Aurreko Albisteak

Bizkaiak %1,3 murriztu eban zaborren sorkuntza, eta uriko hondakin solidoen %40 birziklatu eban joan dan urtean

Batzordea

Bilbon, 2013ko maiatzaren 3an

Iosu Madariagak, Ingurumeneko Foru diputatuak, bizkaitarrak joan dan urtean sortu eben zaborrari buruz Foru Aldundiak egin dauen kudeaketearen balantzea aurkeztu dau gaur Batzar Nagusien aurrean. Emondako datuen barruan, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 22/2011 legeak ezarritako erispide barrien araberako etxeetako eta saltokietako hondakinak sartzen dira. Datu horreek ikusita, esan behar da bizkaitar bakotxak 535 zabor kilo sortu ebazala 2012an, hau da, 619.963 tona uriko hondakin solido, 2011n baino 8.077 tona gitxiago. Hau da, %1,3ko murrizketea egon da.

Aldundiko arduraduna Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordearen aurrean agertu da, Bizkaiko Popularren (PP) taldeak eskatuta, 2012ko ekitaldiko Hiri Hondakinen Behatoki Iraunkorraren Balantzean jasoten diran datu nagusiak azaltzeko. Datu horreen artean Madariagak hiri hondakinen murrizketa esanguratsua azpimarratu dau, eta baita berrerabilera eta birziklapen ehunekoa be, Lurraldean kudeatzen diran hondakin guztien %40tik gertu dago-eta. Holan, 2016. urterako markatu zan helburua lau urte lehenago lortu da.

Txostenak adierazoten dauenez, Bizkaiak hobera egin dau frakzino guztien batuketa selektiboan eta birziklapenean. Ganera, Lurraldean sortutako lehen mailako uriko hondakinaren %73 aprobetxau egiten da, materialerako (%39) edo energiarako (%34) –Zabalgarbiren bitartez–, eta %27 baino ez da hondakindegi “kontrolauetara” eroaten.

Madariagaren berbetan, aurreikuspenak beteten badira, Bizkaiak “hobetu” egingo ditu batuketa selektibo eta birziklapen indizeak, aurtengo zezeilean inaugurau dan Tratamendu Mekaniko Biologikoaren Planta martxan jarri eta gero.

Diputatuaren eretxiz, datu horreek, aldundiak uriko hondakin solidoen arloan aurrera daroan politikaren “arrakasta” erakusten dabe, eta horren errazoietako bat Bizkaiko Batzarretako taldeen artean lortutako “adostasun politiko handia” izan da. Hori da Bizkaiari “arlo horretan aurreratuen dagozan Europako herrialdeen pareko lidergoa” lortzeko aukera emon deutsan “klabea”, Aldundiko arduradunak adierazo dauenez.

Socialistas Vascos (PSE) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeak bat etorri dira Aldundiko ordezkariagaz, emaitza horreek “adostasun politikoari” esker lortu dirala esatean. Lurraldeak, “ikuspegi teknikotik errazoizkoa” dan konponbidea lortu dau, Arturo Aldecoaren, PP-ko ordezkariaren berbetan. Arturo Aldecoak Aldundia animau dau, etorkizunari begira, materia organikoaren frakzinoaren kudeaketea bosgarren edukiontziaren eta informazino kanpainen bitartez egitea aztertu daian.

Bildu taldeak, bere aldetik, zaborren sorkuntzan egon dan murrizketea kontsumoaren ondorioa, eta ez herritarren kontzientziazinoaren ondorioa, dala esan dau. Aitor Torrek, koalizino abertzalearen ordezko bozeroaleak adierazo dau foru diputatua iraganean aurrera eroan ziran politiken “preso” dagoala. Torreren berbetan, Bizkaian sortutako hondakinen %80 “erraustegietara” bideratzen da, Zabalgarbiren bidez. Madariagaren bisitaz baliatuz, bosgarren edukiontziari eta Berrizko udalak egiten dauen “atez ateko” batuketa sistemari buruz galdetu deutso.

Madariagak, Berrizen zaborrak batzeko garatu dan esperientziari buruz berba egitean, tokiko autonomiaren ondoriozko gauza dala esan dau, eta “argi itxi gura izan dau” arlo horretako eskumenak “udalen esku dagozala”. Gai berari lotuta, Aldundiko arduradunak onartu dau Aldundiak “amaierarako” itxi dauela hondakin organikoen kudeaketea. Bere eretxiz, hobe da “lehenengo” hondakin horreen aprobetxamendua lantzea, eta horren ostean “epe luzeko” hondakin arloko estrategia ezartea. Adierazo dauenez, arlo organikoan “bidearen hasieran gagoz”.


IGORREKO INERTEEN HONDAKINDEGIKO BESTERENGANATZEA

PP-ren ekimenez, baita be, Ingurumeneko Foru Diputatua Bizkaiko Ganbararen aurrera agertu da, Igorreko hondakin inerteen eta ez arriskutsuen besterenganatzearen zergaitiak eta Lurraldearentzat izango dituan ondorioak azaltzeko.

Madariagak adierazo dauenez, aktibo horren besterenganatzea Garbiker soziedade publikoaren Administrazino Kontseiluak erabagi eban 2012ko martiaren 30ean. Helburua, “Bizkaiko hiri hondakinen altako kudeaketaren helburu publiko zehatzetatik kanpo” dagozan enpresaren ondasunak besterenganatzea zan. Aldundiaren eretxiz negozio pribadutik urtetea beharrezkoa zan. Kontuan hartu behar da, gaur egun, 40 kilometroko erradioan, hondakin ez arriskutsuen beste lau hondakindegi dagozala, Zallan, Lemoan, Mallabian eta Zaldibarren.

Igorreko hondakindegiaren erabilerea, automozino sektoreko birziklapenean lan egiten dauen OTUA taldeko enpresa bati emon jako hondakindegia itxi arte, 14 milioi euroren truke. Horrek 6,1 milioi euroko “plusbalia” sortu dau Aldundian. Kopuru horretatik Aldundiak 640.000 euro kendu beharko ditu, Igorreko Udalari ordaindu beharreko kanon moduan, Udalak eta Foru Aldundiak, hondakindegia Arratiako udalerri horretan egoteagaitik sinatu eben hitzarmena dala eta, 80.000 euro urtean.

PP-k bere desadostasuna erakutsi dau kopuru hori Aldundiak hartu dauelako bere gain, eta ez jaube barriek, azpiegitura “orain ez dalako geurea”, esan dau PP-ko Aldecoak. Halanda be, Aldundiaren eretxiz “ikuspegi juridikotik garbiagoa da”, Aldundia izan zalako Udalagaz konpromisoa hartu ebana. Dana dala, Igorreko hondakindegiak “200.000 eta 300.000 euroko irabaziak emon ditu urtean” 2009ko urrian inaugurau zanetik, eta orain arte bertan egin diran mantentze lan guztien kostua 3 milioi eurokoa izan da. “Beti izan da errentagarria”, adierazo dau.

Bilduk, bere aldetik, hondakindegiaren erabilera maila kritikau dau, “%5 baino ez dalako erabilten”. Egindako aurreikuspenetan “%600eko” akatsa egin da, erantzun dau Fernando Larrinagak, koalizino abertzaleko batzarkideak.

Talde jeltzalea ados agertu da, bere eretxiz publikoa ez dan zerbitzua besterenganatzeagaz. Jeltzaleen ustez, kudeatzaile pribadu barria sartzeak “lehiakortasuna bultzatuko dau eta prezioak lehiakorrago bilakatuko ditu, eta horrek onurak ekarriko ditu gure industria egiturara”, adierazo dau Edorta Rodrigok, batzarkide jeltzaleak.


BASAKATUA

Batzordeak atzera bota dau PP-ren Arauz Besteko Proposamen bat. Proposamen horretan Foru Aldundiari eskaerea egiten jakon, Eusko Jaurlaritzagaz “hartu emonetan” jarri daiten, basakatuaren “benetako” egoereari buruzko beharrezko azterlanak bultzatzeko, etorkizunean basoko haragijale horren Kudeaketa Plana onartzeko oinarriak ezarri ahal izateko. Ekimena baztertu egin da EAJ-PNV-ren kontrako botoakaz, PSE-ren abstentzinoagaz eta Bildu eta PP taldeen aldeko botoakaz.

EAJ-PNV plan horren kontra agertu da, espezie hori “ez dalako zaurgarria eta ez dagoalako desagertzeko arriskuan”, aurreikuspenen arabera datorren maiatzaren 8an aurkeztuko dan espezie mehatxatuen katalogoaren bosgarren berrikuspenak edo aldaketak erakusten dauenez, Nerea Ahedoren berbetan. Batzarkide jeltzalearen berbetan, basakatua, arriskuan dagozan espezieen zerrenda horretako 4. mailan dago. “Ez dauka lehentasunik”, esan dau.

PP-ko Aldecoak esan dauenez, ez dago animalia horrek Bizkaian daukon presentziari buruzko “eguneratutako daturik”. Dagozan azterlanak “partzialak dira”. Eusko Jaurlaritzari kudeaketa plan bat eskatu behar jakola esan dau, animalia hori ez daiten espezie basati moduan desagertu, “hibridazinoa” gertatzen ari da eta.