Aurreko Albisteak

PP alderdiaren Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatuko da, Ur Partzuergoari eskatzeko uraren tarifak merketu dagizala familiakide guztiak langabezian dagozan kasuetarako eta pentsino txikiak daukiezanentzako

Embalse

Bilbon, 2013ko maiatzaren 9ean

Bizkaiko Talde Popularrak (PP alderdiak) uste dau Ur Partzuergoak jende gehiagori aplikatu beharko leuskiozala uraren tarifetan gaur egun daukazan deskontuak. Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztu dau horretarako, Ur Partzuergoak deskontuak aplikatu deiezan familiako guztiak langabezian dituela egiaztatu dagien kontsumitzaileei batetik, eta bestetik, 60 urtetik gorako kontsumitzaile izanik jubilazinoagaitik, ezgaitasun iraunkorragaitik eta alargun izateagaitik Gizarte Segurantzako Sistemako pentsinodunak dirala egiaztaten dabenei, baldin eta jagoken pentsino motarako indarrean diran pentsinorik txikienak jasoten baditue. Beraz, gaur egun deskontua daukien familia ugariakaz batera horreek giza-taldeok be deskontuak izango leukiez.

Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak argipideak emongo deutsez Batzarkide-Taldeei Estatuko Administrazio Orokorragaz sinatu gura dauen hitzarmen bati buruz, indarreko legediak ezartzen dauen zerbitzugintza sustatu eta bultzatzeko Bizkaian, bereziki ekintzaile guztiei informazioa eta aholkuak emoteko, eta agiri bakar elektronikoaren bidez enpresen izapidetze telematikoa egiteko. Ekonomia Sustatzeko Sailaren eta Energia eta Turismo Ministerioaren arteko hitzarmena indarrean sartu ahal izateko Batzar Nagusien sendespena behar da aldezaurretik.


BATZORDERATZE-ESKEAK

Beste alde batetik, Bildu eta Socialistas Vascos (PSE) Batzarkide-Taldeek Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuaren batzorderatzea eskatuta daukie, jakiteko ea noraino bete diran joandako martiaren 22an onartu ziran Arauz Besteko Proposamen bi, Virtisú enpresearen egoereari buruzkoak hain zuzen. Proposamenotan eskatu egin jakon Aldundiari, batetik, Zallan eta Gueñesen dagoan enpresa horretan Aldundiak behinola egindako inbertsinoa bermatzeko egin beharrekoak “martxan jarri dagizala presaz”, eta bestetik, bilatu dagiala formularen bat bideratzeko Virtisúko langileei azarotik hona soldatea ez jasoteak sortuazotako arazoari konponbidea emoteko.

Azkenik, Bildu Taldeak jakin gura dau zein dan Aldundiaren ikuspuntua EUSTATek argitaratu dituan berrikuntzari buruzko 2011ko datuen inguruan. Hor esaten da “ikerketa eta garapenean inbertitzen dan zenbatekoa” %0,5 gitxitu dala Bizkaian eta Euskal Autonomi Erkidegoan BPGren %2,06an dagoala, eta guztirako inbertsinoaren %38,6a erakundeetatik datorrela.