Aurreko Albisteak

Batzar Nagusien artelanen altxorra

Bizkaiko Legebatzarrak Bilbon daukan egoitzako pasilu, bulego eta batzar-geletan daukazan artelanetariko batzuk Erakusketa-Gelara (Hurtado de Amezaga, 6. Bilbao) eroatea erabagi dau “Gernikatik Gure Arteara. Imajinario berriak suntsitu eta eraikitzea” deitutako erakusketea atontzeko. Erakusketea Enkarterrietako Museoagaz koordinaturik eta euskal artean aditua dan Xabier Sáenz de Gorbearen ardurapean prestatu da, eta Batzar Nagusien arte-bildumako 11 artelanez dago osatuta. Bertan, bederatzi artistek Gernikako bonbardaketearen ondorio izugarriak eta imaginario kolektiboaren beste alderdi batzuk erakusten ditue.

1937an armada frankistak Gernika bonbardatutakoan herritar zibiliengan egindako eraso krudeletik hasi —horren inguruan Jorge Oteizak (1908-2003) egin eban brontzezko eskultura bategaz— eta 1982. urtean Iñaki de la Fuentek Gure Artea saria jaso arteko sasoikoak dira erakusketarako aukeratu diran artelanak. Guztira 11 artelan dira, Gernika suntsitu izaren ondorioetan oinarritu eta beste euskal artista batzuk —esaterako Gabriel Ramos Uranga (1939- 1995), Mikel Díez Alaba (1947), Juan Luis Goenaga (1950), Daniel Tamayo (1951), Alfonso Gortázar (1955), Jesús Mari Lazkano (1960) eta Mari Puri Herrero (1942)— mende erdi horretan izandako bilakaerearen erakusgarri txikia izan gurean.

Gernikako suntsiketa fisikoa nabarmentzen da artelan batzuetan, erakusketearen arduradun dan Xabier Sáenz de Gorbearen esanetan "askatasunen amaieraren hasiera izan zana”. Frankismoaren “hilzori luzearen ondoren”, ostera, euskal erakunde demokratikoak suspertu egin ziran, urrats galdua berreskuratu eben eta herriaren ordezkagarritasuna abian jarri eben. Erakusketako artelanak “iraganaldiaz nahiz imajinario barri eta subjektiboak eraikitzen dituen sormenaren errealitate ernabarri batez ari dira. Garai horreen bitartean, artea aldatu egin da eta helburuak aldatu egin ditu. Hasierako jarrerak guztion identifikazioarekin zerikusia daben gaiei aurre egiten deutsie; geroago, ostera, sortzaile desbardinen nortasun berezia sortzen da”.

Aurkezpenean, Batzar Nagusietako Lehendakariak, Ana Madariagak, goraitatu egin dau Bizkaiko Legebatzarreko hasierako lehendakari izan zan Anton Aurre jaunaren sena, orain 30 urte martxan jarri ebalako Bizkaiko Batzar Nagusien arte-bildumarako artelanak erosteko programa. Orduan “artista hasibarrien” aldeko apostua egin zan, eta gaur egun be horixe egiten da, Arte Eder Fakultateko Pintura Sailaren lankidetzaren bitartez, han ikasten dagozanen erakusketak antolatuz Bilboko egoitzako erakusketa-aretoan.

Madariaga andreak esan dau garaia heldu dala bizkaitarrei erakusteko artean eta kulturan egindako orduko inbertsinoa, balio haundia hartu dauena urteakaz. Eta zer hoba horretarako Anton Aurre gogoratuta baino, hain zuzen be Gernikako bonbardaketearen lekukoetako bat izan zana hurrean dagoan Axangizeko maldetatik.

1937ko apirilaren 26 haretan neskatotxu bat jaio zan Gernikan, Maite Elorza, egoerarik txarrenetan be aurrera egiten dauen bizitzaren adibide. “Suntsipen hartatik jaio ziran be, Gernikako Arbolearen inguruan, Bakearen eta Askatasunaren ikur barriak, imaginario barriak, erakusketa honek hobeto ulertzen lagunduko deuskuzanak” ganeratu dau Madariaga andreak.

Erakusketea zabalik egongo da iraila arte 9:00etatik 21:00etara eten barik astelenetik barikura eta 13:30ak arte zapatuetan.