Adar-hotsa entzun da barriro Ganekogortan ehunka mendizaleren aurrean, Batzar Nagusietarako beste deialdi baten
Ehunka mendizale batu dira gaur Deiadar Mendien Egunaren aurtengo edizinoan, eta Batzar Nagusietarako dei tradizionalaren lekuko izan dira. Bost urte itxaron behar izan da Ganekogortako tontorrean barriro adar-hotsa entzuteko. Mendi hori “deiadar-mendi” izentau eban Antonio Trueba Bizkaiko Jaurerriko artxibozainak (Gorbeia, Oiz, Kolitza eta Sollubegaz batera), eta horregaitik egin da bertatik Batzar Nagusietarako deia. Ondoren, jaialdi bat egin da Pagasarriko zelaietan, jende asko eta asko batu dauena, eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta beste batzarkide batzuk be izan dira bertan.
Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu daben ibiltaldi hau goizeko 8etan hasi da Kobetamendin (198 m). Parte-hartzaileek ohikoa ez dan beste bide bat hartu dabe Pagasarrira igoteko, asteburuero bertara joaten diran ehundaka bilbotarrek erabili ohi ez dabena. Pagasarrin ezarri da lehenengo hornidura-gunea. Zeozer jan eta edan ostean, Bilboko tontor mitikotik Ganekogortako tontorrera (998 m) igon dabe, eguerdiko 12etan adarrak joteko tradizinoa leialtasun osoz beteteko.
Tontorrean adar-hotsa entzun ostean, Pagasarriko zelaietara aldatu da jai-giroa, eta bertan ez dira faltau musikea (Bilbao Musikako trikitilariak eta Lur Soinuak musika-eskolako txalapartariak), dantzak (Goialde dantza-taldea), antzerkia (El Gran Rufus), bertsolariak (Algortako Bertsolari Eskola), indarrak barriztatzeko kopau bat (Errekaldeko Peñascal Taldea kooperatiba), eta igoera osoa egin dabenei emon jaken oparia.
Ehunka pertsonak gozau dabe mendiko ibiltaldi herrikoien artean daborduko klasiko bilakatu dan jardunaldi berezi honegaz, eta, euren artean, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Jon Andoni Atutxa, Kontxi Claver, Aitor Ibarra eta Oscar Arana batzarkideak izan dira.
Aurten, Bilboko Gailurra mendi-taldea arduratu da kirol-igonaldiaz, eta, ohitureari jarraiturik, gaur lekukoa emon deutso Lemoako Ganzabal mendi-taldearen ordezkariari, talde horrek antolatu daian Deiadar Mendien Egunaren hurrengo edizinoko ibiltaldia, datorren urtekoa Gorbeian izango da-eta.
Deiadar Mendien XVI. Eguna
Gaurko datu batzuk:
· Egindako distantzia: 22 km -> Kobetamendi-Pagasarri-Ganekogorta-Pagasarri-Kobetamendi
· Desnibel metatua: +/- 910 m
· Ibiltaldiaren iraupena: 6 ordu (geldialdi barik)