Aurreko Albisteak

Batzorderatze-eskeak dagoz Aldundiak azalpenak emon dagizan errepideak egiteko errautsak erabilteari buruz eta San Mameseko sarrera barrietako segurtasunari buruz

Túnel de San Mames

Bilbon, 2013ko maiatzaren 14an

Batzarkide-Taldeek zenbait ekimen aurkeztu ditue foru errepide sareari buruz. Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak maiatzaren 15ean izango dauen batzar horretan, beste aztergai batzuen artean, Bilduk uren tratamenduko errautsak errepideak egiteko erabilteari buruz Aldundiari eskatutako batzorderatzea gauzatuko da. Beste alde batetik, zapatuan San Mameseko sarbide barriak edegiko dirala-ta, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) jakin gura dau zertan diran errepide horretarako jarritako “segurtasun protokoloak”.

Txorierriko Igarobidearen zoruaren egoera dala-ta, Bizkaiko Talde Popularreko Jesús Isasik ahozko erantzun-eskea aurkeztu deutso Aldundiari, jakiteko zenbateraino bete dauen horren zorua hobatzeko agindua emonez onartu zan Arauz Besteko Proposamena.

Batzordeak onartutako beste ekimen batzuen ildotik, Bizkaiko Talde Popularreko Isasi jaunak jakin gura dau bere Taldeak azken urtean aurkeztutako beste proposamen batzuk noraino bete diran. Talde Popularreko batzarkideak galdetu egingo deutso Aldundiari zer egingo dauen Santo Domingoko errepidearen segurtasuna hobatzeko (urriaren 30ean onartu zan Arauz Besteko Proposamenean esaten zanaren arabera); beste batetik, Foru Errepide Sarerako Bizkaian dagozan kontrol-zentroak batzeari buruz (aurtengo martiaren 21eko akordia); eta azkenik, joandako 2012ko apirilaren 3an izandako bileran eskatu zan txosten baten arabera, bidaiarien errepideko garraioaren eta enpresa pribatuagazko lehiaren inguruan Euskotrenek dauen egoereari buruz.