Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek 612 Osoko eta Batzorde egin ditue azkenengo lau urteetan, aurreko agintaldian baino %64 gehiago

8a haundia

Bizkaiko Batzar Nagusiek agintaldi honen eta aurrekoaren artean izandako jardueraren konparazinoak emaitza positiboa erakusten dau. Izan be, azkenengo lau urteetan nabarmen egin dau gora egindako osoko, batzorde, saio eta ekimen kopuruak. Erregistrautako hazkundea, 2015eko martiaren 25ean, aurreko agintaldiko azkenengo osokoan, politikea personengana gerturatzeko helburuagaz, aho batez onetsi zan Bizkaiko Foru Batzarretako arautegi barriaren aplikazinoak eragin dau.

Arautegi barriak ezarten ebazan barrikuntzen artean honeek jasoten ziran: hilean kontroleko osoko bat egitea; Batzarretako organuen erabagiteko ahalmena handitzea, Bozeroaleen Batzak, besteak beste; eta herritarren partaidetzaren aldeko apustu sendoa. Azken hori, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordearen sorkuntzan gauzatu da, besteak beste. Batzorde horretara edozein persona edo alkarte joan daiteke, bere kexea edo eskaria alderdi politikoetako batzordekideen aurrean aurkezteko.

Holan, 2015-2019 X. Agintaldian Osoko 78 saio egin ziran, horreetatik 25 Kontroleko osokoak, eta IX. Agintaldian (2011-2015), barriz, 54. Ganera, Batzordeek be bilera gehiago euki ebezan, bukatu barri dan agintaldi honetan 534 saio egin diralako, eta aurrekoan, barriz, 319. Egindako Batzordeak eta Osokoak batuta, agintaldi honetan 612 saio egin dira, eta aurrekoan 373, hau da, azkenengoan %64 gehiago egin dira. Osokoak eta Batzordeak zuzenean ikusi daitekez streaming´-ez, Bizkaiko Batzar Nagusietako webgunetik.

14 batzordek hainbat arlotan egin dabe behar agintaldi honetan, eta aurreko agintaldian 9 izan ziran. Aldundiko Sail bakotxak bere Batzordea euki dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta bertara, berak edo Batzarretako taldeek eskatuta, Unai Rementeria Ahaldun Nagusia edo jagokon Diputatua etorri dira. Batzordean baita be, taldeek euren erantzun-eskeak eta itaunak egiteko aukerea euki dabe, eta baita arauz besteko proposamenak planteetako aukerea be, beste ekimen batzuen artean.

Egin diran Batzordeen artean, azpimarratzekoa da Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordea 51 bider alkartu dala, alkarteen, sindikatuen eta norbanakoen eskariei, kexei, erreklamazinoei eta iradokizunei erantzuteko. Bilera horreetako batzuk ateak itxita egin dira, konfidentzialtasun errazoiak dirala eta, adinbakoei jagokezan gaiak landu diranean, adibidez. Azpimarratzekoa da, baita be, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Batzordea 41 bider alkartu dala. Batzorde hori be amaitu barri dan agintaldian estreinau da.

Batzordeek egindako beharrari, Ekonomiaren Garapen eta Enplegu eta Arautegi eta Gobernu lan taldeek, hurrenez hurren, 8 eta 12 saio egin ebezela gehitu behar jake. 2016ko maiatzetik 2018ko maiatzera, Herritarren Partaidetzaren ganeko Azterketa Batzordea 15 bider alkartu zan. Azken horretara 13 aditu etorri ziran, euren ideak aurkezteko, Batzar Nagusiak eta Bizkaiko Foru Aldundia herritarrengana gerturatzeko. Lan talde horrek ekimen zehatzak ekarri ditu, Batzar Nagusietan sortu dan Herritarren Ataria, besteak beste. Atari hori, persona guztien iradokizunak jasoteko atea da, eta bertan oso proiektu garrantzitsuen aurreko alegazinoak eta ideak aurkeztu ahal izan dira, Gardentasunaren Foru Arauaren edo Bizkaiko Aurrekontu Orokorren aurrean, adibidez.

2015eko bagilaren 16an hasi zan eta azkenengo Osokoa eta Kontroleko Osokoa joan dan martiaren 27an euki ebazan Bizkaiko Batzar Nagusietako X. Agintaldian 5.259 gai landu dira. Horren artean azpimarratzekoak dira Batzarretako taldeek aurkeztu dituen idatzizko 1.500 erantzun-eskeak, 1.464 dokumentazino eskariak, eskatutako 798 agerraldiak, eztabaidatutako eta bozkatutako Arauz Besteko 610 Proposamenak edo osokoetan planteautako 335 erantzun-eskeak. Agintaldian aurrera eroandako ekimenak aurreko agintaldikoak baino %39,12 gehiago izan dira, izan be, 2011 eta 2015 artean 3.780 erregistrau ziran.

1995eko eta gaur egungo datuen arteko konparazinoak argi eta garbi erakusten dau Bizkaiko Batzar Nagusietan aurrera eroan diran ekimenek gora egin dabela agintaldiz agintaldi. Bosgarren agintaldiaren (1995-1999, landutako 1.907 gaigaz) eta amaitu barri dan hamargarrenaren (2015-2019, 5.259 gaigaz) artean %175eko hazkundea emon da.

Organu guztiek erakutsi daben jardueraren hazkundea nabarmena izan da, joan dan martiaren 27an agintaldi honetako azkenengo osokoarei bukaerea emoteko egin eban berbaldian Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak azpimarratu eban moduan. “Araudia adostu genduan pasa dan agintaldian alderdi politiko guztien artean, eta araudi horren aplikazinoak ekarri dau gure batzordeak eta osoko batzarrak asko gehitzea lau urte honeetan. Gure egoitzetara egiten diran bisitaldien kopuruak be asko egin dau gora”, esan zuen. Otaduik eskerrak emon eutsezan behargin eta talde politiko guztiei, “erakutsitako profesionaltasunarengaitik eta behar onarengaitik”. Bere berbaldiagaz emon eutsan amaierea Euzko Abertzaleak (23), EH Bildu (11), Euskal Sozialistak (7), Podemos Bizkaia (6), Bizkaiko Talde Popularra (3) eta Talde Mistoa(1) taldeetako 51 batzarkidek behar egin daben agintaldi honi. Bizkaiko hurrengo Batzar Nagusien konposaketea, datorren maiatzaren 26an egingo diran udal eta foru hauteskundeen emaitzaren araberakoa izango da.

Konparazinozko laukia