"Garai berri baterako bi jauregi. XX. mendearen abiatzea", Enkarterrietako Museoaren lehenengo ibilbide kulturala
Enkarterrietako Museoak - Bizkaiko Batzar Nagusiena da museoa- lau ibilbide kultural antolatu ditu, eskualdeko altxor arkitektonikoak ezagutzeko.“Garai berri baterako bi jauregi. XX. mendearen abiatzea” izan da gaur antolatu dan lehenengo ibilbide kulturalaren izenburua. Sodupeko (Güeñes) Hurtado de Saracho jauregia eta Trapagako Olaso jauregia bisitau dira, biak be arkitektura estilo neo-euskaldunekoak, eta joan dan gizaldiaren hasieran eregitakoak. Hurtado de Saracho jauregia Manuel Ignacio Galindez arkitektoak eregi eban 1921ean, Lorenzo Hurtado de Saracho Bilboko abogaduak aginduta. Olaso jauregia, barriz, 1908an egin zan, jatorriz Trapagakoa zan José Rufino de Olaso indianoak aginduta. Uste danez, arkitektoa José María de Basterra izan zan.
Enkarterrietako Museoak, joan dan martiaren 8an hasita, eskualdearen ondare arkitektoniko garrantzitsua erakusten dau “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketan. Gorka Pérez de la Peña historiagileak lau urtez egindako ikerketa lana jasoten dauen erakusketa horren osagarri, Museoak ibilbide kulturalak antolatu ditu, lehenengoa erakusketea bisitetako eta horren ostean, Enkarterrin dagozan eraikin berezietako batzuk ikusteko. Horrez gain, Museoak erakusketarako bisita gidauak eskaintzen ditu asteburuetan, aurretik eguna eta ordua eskatu behar dira.
Pérez de la Peña ikerlariak zuzenduko ditu lau ibilbide kulturalak. Doakoak dira, aurretik izena emonda 94 650 44 88 eta 94 610 48 15 telefono zenbakietara deituz edo mezu elektronikoa bialduz enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbidera. Hurrengo ibilbideak domeka honeetan egingo dira: maiatzaren 19an, bagilaren 9an eta urriaren 6an; goizeko 10:00etan hasiko dira Enkaterrietako Museoan, eta leku berean bukatuko dira 14:30 inguruan, “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketara egindako bisita gidauaren ostean eta egun bakotxerako aukeratutako eraikinak ezagutzera autobusez joan eta gero.
IBILBIDE KULTURALAK
Maiatzaren 19a, domeka (Museoen Nazinoarteko Eguna): “XX. mendeko legatua. Etorkizunerako ondarea”
Ordutegia eta ibilbidea:
-10:00. Enkarterrietako Museoa. “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketea bisitatzea
-11:30. Sollanoko (Zalla) Ur Araztegia bisitatzea
-13:00. Arangurengo (Zalla) Sortzez Garbiaren eleizea bisitatzea
-14:30 Enkarterrietako Museora itzultzea
Bagilaren 9a, domeka: “Betirako ondarea. XX. mendeko hileta-artea”
Ordutegia eta ibilbidea:
-10:00. Enkarterrietako Museoa. “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketea bisitatzea
-11:30. Balmasedako hilerrira bisitatzea
-13:00. La Herrerako hilerria (Zalla) bisitatzea
-14:00. Carraleko hilerria (Sopuerta) bisitatzea
-14:30 Enkarterrietako Museora itzultzea
Urriaren 6a, domeka (Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondareari buruzko Europar Jardunaldiak): “Eliza eta jauregi artean jendea dibertitzen”
Ordutegia eta ibilbidea:
-10:00. Enkarterrietako Museoa. “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketea bisitatzea
-11:30. San Cosme eta Damian eleizea bisitatzea (Beci. Sopuerta)
-13:00. Hierro-San Martin jauregia bisitatzea
-14:30 Enkarterrietako Museora itzultzea
Doako jarduerak. Beharrezkoa da aurretik izena emotea 94 650 44 88 / 94 610 48 15 telefono zenbakietara deituz edo enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz