Aurreko Albisteak

Esteban de Terreros jaunaren lanaren eta pertsonearen inguruko erakusketea

Terrerosen lana

Esteban de Terreros Enkarterriko Turtzioz haranean jaio zan 1707. urtean eta XVIII. mendeko intelektualik handienetakotzat hartzen da. Lan ugari egin zituan, batez be gaztelerearen filologiaren eta itzulpengintzaren arloetan, eta aurreratua izan zan ikerketarako eta azterketarako metodoetan.

Egin zituan lanen artetik bikaiena “Diccionario castellano con las voces de ciencias y artes...” izenburuduna da; 20 urte inguru emon zituan hori egiten. Bere garaiko terminologia teknikoa eta zientifikoa batzeko ahaleginean egindako lehenengo hiztegia izan zan, bizitzaren alderdi guztiak hartu nahaian, nekazaritzaren eta abeltzantzaren arlo arruntetatik hasi eta beste arlo bereziago batzuetaraino, matematikak eta nautika esaterako. Hau da, hiztegi bakar baten bildu gura izan zituan bere garaiko ofizio eta ogibide guztietan erabilitako hitzak eta terminoak. 180.000 sarreratik gora bildu zituan.

Hiztegi hori egiteko orain 300 urte aitzindari izan zan metodoa erabili eban, "Landa lana” deiturikoa, gaur egun historialari, etnografo, soziologo eta abarrekoek erabili arren XVIII. mendean ezezaguna zan-eta. Esteban de Terreros ez zan geratu bestelako lanak irakurri edo kontsultatze hutsean, haratago joan ogibide guztietako langileengana jo eta euren eguneroko lanean erabilten ebezzn gauzen izena zein zan eta zein esanahi eukien galdetzen eustien, “partikerako edo bidaiatarako tintontzi” bat baino ez eroala aldean.

Forlin (Itailian) hil zan Esteban de Terreros, jesusen lagundikoak Europako hainbat lekutatik kanporatuak izan eta gero, eta hantxe dago lurperatuta. Bitxikeri moduan esan Turtziozeko San Pedro de Romaña eleizan beteatu ebela eta hileta-mezea Forliko San Mercurial eleizean izan zala, Itailiako La Romagna eskualdean hain zuzen be.