Aurreko Albisteak

Gernikako Arbolaren landare bat hazten ari da daborduko Astigarragako Murgia parkean

Astigarragak, Gernikako Arbolaren, Euskal Herriaren bake eta askatasun sinboloaren, oinordeko baten landaketa ekitaldi ofiziala jaso dau gaur. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Zorione Etxezarraga Astigarragako Udaleko Alkatea izan dira herritar guztientzat zabalik egon dan zeremoniaren buru. Bertara, Gipuzkoako udalerriko eskolako berrogeta hamar ikasle inguru be gerturatu dira. 1978 eta 1985 artean eraildako Tomas Albaren, Joseba Barandiaranen, Agustin Irazustabarrenaren eta Bixente Perurenaren senideak be bertan egon dira.

Ekitaldian, 1853an idatzitako Jose Maria Iparragirreren “Gernikako Arbola” ereserki ezaguna interpretau da, Gernikako haretx ezagunari eta euskal foruei eskainitako benetako omenaldia. Landaketaren ostean, ohorezko aurreskua dantzatu da, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari gorenak landarearen egiazkotasunaren ziurtagiria entregau dau.

Gernikako Arbolaren oinordekoa Astigarragako Murgia parkean hazten ari da daborduko, eta holan bat egingo dau XIX. mendetik bost kontinenteetako hainbat lekutan landatu diran bostehun landare inguruakaz. Astigarraga, Gernikako haretxaren oinordekoa daukien herrien zerrenda luzean sartu da: Göteborg, Padron, Laudio, Pforzeim, Sidney, Auschwitz edo Washington, beste askoren arten. Ekitaldia, haretx txikiaren aurrean atara dan familiako argazki bategaz bukatu da.