Enkarterriko Museoak lau kultur ibilpide antolatu ditu, eskualdeko altxor arkitektonikoak ezagutzeko
Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterriko Museoak, eskualdearen ondare arkitektoniko garrantzitsua erakusten dau joan dan martiaren 8tik, “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketan. Gorka Pérez de la Peña historiagileak lau urtez egin dauen ikerketa lana jasoten dauen erakusketa hori osatzeko, Museoak lau kultur ibilpide antolatu ditu, lehenengo erakusketea bisitetako eta horren ostean, Enkarterrin dagozan eraikin berezietako batzuk ikusteko. Horrez gain, Museoak erakusketarako bisita gidauak eskaintzen ditu asteburuetan, aurretik eguna eta ordua kontzertauta.
Pérez de la Peña ikerlariak zuzenduko ditu lau kultur ibilpideak. Dobakoak dira, aurretik izena emonda 94 650 44 88 eta 94 610 48 15 telefono zenbakietara deituz edo mezu elektronikoa bialduz enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbidera. Ibilpideak domeka honeetan egingo dira: maiatzaren 5ean, maiatzaren 19an, bagilaren 9an eta urriaren 6an; goizeko 10:00etan hasiko dira Enkaterriko Museoan, eta leku berean bukatuko dira 14:30 inguruan, “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketara egindako bisita gidauaren ostean eta egun bakotxerako aukeratutako eraikinak ezagutzera autobusez joan eta gero.
“Garai berri baterako bi jauregi. XX. mendearen abiatzea” da maiatzaren 5erako antolatu dan lehenengo kultur ibilpidearen izenburua. Sodupen (Güeñes) dagon Hurtado de Saracho jauregia eta Trapagako Olaso jauregia bisitauko dira, biak be arkitektura estilo neo-euskaldunekoak, eta joan dan gizaldiaren hasieran eregitakoak. Hurtado de Saracho jauregia Manuel Ignacio Galindez arkitektoak eregi eban 1921ean, Lorenzo Hurtado de Saracho Bilboko abogaduak aginduta. Olaso jauregia, bere aldetik, 1908an egin zan, jatorriz Trapagakoa zan José Rufino de Olaso indianoak aginduta. Uste danez, arkitektoa José María de Basterra izan zan.
Hurrengo bisitea maiatzaren 19an, domekan, Museoen Nazinoarteko Egunean, izango da. Enkarterriko museoak “XX. mendeko legatua. Etorkizunerako ondarea” izeneko ibilpidea antolatuz ospatuko dau jardunaldi berezi hori. Bertan, joan dan gizaldiaren erdialdean eregitako eraikin bi bisitauko dira: Sollanoko (Zalla) ur araztegia eta Arangurengo (Zalla) Sortzez Garbiaren eleizea. Juan de Madariaga eta Lander Gallastegui arkitektoek diseinau eben estilo funtzionalistea daukan araztegia, eta 1962 eta 1966 artean egin zan. Sortzez Garbiaren eleizea Emiliano Amann arkitektoak egin eban. 50eko hamarkadako Modernotasun estilokoa, 1952 eta 1956 artean eregi zan.
“Betirako ondarea. XX. mendeko hileta-artea” izenburua daroan bagilaren 9ko jardueran, hiru hilerriren ondare arkitektoniko garrantzitsua ezagutzeko aukerea egongo da: Balmasedakoa, La Herrerakoa (Zalla) eta Carralekoa (Sopuerta). Balmasedako hilerriak atari eta kapila neoklasikoak ditu, eta baita estilo eklektikoko kapilak be; La Herrerakoak, Ángel Galíndez arkitektoak 1895ean eregitako atari eta kapila eklektikoak ditu, eta Carralekoan azpimarragarria da 1910eko kapila modernista, Emilio Otaduy arkitektoak egindakoa.
Azkenengo kultur ibilpidea urriaren 6an izango da, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondareari buruzko Europar Jardunaldien barruan. . “Eliza eta jauregi artean jendea dibertitzen” izenburua daroan jardueran Beciko San Cosme eta Damian eleizea eta Hierro-San Martin jauregia bisitauko dira, Sopuertan dagozan XX. mendearen lehen erdialdeko eraikin bi.
Eleizea 1958an eregi eban erregistro funtzionalistan Rufino Basáñez arkitektoak, eta haren inguruan sortutako jai guneagaz erlazionauko da. Hierro-San Martin jauregiari jagokonez, Miguel de la Colina ingeniariak eregi eban 1928an, estilo erregionalistan, eta bertan arkitektura, artea eta aisia alkartzen dira, Goiko artistak 1929an, erromeria kostunbristea irudikatuz, egin eban horma-irudia dala eta.
Enkarterriko Museoak eskerrak emon gura deutseez arkitekturako harribitxi horreek ezagutzeko aukerea emongo daben persona, erakunde eta enpresa guztiei, euren jaubetzak zabaltzearren eta bisitetako aukerea emotearren. Zehatzago esanez, eskerrak emon gura deutseez euren laguntzarengaitik Hurtado de Saracho familiari, Ercilla Hoteles kateari, Trapagako Udalari, Arangurengo Sortzez Garbiaren parrokiari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Balmasedako, Zallako eta Sopuertako Udalei, Beciko San Cosme eta Damian parrokiari eta Gorabide Alkarteari.
Kultur ibilpideek, datorren irailaren 29ra arte Enkarterriko Museoan ikusi ahal izango dan “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketea osatzen dabe. Museoak izen bereko liburua be argitaratu dau, eta bertan erosi daiteke. Gorka Pérez de la Peña ondare arkitektonikoaren inguruko argitalpenaren eta ikerketa lanaren egileak zuzenduko ditu kultur ibilpideak.
Ikerketa lan horrek, 1870 eta 1975 artean Enkarterrin eregitako eraikin guztien inbentarioa jasoten dau, eskualdea modu zabalean eta historikoan ulertuta, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko udalerriak barru hartuta. 20 udalerritan dagozan 1.300 eraikin dira guztira, eta horreetatik 500 liburuan jasota dagoz. Batzuetan oso ezaguna ez dan arren, arkitekturaren ondore hori Enkarterriko eta baita Bizkai osoko eta Europa mailako ondarearen elementu garrantzitsuenetakoa da.
Erakusketea, bere aldetik, holango arkitektura moetaren elementu adierazgarrienetako batzuk erakusteko dago kontzeptualizauta. Amaia Garate eszenografoak diseinauta, eraikin azpimarragarrietako batzuen argazkiak jasoten ditu, eta irudiakaz, planoakaz, koadruakaz, beirategiakaz, azulejuakaz eta hormatan agertzen diran beste arte elementu batzukaz batera dagozan bitrinak eta piezak daukaz.
Erakusketea eta argitalpena Enkarterriko Museo ederra, berez be historiarako bizi dan artelana, urteetan egiten ari dan ikerketa eta historiografia lanaren barruan dagoz. Museoa, mende luzez foru gobernuaren egoitzea izan zan Avellanedako Batzarretxe zaharra da. Sopuertan dagon eta Javier Barriok zuzentzen dauen museoa Bizkaiko Batzar Nagusien esku dago, eta Enkarterriko ondare historikoa, kulturala eta etnografikoa zabaltzeko behar handia egiten dau.