Aurreko Albisteak

Roger Torrent Kataluniako Parlamenteko Presidenteak Gernikako Batzarretxea bisitau dau

Harrerea egiteko ardurea Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak hartu dau Foru parlamentuaren egoitza historikoan. Hasteko, “Agur Jaunak” jo dabe txistulariek ondoetorria emoteko. Roger Torrent Kataluniako Parlamenteko Presidenteak gaur Gernikako Batzarretxean egin dauen bisitan, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko Lehendakaria eta Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiko kide honeek be izan dira: Eba Blanco (EH Bildu) lehen lehendakariordea, Iñigo Iturrate (EAJ-PNV) lehen idazkaria, eta Cristina Macazaga (Elkarrekin Podemos) bigarren lehendakariordea. Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiak ordeztuz, Joseba Gezuraga mahaikidea be (Mahaiko bigarren lehendakariordea) izan da harrera-ekitaldian.

Txistulariek musikaz lagundu dabe Batzarretxearen kanpoaldetik egin dan ibilpidea. Lehenengo, haretx zaharraren enborraren aurrean geratu dira. Erdi Aroko jatorrizko Gernikako Arbolatik kontserbetan dan aztarna zaharrena da. Bisitearen oroigarri, argazki bat atara da Gernikako Arbolearen aurrean, Euskal Herriaren sinbolo unibersalenaren magalean. Euria zanez, Ohorezko Aurreskua Osokoen Aretoko aterpean dantzatu behar izan da.

Batzarretxe barrura sarturik, Otaduik Osokoen Aretoko xehetasunak eta berezitasunak azaldu deutsaz Torrenti. Bizkaiko 26 Jaunen erretratuak dagoz bertan. Ganera, Lurralde Historikoaren historiako dokumentazinoa, Foruaren aleak barne, gordetan dauen Liburutegi-Agiritegia be bisitau dabe. Bertan, Kataluniako Parlamenteko Presidenteak eskaintza luzea sinatu dau Ohorezko Liburuan, bertan berba honeek ezarriz egin jakon harrera eskertzeko eta Gernikako Arbolaren balioa azpimarratzeko: “bere adarrek etorkizunari eta askatasunari begiratzen deutsee, baita Kataluniako herriak Euskal Herriarenganako sentiduten dituan adiskidetasunari eta maitasunari be”.

Bisitaren oroigarri moduan, Batzar Nagusietako Lehendakariak “Esku-mosua” margolanaren erreplikea emon deutso Torrenti. 1609ko kuadru hori Francisco de Mendietak margotua da, eta Osokoen Aretoaren ateburuan dago. Otaduik azpimarratu dauenez, “emakumeei eginiko lehenengo talde erretratua da Europa osoan”. Torrentek, ordean, oparitu egin deutsaz Otaduiri Parlamenteko Urrezko Dominaren kopia eta Kataluniako paisajeetan eta kulturan zeharreko argazkiak batzen dituan liburu bat. Lurraldearen foru araubidearen oinarriak ezagutzeko xedez mundu osotik etorritako erakunde-bisita ugari jaso ditu Batzarretxeak azken urteetan, Euskadiren historian leku esanguratsua da-eta. Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza historiko horrrek turista asko be jasoten ditu. 2018an, 151.600 bisitari baino gehiago euki ebazan, eta horreetatik % 20,25 Europatik etorri ziran. Urte horretan bikoiztu egin zan atzerritik etorritako turisten kopurua. Beste autonomia erkidego batzuetatik etorri ziran 75.431 personen jatorriari jagokonez, Katalunia azpimarratu behar da: 16.687 katalanek bisitau eben igaz Batzarretxea.