Aurreko Albisteak

Agintaldiaren bukaerak markau ditu Bizkaiko Batzar Nagusietako Kontroleko azkenengo Osokoaren tonua eta eukiak

Bizkaiko Batzar Nagusiek agintaldi honetako Kontroleko azkenengo Osokoa egin dabe gaur goizean Gernikako Batzarretxean, Batzarren osaketea barriztauko daben datorren maiatzaren 26ko foru hauteskundeen aurretik. Agurreko tonuak eta batzarretako taldeen arteko eta taldeen eta gobernu taldearen arteko alkar aintzatespeneko mezuek ohikoa ez dan aldartea erakutsi dabe esku-hartze gehienetan. Eguneko gai zerrendan gizarte eta ingurumen arloko gaiak izan dira nagusi, eta Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak Foru gobernuaren azkenengo lau urteen balantzea egiteko aukerea izan dau.

Rementeriak, agintaldi honetako Gobernu ekintzaren balorazinoaren ganean Javier Ruiz Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak egindako ahozko erantzun-eskeari erantzun deutso. Ahaldun Nagusiak, “benetako balantzea hautesleek hautestontzietan egingo dabena izango dala eta hori denpora gitxi barru ezagutuko dogula” azpimarratu dauen arren, ez dau bere balantze pertsonala ezkutau, eta, horri jagokonez, hau esan dau: “Behar asko egin dogu jaso genduna baino Bizkaia hobea izteko, eta lortu dogula uste dot”.

Rementeriak azpimarratu dauenez, oso garrantzitsua da gaur egun orain lau urte baino 28.000 persona gehiago beharrean egotea; beste 100.000 izatea Foru Aldundiaren modu bateko edo besteko gizarte arretea jasoten dabenak; 117 milioi bidaiarik urtero Metroaren eta Bizkaibusen zerbitzuak erabiltea; eta azpiegitura proiektu enblematikoa, itsasadarraren azpiko tunelak, hain zuzen be, martxan egotea.

Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Foru Diputatua izan da Osokoaren beste protagonista bat, eguneko gai zerrendan jasoten ziran 12 erantzun-eskeetatik lauri erantzun deutse eta. Josean Elgezabalek (Podemos Bizkaia) zaintzaile profesionalen egoeran eta menpekotasun egoeran dagozanei eskaintzen jaken zerbitzuaren kalidadean izandako hobekuntzen aurreko interesa erakutsi dau. Aldundiko arduradunak, bere erantzunean, Aldundiak ez daukala lan hartu-emonen arloko eskumenik azpimarratu dau. Beste puntu batzuk be nabarmendu ditu, etxe barruan senideak zaintzen dituen personei emoten jakezan prestazinoak eta menpekotasuna daukien personek eta horreen senideek Gizarte Ekintzako Sailak eskaintzen dituen zerbitzuei emoten deutsien kalifikazino altua.

Eduardo Andrés Bizkaiko Talde Popularreko batzarkideak, Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Maparen hedapenaren ganean galdetu dau, Bizkaian zerbitzu horreek “onak diran arren, bikainak izatera heldu behar garala” azpimarratuz. Sánchez Roblesek eskertu egin dau erantzun-eskearen tonua eta batzarkideak agintaldi osoan egin dauen beharra, eta “gizarte arloko beharrei ahalik eta erantzun onena emoteko helburuan bat gatoz”, zehaztu dau.

Eneritz de Madariagak (Podemos Bizkaia), bere aldetik, Mesedeetako monjek Orozkon kudeetan daben ezintasunentzako egoitzaren egoeraren ganeko informazinoa eskatu dau, zentroaren kudeaketa unidadea aldatu egin dalako. Foru Diputatuak adierazo dauenez, titulartasuna aldatu ez dan arren, zentroaren baldintzen ganeko auditoretza txostena eskatu da, eta egoiliarrei emoten jaken arretaren ganean etenik bako jarraipena dago. Horrez gain, Foru Aldundiak esku hartuko dau bere egunean sinatu zan hitzarmena beteten ez bada.

Gizarte Ekintza Saileko arduradunak erantzun dauen azkenengo erantzun-eskea Arantza Urkaregik (EH Bildu) egindakoa izan da, egoitzen grebea dala eta adinekoek eskatu dituen zenbatekoen ganekoa. Isabel Sánchez Roblesek erantzun dauenez, “oso kalkulu prozedura zorrotza egin da, baina zenbateko guztiak itzultzen ari dira daborduko. Prozesua oso aurreratuta dago eta urte honetako lehenengo seihilekoan bukatu gura dogu”.

Iraunkortasuna eta baliabide naturala

Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Diputatuak oposizinoak egindako hiru erantzun-eskeri erantzun deutse. Arturo Aldecoa Talde Mistoaren ordezkariak, baso moltsoetan banda marroia izeneko izurriaren gaur egungo egoeraren aurreko interesa agertu dau, eta Foru Aldundiak horri aurre egiteko gauzatu dituan jarduketen ganean galdetu dau, batez be orain denpora gitxi Espainiako gobernuak, oxido kuprosoa erabilita egiten diran aireko fumigazinoak ez onartzeko hartu dauen erabagiaren ostean. Foru Diputatuak adierazo dauenez, errekurtso bat aurkeztu da erabagi horren aurrean, baina, halanda be, beste neurri batzuk ezarri dira, nekazaritzaren ikerketarako Neiker institutuaren gainbegiradapean, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiakaz lankidetzan martxan jarriko dan ordezko tratamentu esperimentala edo, muga batzuekaz Madrildik onartu dan eta lurretik emoten dan oxido kuprosoagaz egindako tratamentua, biztanleak dagozan guneak eta iturburuak babesteko, beste batzuen artean.

Josean Elgezabalek (Podemos Bizkaia) Arraiz mendian dagon Tratamentu Mekaniko Biologikorako Plantan kontroleko eta hobekuntzako zein neurri jarriko diran martxan galdetu dau, jaubea Aldundia dan instalazino batzuen egoeraren ganean enpresako batzordeak egin dituan salaketen ostean. Bertan, Q sukar eta legionella kasuak hauteman dira. Unzuetak erantzun dauenez “esku hartu da eta esku hartzen jarraituko da, beti be Aldundiaren esku dagon Garbiker enpresaren bitartez, plantako baldintzak zorroztasun osoz kontroletako”.

Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko arduradunak erantzun dauen azkenengo gaia, David Lopategik (EH Bildu) Bizkaian baso-suteak ikertzeko brigadak zergaitik ez diran osatu galdetuz egin dauen erantzun-eskea izan da. Arduradunak argi eta garbi esan dau “Bizkaian basoko sute guztiek ikertzen dirala”, baina zehaztu dau Mendien foru zerbitzuko funtzionarioak “ez dirala ez ikerlariak ezta poliziak be”, eta “delitu aztarnak hautematen diranean Ertzaintzara eta fiskaltzara bideratzen dirala”.

La Naval eta Supersur autopistea

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Diputatua izan da agintaldiko Kontroleko azkenengo Osoko honetan jasoten ziran beste erantzun-eske biri erantzun deutsena. Lehenengoa Nuria Atienzak (Podemos Bizkaia) egin dau, eta Supersur errepidearen handitzea dala eta Bolintxuko ingurune naturalean sortzen ari diran ingurumen arloko eraginak aitatu ditu. Pradalesek adierazo dauenez, Foru Aldundia zorroztasun osoz ari da betetzen ingurumen arloko legetasuna errepide horretan, eta, bere esanetan, “hazten jarraitzen dauen eta osatzea behar dauen obra estrategikoa da”. Ez ditu onartu autopistea gitxi erabilten dala esanez Podemos taldeko batzarkideak egindako alegazinoak, “zezeilean erabilerak %12,8 egin ebalako gora, eta gaur egun batezbeste 16.000 ibilgailuk erabilten dabelako egunero, horreetatik 4.500 kamioiak”.

Bere bigarren esku-hartzean, La Naval enpresaren itxieraren mehatxuak eta ontziolaren enpresa auxiliarretan horrek daukan eraginak Sestaon eta Ezkerralde osoan eragin dauen egoerearen inguruan Foru Aldundiak hartu dituan neurriak azaldu ditu Pradalesek. Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen Saileko Foru arduradunak erantzun dauenez, igazko zemenditik, Aldundiak sektorearen egoerea aztertu dau, Gasteizko Jaurlaritzagaz eta Euskal Itsas Foroagaz alkarlanean, 24 enpresa auxiliarretatik datozan 334 langabetu identifikatuz. Kolektibo hori guztia barriro lanean jartea lortu da eta, gaur egun, sektoreko edo Portuagaz eta itsasoko jarduereagaz erlazionautako beste konpainia batzuetan ari da beharrean. Izan be, Pradalesek gehitu dauenez, itsas sektorean koalifikazinoa daukien 300 profesionalen beharra hauteman da, eta lanpostu horreek ezin izan dira bete. Puntu horri jagokonez, laneratze arazoak azpimarratu ditu, 45 urte baino gehiago eta lan arloko koalifikazino maila txikia daukien personen kasuan, batez be.

Gaur goizean Gernikan egin dan Kontroleko Osokoaren eguneko gai zerrendan landu diran beste puntu biak Kulturako eta Ogasuneko arduradunek erantzun ditue, hurrenez hurren. Arturo Aldecoa Talde Mistoko batzarkideak jatorri pribaduko kultura ekintzailetzea bultzatzeko aurrera eroandako politiken ganean itaundu dau, eta Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako Foru Diputatuak, bere Sailetik bultzatu diran eta garapen fase desbardinetan dagozan proiektuen barri emonez erantzun deutso. Horreen artean, egingo dan Industria Ondarearen Museoa edo Itsasadarreko Itsas Museoaren bizibarritzea aitatu daitekez.

José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak, bere aldetik, Arantza Urkaregik (EH Bildu), 2018ko bagilean Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri eban eta orain arte, finantzautako proiektuei jagokenez, oso emaitza urriak emon dituan Barrikuntzarako Funtsaren inguruan egindako erantzun-eskeari erantzun deutso. Iruarrizagak zehaztu dauenez, enpresa motak kontuan izanda (startup-ak, neurri txikiko enpresak, proiektu barritzaileak…) heldutasunerako denpora gehiago behar dabe baina, edozelan be, “funts guztiz pribadua da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dau parte hartzen horren kudeaketan”.

Agurretarako uneak

Dana dala, Kontroleko Osoko bateko erantzun-eske, erantzun eta kontra-erantzun tipikoakaz alderatuta, gaurkoan ikusi dan giroa ohikoa baino askoz atseginagoa eta nasaiagoa izan da, agintaldiko azkenengo osokoari jagokon moduan. Alde batetik, hurrengo Batzarretan edo Foru Gobernuan jarraituko daben ala ez ez dakitenak egon dira, eta, bestetik, datozan maiatzaren 26ko hauteskundeetako zerrendatan ez dirala egongo dakitenak.

Holan, Unai Rementeria Batzarkide Nagusiak, ez ohiko atsegintasuna erakutsi dauen alkarrizketa euki dau agintaldian bere jarduketakaz kritikoenetakoa izan dan batzarkideetako bategaz, Javier Ruiz bozeroale popularragaz, eta hemizikloaren erdian biak kurutzatu diranean eskua emon deutso. Rementeriak adierazo dauenez, “behar bada Batzar honeetan egiten dodan azkenengo esku-hartzea izango da”, eta Osokoari zuzenduta, “protagonistak zeuek zarie, eta gehienetan zuen jokabidea eredugarria izan da”, esan dau.

Javier Ruizek, bere aldetik, Bizkaiko Batzar Nagusietara ailegetea posible egin eutsen bere alderdiko kideak ekarri ditu gogora (Eduardo Barreda, Antón Damborenea eta konbidauen harmailan egon dan Nerea Llanos), eta Mahaiari, ganerako taldeei eta Batzarretako beharginei eskerrak emon deutsez, euren beharrarengaitik. Bizkaiko Batzar Nagusien “tonu ona eta kideen maila ona” azpimarratu ditu, eta Foru Gobernua eta Ahaldun Nagusia zoriondu ditu, “euren gobernu ekintza nota onagaz defendidu dabelako”. Ondorio moduan, “geure arteko alde politikoak ez dira inoiz pertsonalak izan” esan dau.

Gobernu taldeko parte bat modu berezian atsegin agertu da errepikatuko ez daben eta gaur erantzun-eskeak egin deutsiezan batzarkideetako bigaz. Eduardo Andrések (Talde Popularra), “asko eztabaidatu dogu, niri batzarretako filibustero be esan deustie baina, aldi berean, akordioak be lortu doguz, gure proposamen batzuk onartu dira. Hori da etxera daroadana” esanez amaitu ditu Bizkaiko Batzarretan izan dituan esku-hartzeak. “Eskerrak emon behar deutsadaz Foru Diputatuari, erakutsi dauen jarrera onarengaitik” gehitu dau. Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatuak “bere tonua eta ekarpenak” eskertu deutsaz, eta “ika-mikak euki doguzan arren, zugaz behar egitea benetan atsegina izan da”, zehaztu dau.

Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak, “plazerra eta ohorea izan da 20 urtez Batzar honeetako batzarkide izatea, ondo samar egin dodala uste dot, eta parkamena eskatu gura dot denbora horretan baten bat mindu badot”, adierazoz esan dau agur. Aldecoa harro agertu da, “Batzarretara ekarri dodazan Arauz Besteko 300 Proposamen inguruetatik %40 baino gehiago onetsi diralako” eta amaitzeko, Calderón de la Barcaren “La vida es sueño” laneko bertso batzuk errezitauz bukatu dau, Batzarretan bizkaitarrak ordeztuz egiten dan beharra gogora ekarriz. Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako arduradunak bere aldartea eskertu deutso, eta Elena Unzueta Baliabide Naturaleko arduradunak “etorkizun zoriontsua” opatu deutso.

Podemos Bizkaia taldearen aldetik, gehienetan Foru Aldundiko gobernu taldeagaz oso kritikoa dan Josean Elgezabal batzarkideak bat egin dau giro nasaiagaz, Che Guevararen esaera bat (“Gozotasuna galdu barik gogortu behar gara”) eta Silvio Rodríguezen bertso batzuk gogora ekarriz, eta Ahaldun Nagusia agurtu dau, “hurrengo agintaldian oposizinoko lider ona izan daitela” opatuz. Nuria Atienza taldekideak parkamena eskatu dau Osokoaren aurrean, azken hilebeteetan behin eta barriro eztulka ibili dalako, baina “daborduko itzi deutsat erretzeari” esan dau.

Umore ikutuak be ez dira faltau, Koldo Mediavilla Mahaiko idazkaria, adibidez. Eguneko gai zerrendako puntu baten irakurketan trabau ostean, Batzarren parkamena eta ulermena eskatu dau, “horrenbeste agurraz negar-anpuluak daukadazalako”.

Agintaldiko azkenengo Osokoa Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentearen berba batzuekaz bukatu da. Bere esker ona erakundean behar egiten daben persona guztiei, Batzarretako beharra gizartera zabaltzen laguntzen daben komunikabideetako profesionalei, Mahaiari eta Batzar osoei zabaldu deutse, azkenengo hilebeteetan Batzordeen eta Osokoen kopuruak erakutsi dauen hazkunde handia dala eta. Onena opatu deutse hurrengo agintaldian Batzarretako lanetan jarraituko ez dabenei, eta parkamena eskatu dau “inoiz neurriz kanpoko zer edo zer egin badot, gehienetan ondo ibili nazala uste dodan arren”. Bukatzeko “ideologien ganetik personak dagoz, eta Batzar honeetan laguntasun eta adiskidetasun hartu-emon bikaina dago”, esan dau. Berba horreen ostean, Gernikako Arbolaren kerizpean argazkia atarateko konbitea egin deutso Osokoari.