain, Foru Aldundiak, bere helburuen artean, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko kide dan neurrian, garraiorako txartel bakarraren ezarpena dagoala adierazo dau, lurraldeko gobernuak alor horretan aurrera eroan dituan gestinoei buruz PP-k egin dauen galderari erantzunez. Itziar Garamendik argitu gura izan dau txartel bakar hori jada existitzen dala, Barik dala, eta BGP-CTB beharrean dabilela “tarifak integratzeko prozesuan”, hau da, “tarifa bakarra” ezartzeko beharrean. Tarifa hori indarrean jartean, ibilbide bat, garraio modu bat edo beste erabilita be, “bardin kostauko litzateke”.