Aurreko Albisteak

Gernikako Arbolaren oinordeko baten landaketea Suediako Göteborg urian

Suediako Göteborg uriak Gernikako Arbolaren oinordeko baten landaketea jaso dau gaur, domeka, maiatzaren 26a. Jonsered Gardens izenekoetan, 1800etik datorren ondare botanikoa daukien eta gaur egun hazkunde ekologikoaren eta gizarte erantzukizunaren abangoardiako konbinazinoaren eredu diran lorategietan, izan da.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Jose Antonio Agirre Lehendakaria jaso izanagaitik eta bera eta bere familia 1941eko bagilean, naziengandik iges eginez, Göteborgoko portutik Ameriketara urtetea errazteagaitik eskerrak emoteko oparitu deutsie landarea uriari.

Gernikako Arbolaren oinordekoa landatzeko ekitaldian, Partille-Göteborgoko udalerriko agintariakaz batera (Pia Sundh eta Eva Carlsson), euskal folkloreko abestiak kantauko dituan Bilboko Garaizarko Matsorriak abesbatzak hartu dau parte. Raimundo Sarriegiren “Festara” e “Illunabarra”, Pedro Retanaren “Ai hori begi”, eta Jose Maria Iparragirreren “Adio Euskal Herriari” abestu dabez.

Xabier Agirre, "Matsorrien" korukidea eta Lehendakariaren iloba denak, Agirreren erbestean bizutako gora-beherak azaldu ditu. Ekitaldia 15:00etan hasi da, Ingmar Söhrman Gotemburgoko Unibersidadeko irakasleak Picassok margotu eban “Guernica” artelan ezagunaren eta Gernikako Arbolak bakearen sinbolo moduan daukan garrantziaren ganean emongo dauen berbaldiagaz.

Jarraian, Urkullu Lehendakariak bidalitako mezua irakurri da eta era berean Ana Otaduik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariaren oinordekoaren benekotasunaren ziurtagiria. Ekitaldia 17:00etan bukatu da, haretx historikoaren landare bat Suediako lurretan landatu ostean, Herrgårdsparken-en (Jonsered Gardens), hain zuzen be, “Gernikako Arbola” kanta abestuz.

Begoñako Errepublika Zaharreko Garaizarko Matsorriak Abesbatzak jarri deutso euskal musikea ekitaldiari, Suedian egiten ari dan kontzertu biraren barruan. Stockholmen eta Upsalan be arituko dira. Miren Zubietak zuzentzen dauen eta daborduko 32 urte bete dituan abesbatzak euskal folkloreko kantuak, bilbainadak, erlijio musikea eta nazinoarteko konposatzaileen piezak batzen dituan errepertorio zabala dauka.

Ikusi bideoa