Aurreko Albisteak

Maiatzaren 26an, Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatuko da Suediako Göteborg urian

Jonsered haundia

Gernikako Arbolearen landarea Jonsered lorategietako lurretan sartuko da, Göteborgen, maiatzaren 26an (domekea). Lorategiok ondare botaniko garrantzitsua daukie, 1800. urtetik aurrerakoa, eta gaur egun eredugarriak dira jakin dabelako modu abangoardista baten bateratzen, alde batetik, laborantza ekologikoa eta, bestetik, gizarte-erantzukizuna. Izan be, udalerriak egitasmo bat daroa aurrera lorategi horreetan, egitasmo horretan sartzen diranek aukerea eduki daien, landarak eta arbolak zainduz, lan-merkatuan sartzeko.

Bizkaiko Batzar Nagusiek eskerrak emoteko oparituko deutsie landarea Göteborgi; izan be, Suediako uri horrek egin eutsan harrerea Jose Antonio Agirre Lehendakariari eta erraztu eutsen bidea berari eta bere familiari 1941eko bagilean, naziakandik iges egiteko, Göteborgeko portutik joan ziralako Ameriketara. Gernikako Arbolearen oinordekoa landatzeko ekitaldian, Göteborgeko udal-agintariakaz batera, Bilboko Garaizarko Matsorriak abesbatzak hartuko dau parte, euskal folkloreko kantak abestuz.

Ekitaldia 15:00etan hasiko da Göteborgeko Unibersidadeko irakasle Ingmar Söhrman-ek emongo dauen berbaldiagaz, Picassoren “Guernica” artelan ezaguna eta Gernikako Arboleak bakearen sinbolo moduan daukan garrantzia gaitzat harturik. Ekitaldian, herritar guztiek hartu ahal izango dabe parte, eta 17:00etan emongo jako amaierea, orduan haretx historikoaren oinordeko bat landatuko dalako Suediako lurretan, Herrgårdsparken-en (Jonsered lorategiak) hain zuzen be.

Euskal musikea be izango da ekitaldian Garaizarko Matsorriak abesbatzaren eskutik, Begoñako Errepublika Zaharreko talde hori kontzertu-birea egiten dabil Suedian, eta bira horren barruan Stockholmen eta Upsalan be kantauko dau. Abestalde hori —daborduko, 32 urteko historia dauka— Miren Zubietak zuzentzen dau, eta errepertorio zabala dauka: euskal folkloreko kantak, bilbainadak, erlijino-musikea eta nazinoarteko konposatzaileen piezak.