Aurreko Albisteak

Bizkaiak insektizida batzuk erabilteari itxiko deutso, Erleen kolonientzat kaltegarriak izan leitekezala-ta

Batzordea

Bilbon, 2013ko apirilaren 26an

Batzar Nagusien Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak aho batez onartu dau Foru Aldundiak baserritarrei “aholku” bat bideratzea, plaga jakin batzuen kontra borrokatzeko erabilten diran neonicotinoideen taldeko intsektiziden erabilerea ixteko, intsektizida horren erabilerak kalteak eragiten ditualako erleen kolonietan, azterlan zientifiko batzuk erakutsi dabenez. Bizkaiko Talde Popularrak (PP) Batzarretako gainerako taldeen eta Aldundiaren aldeko eretxia lortu dau, produktu horreek ordezkatzeko, “prebentzino neurri moduan” eta euren ordez Bizkaiko erleentzat hain kaltegarri ez diran beste batzuk erabilteko.

Azkenean, ekimenak Bilduko batzar taldearen hainbat zuzenketa-eske jaso ditu, Foru Aldundiak, fruituzainen, nekazarien, erlezainen alkarteakaz eta nekazaritzako sindikatuekaz batera, ordezko intsektizidak zehazteko alkarlana bultzatu daian. Irene Pardok, Nekazaritza Diputatuak, Batzarraren erabagia onartu dau, baina adierazo dau, imidacloprid, tiametoxan edo tiacloprid intsektizidak, beste batzuen artean, “legezkoak” dirala, Nekazaritza Ministerioak baimenduta dagozala, eta erakunde hori dala alor honetan eskumenak dituana. Foru Aldundia “aholkuak emotera” mugatu behar da. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, sektoreari jakinarazo jako proposamen hori.

Batzordean, proposamena aurkeztu dauen taldeak Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen zuzenketa-eske bat be onartu dau, behin betiko dokumentuak, Elikagaien Segurtasunerako Europar Agintaritzak (EFSA) urtarrilean egin eban gomendioa jaso daian, hain zuzen be intsektizida horreek ez daitezan erabili “arbolak loratu aurretik eta loraldian”, horixe da-ta arriskuko sasoia erleentzat. Europako Batzordeak agindutako txostenotatik, talde jeltzaleak ataraten dau ez dala aurreikusten intsektizida horreen erabilpena kaltegarria izan daitekenik erleentzat, loratzera heltzen ez diran laboreetan. Dana dala, talde horrek eta Foru Aldundiak jakinarazo dabe Bizkaian ez dala inolako eraginik ikusi intsektizida horreen erabilerea dala eta.


DEBEKUA LORTZEKO ERATU DAN SARE BATEGAZ ALKARLANA

PP-k batzarretan aurkeztu dauen beste Arauz Besteko Proposamen baten bidez, aho batez onartu da Aldundiari eskatzea “behar izan daitezan lankidetza eta informazino loturak” ezarri dagizala Plagizida Neurotoxikoak Debekatzeko Sareagaz (PNDS), horren helburuak jadesten lagundu eta eraginkortasun handiagoaz babesteko erleak eta enparauko polinizatzaileak. Ez dogu ahaztu behar erleak ezinbestekoak dirala planetaren aniztasunerako, mundu osoko landareen polinizazinoaren %80 euren eskuetan dago eta, bi ekimenen bultzatzaileak, Arturo Aldecoak, PP-ko batzarkideak adierazo dauenez. “Erleak existituko ez balira, milaka espezie desagertu egingo litzatekez”, gehitu dau.