Bizkaiko Batzar Nagusietako Agintaldi honetako azkenengo Osokoak aho batez onetsi dau Aldundiaren eta sektoreko alkarteen eta profesionalen partaidetza izango daben artisautzako mahaien eraketea, jarduera hori bultzatu ahal izateko
Bizkaiko artisautza sektorea bultzatzeko proposamen zehatzak eta partaidetzan oinarritutakoak, indar politiko guztien adostasuna lortu dau gaur, Gernikako Batzarretxean egin dan agintaldi honetako azkenengo Osokoan. Podemos Bizkaia taldeko Neskutz Rodríguez batzarkideak aurkeztu dau itaunetik sortutako mozinoa. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek alkarregaz aurkeztu daben zuzenketa-eske transakzionalagaz aldeko 49 boto positibo lortu ditu, Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari guztiena, hain zuzen be.
Bizkaiko Batzar Nagusiek artisautzako mahaiak martxan jarteko eskatuko deutsie Foru Aldundiari, artisautzan aritzen diran alkarteen eta personen partaidetzeagaz, artisautzaren sektoreak lurraldean dituan lehentasunezko ildoak eta ardatzak gauzatzeko helburuagaz. Eztabaidak agerian itzi dau Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaia taldeko batzarkideak artisautzaren sektorearen ganean daukan ardura berezia, gaiaren inguruan ekimen eta erantzun-eske asko planteau ditualako. Rodríguezek, partaidetzan oinarritutako mahaien proposamen horren bitartez sektorea dinamizau eta indartu beharra defendidu dau, adierazo dauenez, une honetan “erabagietatik kanpo geratzen ari diran artisauen %63 dagolako”.
Josu Montalbánek (Euskal Sozialistak) azpimarratu dauenez, artisautzea “artearen bariante bat da, eskuak eta, gehienetan, produktu naturalak, erabiliz egiten dana”. “Garrantzitsuena sektorea indartzea da, adierazo dau Aitor Ibarrak (Euzko Abertzaleak), eta pozik agertu da, “oraingo honetan politikaren artisau onak izatea lortu dogulako”.
Taldeen txandan, Arturo Aldecoak defendidu dau beharrezkoa dala “krisialdi larrian dagon sektorerako” proposamena, eta Podemos taldea defendidu dau, artisautzaren alde egin dauen beharrarengaitik. “Oso garrantzitsua da artisautza sektorea bultzatzea eta eguneroko jardunean neurriak martxan jarten laguntzea”, defendidu dau Jesús Isasik (Bizkaiko Talde Popularra).
Joseba Gezaragak bere taldearen, EH Bilduren, aldeko botoa iragarri dau, sektore “dinamikoa, etorkizuna eta bideragarritasuna daukana, baina laguntzea behar dauena” dala esanez.
Behar besteko aldeko botorik lortu ez daben mozinoak
Osokoak, joan dan zezeilaren 27an Kontroleko azkenengo Osokoan egindako beste horrenbeste itaunetatik eratorritako bi mozino jasoten ditu. Mikel Kormenzanak eta David Lopategik (EH Bildu) aurkeztu dabe lehenengoa, Bizkaiko Foru Aldundiari eskaria egiteko, “bere eskumenen barruan, Bizkaian baso lurren metaketari aurre egiteko neurri gehigarriak martxan jarteko”.
Talde gehienek proposamenaren zehaztasun faltea aitatu dabe. Hori dala eta, bere bigarrengo esku-hartzean, mozinoak proposamen zehatz bi jasoten ebazala azaldu dau Kormenzanek: Aldundiak basoko lurrak erosteko politikea gauzatzea, Aldundia bera jaube dan lurren ondokoetatik, bertako espezieak daukiezanetatik edo ingurumenaren aldetik balio berezia daukienetatik hasita, eta baita lurren kudeaketa orokorra be, “hemen existiduten ez dan arren Europako leku askotan egiten dan eta euren lurrak kudeatu gura ez dituen jaubeei lur horreek Aldundiari lagateko aukerea emoten deutsen neurria”.
Arturo Aldecoa (Talde Mistoa) mozinoaren alde agertu da, baina parte batean bakarrik. “Baso arloko krisialdi baten erdian gagoz, eta hori konpontzeko bidea ez da lurrak erostea”. Eduardo Andrések (Bizkaiko Talde Popularra), “mozinoak ez dauela ezer esaten” esan ostean, bere taldeak “20.000 persona baino gehiagori beharra emoten deutsan egurraren sektorearen alde” egiten dauen apustua azpimarratu dau.
“Egungo egoerea oso larria da, eta ez dator kasualidadez, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera eroan dituan politiketatik baino, eta baita kanpoko arazo batzuetatik be”, kritikau dau Josean Elgezabalek, Podemos Bizkaia taldearen izenean. Marimar Rodríguezek (Euskal Sozialistak), bere aldetik, arazoei aurre egin ahal izateko sektorearen partaidetzea derrigorrezkoa dala defendidu dau.
Jesús Lekerikabeaskoak (Euzko Abertzaleak) EH Bilduren proposamenak “kontraesankorrak” dirala esan dau, eta daborduko apliketan diran eta “jaube bakotxak zer landatu gura dauen erabagiteko” aukerea emoten daben Foru politikak defendidu ditu, espezieen arabera laguntza desbardinak emonez. Mozinoa ez da onartu, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen aldeko 15 botoak baino ez ditualako jaso, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularrak, 33 boto, kontra bozkatu dabelako eta Talde Mistoa (1) abstenidu egin dalako.
Onintze Oleaga (EH Bildu) batzordekideak aurkeztu dauen azkenengo mozinoak, alde batetik, Bizkaiko Batzarren akordioa bilatzen zuen, ustelkeriaren kontrako burrukan erakundeen arteko koordinazinoa eta alkarlana bermatuko dauen Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa martxan jarteko eta, bestetik, Foru Aldundiari eskaria egiteko, Eusko Legebiltzarrari eta Arbitraje Batzordeari, aitatutako ustelkeriaren kontrako erakundea sortzeko lege proposamenaren tramitazinoan ezarri daben etetea altxatu daiela eskatu deien. Mozinoari, Podemos Bizkaia taldearen zuzenketa-eske bat gehitu jako, ustelkeria kasuak salatzen dituen personen babesa bermatzeko puntua gehituz.
“Gaur egungo mekanismoak ez dira nahikoak Administrazinoko ustelkeriari eta jardunbide desegokiei amaierea emoteko”, azpimarratu dau Oleagak, eta behin baino gehiagotan eskatu deutse taldeei, “ustelkeriaren kontra burrukatzeko prest ete dagozan” galderari “bai ala ez” erantzuteko. “Euskadin ez dago ustelkeriaren kontrako fiskaltzarik, eta epaileek eta fiskalek ez dagola baliabiderik esaten dabe” esan dau, bere aldetik, Neskutz Rodríguezek (Podemos Bizkaia).
Mozinoaren lehenengo puntua, Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa martxan jartea, ganerako taldeek be defendidu dabe, baina bigarren puntua izan da mozinoak aldeko eretxirik ez jasotea eragin dauena, Arbitraje Batzordearen aurrean Ustelkeriaren kontrako Euskal Legearen ganean planteau dan eskumenen gaia dala eta. “Bigarren puntuaren helburua ez da zuzena”, esan dau Arturo Aldecoak (Talde Mistoa). Gauza bera esan dau Javier Ruizek (Bizkaiko Talde Popularra), “bigarren puntua ez dagola ondo zuzenduta” adierazoz eta bere taldearen abstentzinoa iragarriz.
“Ez da hondoko kontu bat, eztabaidea mugatzen dauen aurretiazko forma kontua dago hor”, adierazo dau Isabel Cadavalek (Euskal Sozialistak). “Ez gagoz ezeren kontra eta ez dogu ezer oztopatu gura”, zehaztu dau Jon Atutxak (Euzko Abertzaleak), eskumenaren gaia argitu arte itxaron behar dala gehitzeko. Mozinoa ez da onartu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako 30 boto, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen aldeko 15 boto eta 4 abstentzino (Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa) jaso ditualako.
Agurrak
Datorren martitzenean, apirilaren 2an, Batzar Nagusiak desegingo dira, eta ordezkariek batzarkide izaerea galduko dabe, Batza Iraunkorra osatzen dabenek izan ezik. Atzo eratu zan eta datorren apirilaren 2an indarrean sartuko dan Batza Iraunkor hori, Bizkaiko Batzar Nagusi barriak osatu arte gobernetan jarraituko dauen Mahaiko kideek eta Arautegi eta Gobernu Batzordeko ordezkariek osatuko dabe.
Bizkaiko Batzar Nagusietan barriro jarriko ez diran batzarkideek agur esateko baliau ditue euren berba egiteko txandak. Agurreko berbaldiak mota askotakoak izan dira, eukiari eta luzapenari jagokenez. Laburra izan dalako, azpimarragarria izan da Jesús Isasirena (Bizkaiko Talde Popularra): “Doazanai eta geratzen diranai, hasta luego Lucas”. Jon Atutxak be agur esan dau, bere taldeko eta oposizinoko ordezkariei euren lana eskertuz eta Batzar Nagusietako beharginei egindako lanarengaitik eskerrak emonez.
“Ez dot esango joateak penea emoten deustanik”, adierazo dau Josean Elgezabalek (Podemos Bizkaia), eta eskerrak emon deutsaz “mobilizetan dan Bizkaiari”. Batzarkideak agurtu ditu, “kaleetan ikusiko gara” esanez. Antzera egin dau berba Neskutz Rodríguezek, eta “pena barik” doala esan dau. Kritikau egin dau batzuek bere taldea “inkonpetentea” dala esatea ekimen garrantzitsuak defendidu dituanean, horreetako asko jentearengana heldu dirala adierazoz. Eta bere hurrengo jomugea Durangoko Udala izango dala aurreratu dau, “aukeratzen banabe”.
Oso hunkituta esan dau agur Marimar Rodríguezek (Euskal Sozialistak). Hasteko, bere taldekideen konfiantzea eskertu dau, eta, bukatzeko, Rosalía de Castroren poema irakurri dau. Talde bereko Josu Montalbánek “danok maite zaituet”, esan dau, Batzarretan egin dituan 30 urteetan jarleku guztiak hartu dituala gogoratuazoz: behekoak, Gobernukoak eta oposizinokoak.
Agintaldi honetan Batzarretako Mahaiko presidenteordea be izan dan EH Bilduko Joseba Gezuraga batzarkide beteranoak Batzarrak itziko dituala iragarri dau, eskerrak emonez eta batzarkide moduan emon dabezan hamabi urteak eta Eusko Alkartasunako zerrendetan be aukeratua izan dala azpimarratuz. Euskal Sozialistak taldeko batzarkide moduan zortzi hilebete baino egin ez dituan Isabel Cadavalek be agur esan dau, “politikak personen bizimodua hobetzen dauela” berretsiz, eta “ustelkeriaren orbana klase politiko osora ez zabaltzea” eskatuz.