Iruzur fiskalaren kontrako burrukea izan da agintaldi honetako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen azken bileraren protagonistea

2018an iruzur fiskalaren kontrako burrukan lortu diran emaitzak eta aurten zergak ez ordaintzea saihesteko apliketan ari diran erespideak izan dira Bizkaiko Batzar Nagusien Ekonomia eta Ogasun Batzordearen azkenengo bileraren protagonistak. José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzen Foru Diputatua Batzordearen aurrera etorri da gaur, EH Bilduk eskatuta, iruzur fiskalaren kontrako Burruka Planaren eta Batuz sistemaren erespide orokorren ganeko informazinoa emoteko.
Iruarrizagak azaldu dauenez, 2018an aurrera eroandako jarduketek 488,3 milioi euroko emaitza orokorra emon eben. Kopuru horretatik, 418,4 milioi euro Foru Ogasunari egindako iruzurrei jagokezan (4,9 milioi euro, BEZagaz erlazionautako zortzi delitu fiskalei jagokezan kuota ponderauetatik), 27,9 milioi interesei jagokez eta beste 42 milioi euro zehapenetatik etorri dira. Ogasun Diputatuak azpimarratu dauenez, emaitza horrek “hobetu egiten dau aurreko urteetan lortutakoa, eta Bizkaiko Foru Ogasunak iruzur fiskalaren kontra aurrera daroan burrukaren eraginkortasuna erakusten dau”.
Horren ostean, Iruarriazagak zehaztu dau iruzurraren kontrako burrukea dirutik harago doala, eta beste jarduketa asko be aurreikusten dituala, horreen artean prebentzinozkoak. “Ezin da neurtu zenbateko iruzurra egiteari izten deutsan Ogasunaren aurrean diru-sarrerak ezkutetako aukera guztiak ixten jakozan persona edo enpresa batek”, adierazo dau.
Iruzurrezko jarduerak hautematera eta saihestera zuzendutako prebentzinozko jarduketen artean 140 eredua dago, igaz 55.000 persona fisiko baino gehiagok aurkeztu eben jarduera ekonomikoen liburua. Ganera, atzerriko ondasunen ganeko 1.542 aitorpen baino gehiago aurkeztu ziran (720 eredua).
Iruarrizagak azpimarratu dau, baita be, 2018an zergen ganeko hezkuntza programa hasi zala ikastetxeetan. Bertan, Bizkaiko 63 ikastetxetako DBHko eta Batxilergoko 2.529 ikaslegaz egin zan behar, “herritarren, gazteen, zerga kontzientzia indartzeko, zergen gizarte arloko balioa eta zerbitzu publikoakaz daukien loturea azpimarratuz”. Ganera, 158 ikaslek Ogasuneko bulegoak bisitau ebezan, eta bertan prestakuntza saio batean hartu eben parte Bizkaiko Foru Ogasuneko beharginakaz. Aurton, zergen ganeko hezkuntza programa hori 81 ikastetxetara zabalduko da.
Ogasuneko Diputatuak, laneko prozesuen eta bere Saileko beharginen zergadunen kontrolerako espezializazinoa be azpimarratu dau, Nazinoarteko Fiskaltza Unidadearen, Zerga Berezien Kontroleko Unidadearen, Fabrikazinoko Zerga Berezien Kontroleko Unidadearen edo kripto-txanponen erabilerari edo Internet bitartez ondasunak komertzializetako eta banatzeko eredu barriei arreta berezia eskaintzen deutsen Auditoretza Informatiko Unidadearen garapenagaz.
Bizkaiko Ogasunak jarduera ekonomikoen tributazinoaren kontrolerako Plan integralean jarraitzen dau beharrean. Barrikuntza moduan, BEZaren liburuak eroateko Informazinoaren Berehalako Horniduraren (IBH-SII) beharra jasoten dau, zergadun jakin batzuentzat. 2018ko urtarrilaren 1ean jarri zan martxan, eta ekitaldi horretan, fakturen ganeko 193 milioi datu baino gehiagori buruzko informazinoa emon eban.
Informazinorako sarrera da iruzur fiskalaren kontrako burrukaren funtsezko beste elementuetako bat. Horregaitik, Ogasun Sailak informazinoa truketan dau beste zerga administrazino batzuekaz, udalekaz, Eusko Jaurlaritzagaz, Notariotzaren Kontseju Orokorragaz, SPRIgaz, BEAZegaz, Lan Ikuskaritzagaz eta Lanbidegaz. Horreei guztiei, zergen ganeko informazinoaren nazinoarteko trukea gehitzen jake, “guztiz beharrezkoa iruzur fiskalaren kontrako burrukan”. 2018an, 7.000 zergadun baino gehiagori buruzko informazinoa batzea eta paradisu fiskaltzat hartzen diran lurraldeetan dagozan edo hareekaz loturea daukien erakundeetan parte hartzen daben 12 zergadunen lehenengo zerrendea egitea lortu dau. Erakunde horreetako zazpi aztertuta egozan daborduko, eta beste 3 soziedaderen kontrako jarduketak hasi dira.
Bukatzeko, 2018an, Epaitegiek Bizkaiko Ogasunaren kontrako delituengaitiko hiru epai irmo emon ditue, 24 urteko kartzela zigorrakaz eta 78 urteko zigor gehigarriakaz, eta 8,2 milioi euroko likidazinoak eragin dituen epaiak gauzatu dira. Horrez gain, Bizkaian presentzia daukien nazinoarteko 3 talde ari dira ikertzen, eta nazinoarteko beste talde baten eragiketen erregularizazinoa egin da. Azken horrek 600.000 euro ordaindu beharko ditu Bizkaiko Ogasunean, eta datozan ekitaldietan 69,5 milioi euro konpentsau. Horrez gain, 2.917.621 euro berreskuratu dira, Soziedadeen Zergan kengarriak ez diran gastuak hautemateagaitik, 979.840 euro faktura irregularrengaitik, eta PFEZ aurkeztu ez eben zergadunei 6.394 agindu egin jakez, eta beste 2.163 agindu Soziedadeen Zergea ez aurkezteagaitik.
Ogasun eta Finantza Diputatuak azpimarratu dauenez, aurtengo iruzur fiskalaren kontrako Planak, aurreko urteetako planen jarraipeneko izaera garbia dauka, eta “nahiko zabala eta asmo handikoa” dala esan dau. Gehitu dauenez, `ad hoc´ programa informatikoen garapenak iruzur fiskalaren kontrako burrukea erraztuko dau. Arlo horretan dago jarduera ekonomikoak egiten dituen persona fisiko edo juridiko guztiei eragiketa guztiak Ogasunari modu telematikoan egitera behartuko deutsen Batuz sistemea. Ganera, 240 sistemea ezarriko da, soziedadeen ganeko eragiketa guztiak jakinarazoteko, eta Ticketbai sistemea zabaldu egingo da. Sistema hori, faktura bakotxa denpora errealean jarraitzeko aukerea emoten dauen softwarea da. Iruarrizagak azpimarratu dauenez, sistema “aitzindari” hori 2021eko urtarrilean egongo da ezarrita.
Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekidea izan da taldeen esku-hartze txandea hasi dauena, eta “Batuz ezkutuko ekonomia azaleratzeko tresnea” izan daitekela esan dau. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) azpimarratu dauenez, “Batuz sistemaren ganeko datuak oso interesgarriak dira”. Ildo berean, Eduardo Andrés Bizkaiko Talde Popularreko batzarkideak, “sistema horrek zergadunaren eta Ogasunaren arteko komunikazinorako aukera emon eta iruzurraren kontrako burrukea ahalbidetuko dau”, adierazo dau. Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak, “ekarpen fiskalaren garrantzia” azpimarratu dau, “aberastasuna banatzeko sistemea dalako”.
Ekain Ricok, Euskal Sozialistak taldearen izenean, “ondo etorria emon deutso prebentzinozko jarduketak eta kontroleko informazinoa batuko dituan Batuz sistemari”. Kontxi Claverrek (Euzko Abertzaleak), bere aldetik, iruzurraren kontrako burrukak “Aldundi honen lehentasunetako bat izaten jarraitzen dau, neurri barritzaileakaz”, esan dau.
Operarako eta zezenketetarako abonuak
Arantza Urkaregi EH Bildu taldeko batzordekideak ahozko erantzun-eske hau planteau deutso Iruarrizagari: “Kargu publikoek jasoten dituen ‘ondasunak’, operarako edo zezenketetarako abonuak, adibidez, ez dira gauzazko ordainketatzat jo behar eta euren 10T-tan sartu?”
Ogasuneko arduradun gorena, “tranpea daukan galderea” esanez hasi da erantzuten, eta horren ostean, “espezieko ordainketa horreek, norberaren gozamen pertsonalerako badira baino ezin jakoz errendimendu moduan egotzi, kargu publiko bati edo beste edozein personari”, esan dau. Ekitaldi horretan dauen presentzia instituzionala bada, barriz, ez jagoko haren PFEZn egotzi, zehaztu dau Iruarrizagak.
“Zeurea bai dala tranpea daukan erantzuna”, erantzun deutso Urkaregik, eta bere galderan “Bilboko Udalari” buruz ari zala argitu dau. Horren ostean, Udaleko mezu elektroniko bat irakurri dau. Mezu horretan galdetzen zan ea nor egoan zezenketetarako sarrerak jasoteko interesauta, eskuratutako 32 abonuak banatzeko. “Behargin arruntek, dieta bat jasoten badabe, aitorpenean sartu behar dabe”, azpimarratu dau Urkaregik, eta kargu publikoei emoten jaken “pribilegiozko tratua” kritikau dau. Ogasunari arreta dei bat egiteko eskatu deutso, espeziean jasotako guztia aitorpenean sartu daiten.
Iruarrizagak adierazo dauenez, “Udala bera da hori erabagi behar dauena”, eta “gozamena pribadua bada, bada errentea, baina gai instituzionala bada, ez da errentea”, esan dau barriro. Agintaldi honetako Ekonomia eta Ogasun Batzordearen azkenengo bilerea Iruarrizagak batzordekideei zuzendutako berbakaz amaitu da. “Errenta aitorpena egin behar da”, esan dau Diputatuak, bertan batutako guztien barrea eraginez.