Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiak, Iñaki Irigoieni egindako omenaldian

Iñaki Irigoien

Bilbo, 2013ko apirilaren 17a.

Joan dan apirilaren 13an, Bilboko Euskal Museoko klaustroak, Iñaki Irigoien dantzari eta koreografoari egindako omenaldia jaso eban. Irigoienek Bizkaiko dantzen artxiboa ikertzen eta biltzen egin dauen lana autortzeko ondo merezita egindako ekitaldi horretan Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak hartu eben parte.

"Omenaldi hau egindako lanaren saria da, eta poz handia emoten deust jasotzeak”, adierazo eban Irigoienek, guztiz hunkituta. Bere bizitzan hain garrantzitsua izan dan une hori bere emazteagaz, Maribi Garitaonandiagaz, batera bizi eban, ondoen ezagutzen dauen eta bere ibilbidea gertutik bizi izan dauen pertsonagaz. Omenaldiko “dantzara” ehunka pertsona hurbildu ziran, kideak, senideak eta adiskideak, Irigoien maisuari omenaldia eskaintzeko. Dantzaz maiteminduta egon dan eta bere grina belaunaldi barriei transmititzen jakin dauen pertsona izan da.


FUNTSEZKO PERTSONA EUSKAL FOLKLOREAN

Iñaki Irigoien Etxebarria (Bilbo, 1935) euskal folklorean ezinbesteko pertsona izan da, eta batez be euskal dantzan. Haren bizitza, zaletasuna eta grina beti egon dira mundu horren inguruan. 1952. urtean sartu zan mundu horretan. Lehenbizi Dindirri Dantza Taldeko dantzaria izan zan. Baina taldeko kideetako bat izanik gazteenei irakasten hasi zan, eta gero taldea antolatzen eta zuzentzen hasi zan. Hori gorabehera, euskal kultura eta folklorea ikertzeko asmoz egin eban lana nabarmendu behar da. Dantza maite eban.

Izan be, Euskal Dantzarien Biltzarraren (Baiona, 1966) sorrera gatxean parte hartu eban eta Iruñean (1978) eta Bilbon (1979) egindako lehen Dantzari Egunak antolatu zituen. Hain egoan inplikauta, non alkarteko presidente izetera heldu zan. Bera buru zala alkarteak aldi emonkorra bizi izan eban; dantza taldeei azpiegitura fisiko eta ekonomikoak emon eutsezan, erakundeko presidentzia ezarri eban, taldeak bultzatu zituen eta Euskal Herriko dantzen, tradizinoen eta ohituren zabalkundea eta ikerketa sustau ebazan.

Azken alderdi horri jagokonez, eta 1983. urtean eratzen lagundu zeban Bizkaiko Dantzarien Biltzarretik bertatik, Iñaki Irigoien euskarri garrantzitsua izan da alkartearen jardunean. Gaur egun desagertuta dagozan antxinako dantza tradizionalak berreskuratu eta zehaztu zituen; Bizkaiko folkloreari lotutako zenbait alderdiren dokumentazino historikoa egin eban, eta gai horren gainean mediateka espezializau ugaria sortzea bultzatu eban. Gai horri lotuta dagozan 70 argitarapen baino gehiago kontsulta daitekez.


BATZAR NAGUSIEK EKOIZTUTAKO BIDEOA

Ekitaldian, Batzar Nagusiek ekoiztu daben Irigoienen ibilbideari buruzko bideo biografikoa eskaini zan. Bertan batutako ikus-entzule ugariak, Irigoienek dantzari moduan emondako lehen garaietara itzultzeko aukera izan eben, dantzaren munduan egindako adiskideak gogora ekarri eutsiezan antxinako irudiakaz. Eta amaitzeko, zelan ez, omenaldia Gurutze kalera joan zan, eta bertan Bizkaiko hainbat dantza eskini zan.


Bizkaiko Batzar Nagusiek ekoiztutako bideo-omenaldirako esteka
http://vimeo.com/filmak/irigoien


Lotutako artxiboak: