Batzar Nagusia egingo da Gernikan eguenean, maiatzaren 16an

Bizkaiko 51 ordezkariak deituta dagoz biharko Gernikako Batzarretxean egingo dan Batzar Nagusira, gai-zerrendan sartutako dozena bat aztergai ingururi buruz erabagiteko. Lau Arauz Besteko Proposamen, hiru Ahozko Erantzun-Eske, Arau Proposamen bat eta aurreko beste foru arau batzuen akatsak zuzentzen dituan Foru Arau Proiektu bat sartu dira gai-zerrenda horretan, Batzar Nagusietako Lehendakariak, Ana Madariagak, bihar goizeko 9:30etan hasita deitutako Batzar Nagusian aztertzeko.
Batzarraren hasieran lehenengo egingo dana da Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 23ko 2/2005 Foru Arauan eta Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauan aurkitutako okerrak zuzentzen dituan Foru Arauaren Proiektua irakurketa bakarrez bideratzea.
Ondoren, Bizkaiko toki entitateen (udal eta mankomunitateen) aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzeari buruz Bildu Taldeak aurkeztutako Arau Proposamena eztabaidatuko dabe Taldeek. Ezker Abertzaleen Taldeak aurkeztutako proposamenaren xedea da finantza tutoretzaren erabilpenaren barruan ezartea Bizkaiko toki sektorearen aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari, urteaniztasunari, gardentasunari, baliabide publikoen esleipen eta erabileraren efizientziari, erantzukizunari eta erakunde leialtasunari buruzko printzipioak benetan aplikateko beharrezkoak diran prozedurak.
Arauz Besteko Proposamenei jagokenez, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) hiru ditu aurkeztuta. Lehenengoan, Talde horrek Batzar Nagusien aldeko botoa eskatzen dau Eusko Jaurlaritzari eskatzeko lehentasuna emon deiola istripu askoko errepide zatietan radar finkoak jarteari. Beste baten, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko be abiarazi dagiala Zugaztietako, Larrañetako, Barrionuevoko, Burzako-Matamoroseko eta Trapagaraneko goi aldeko Meatzaldeko Kultur Paisaia ondasun kulturaltzat, Monumentu Multzo kategoriarekin, izendatzeko espedientea. Eta azken proposamenean, Talde horrek gura dau Bizkaiko Batzar Nagusiek “irmotasun osoz adierazotea Espainian ez dagoala preso politikorik”.
Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak (EAJ), Bildu eta Socialistas Vascos (PSE-EE) Taldeek alkarregaz batera aurketutako Arauz Besteko Proposamena eztabaidatuko da, zeinaren bitartez Espainiako Gobernuari eskatu gura jakon Ministroen Kontseiluak otsailaren 15ean onartutako Toki Administrazioen arrazionalizazio eta egonkortasun Legea bertan behera itxi dagiala eta parlamentuko talde guztiakaz eta toki administrazinoan lanean diharduen eragileakaz negoziaketa prozesua edegi dagiala, beste eskaera batzuen artean.
Ohi dan lez, Batzar Nagusiaren amaieran Batzarkide-Taldeek aurkeztutako ahozko erantzun-eskeei Aldundiak emon beharreko erantzunak etorriko dira. PP alderdiak galdetu egiten deutso Aldundiari ea zergaitik ez zan joan Ahaldun Nagusia Petronor enpresaren koke plantearen inaugurazino ekitaldira, ea zeintzuk izan ziran Aste Santuko egunetan turistei eskaini jakezan garraio zerbitzuak eta ea zein izan dan Metro Bilbaok otsailean izandako erabiltzaileen beherakadearen arrazoia.