Aurreko Albisteak

Gizarte Ekintza Sailak 35.000 ikuskapen eta kontrol jarduketa baino gehiago egin ebazan 2018an, eta oso ez betete maila txikia hauteman eban

haundi 26m

Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordera etorri da, Batzarretako talde bik eskatuta. Alde batetik, Arantza Urkaregik (EH Bildu) EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren Bizkaiko betete mailaren ganeko azalpenak eskatu deutsaz, eta baita gizarte zerbitzuen zentroetan eta etxeko zainketa zerbitzuetan egin diran ikuskapen kopuruaren eta ondorioen ganeko datuak emon daizala be. Beste alde batetik, Podemos Bizkaiak, Eusko Jaurlaritzak egin dauen adinekoentzako egoitzei buruzko Dekretu barrian Gizarte Ekintzako Foru Sailak egin dituan ekarpenen ganean galdetuko deutso.

EH Bilduko Arantza Urkaregiri eta egindako ikuskapenen kopuruari eta emaitzari buruzko informazino eskariari erantzunez, Sánchez Roblesek, bere Sailak 2018an aurrera eroandako datu asko ekarri ditu Batzordera. Adierazo dauenez, 35.000 baino gehiago izan dira –igaz baino 5.000 gehiago–, Gizarte arloko Zerbitzuen eta Prestazinoen Ikuskapenerako eta Kontrolerako 2017-2019 Plan Orokorra betez. Bizkaiko Gizarte Ekintzako Diputatuak, maiatzera arte aurkeztu behar ez ziran datu horreek, aitatutako Batzarretako taldearen eskariari erantzuteko aurreratu ditu.

Sánchez Roblesek gizarte arloko zerbitzuak ulertzeko moduan bilakaerea egon dala adierazo dau, arretan oinarritutako ikuspegitik norbanakoari zuzendutako ikuspegira. Ikuspegi horrek Zuzenbide Estaduaren zutabetzat hartzen ditu edozein herritarrek erabili daikezan gizarte arloko zerbitzuak, bizitzeko baldintza duinak bermatzeko. Testuinguru horretan, nabarmen egin dau gora Bizkaian, biztanle bakotxeko, zerbitzuetara eta prestazinoetara zuzendutako gastu publikoak. Holan, 2.000. urtean gastu hori 295 eurokoa izan zan, eta 2016an 1.110 eurokoa izan da.

Gizarte Ekintza arloko Aldundiko arduradun nagusiak zehaztu dauenez, ganera, 2018an gizarte zerbitzuetako zentroen %100 ikuskatu eta kontrolau zan, 392 zentro guztira (horreen artean dagoz gizarte zerbitzuen %100a, Arreta Goiztiarrera zuzendutako 50ak, eta Gizarteratze Zerbitzuan hitzarmendutako zentroen %25a). Horren emaitza moduan, 20 zentrotan 21 gertakari hauteman ziran, batez be, ume bakotxarentzat erreferentziazko persona bat ezarri beharra ez betetearen ondorioz. Diputatuak adierazo dauenez, gertakari horreetatik bat be ez da hauteman arreta goiztiarreko zentroetan.

Beste alde batetik, Gizarte Ekintza Sailak gizarte zentroetako 2.552 erabiltzaileri (horien artetik, zentro okupazionaletara doazan 150) eskainitako arretaren eta zainketen kontrola egin dau, euren beharretarako egokia dan arretea jasoten daben ala ez egiaztetako, eta ez da ezelango arazo azpimarragarririk hauteman.

Familia Inguruko Zainketetarako Prestazino Ekonomikoaren onuradun diran 4.504 personak etxean jasoten dituen zainketak be ikuskatu dira. Bizkaiko hartzaile guztietatik %25 izan ziran. Kontrol horreetatik 10 kasutan preminaz jardun behar izan da, zaintzaileak eukan gainkargaren ondorioz, edo menpekotasuna edo gaixotasuna larriagoak ziranez beharrezkoak ziran zainketak emoteko gai ez zalako. Holan, menpekotasuna daukien persona horreetatik 8 egoitza batean ingresau dira, beste bat eguneko zentro batera joaten hasi da, eta azkenengo kasuan, jarraipenak sarritan egitea erabagi da. “Ez da tratu txarren kasu bakar bat be hauteman”, azpimarratu dau Sánchez Roblesek.

Ganera, ikuskapenek, zaintzailea amore emoteko arriskuan egoan 35 kasu ekarri ditue argitara, eta horreetan zerbitzu gehiago proponidu dira, arretea hobetzeko, edo egoitza batean ingresetea. Horrez gain, baldintzen 33 ez betete larri hauteman dira, ete horrek prestazinoa etetea eragin dau (11 kasu beste Autonomia erkidego batera joan izanaren barri ez emoteagaitik eta 12 kasutan ez dalako egiaztau persona zaintzailea menpekotasuna daukan personagaz bizi dala). Kasu horreei, personakaz hartu-emonetan jartea ezinezkoa izan diran beste 14 kasu gehitu behar jakez, gehienetan helbidea edo telefono zenbakia aldatu eta Sailari jakinarazo ez jakolako. Azken kasu horreetan prestazinoa kautelaz aldi baterako etetea erabagi da.

Gizarte arloko 27.932 prestazino aztertu dira (2017an baino %17,4 gehiago), hau da, etxeko prestazinoen %25 eta ganerako prestazinoen %100. Horreen emaitzak oraindino itxi barik dagoz. Modu berean, laguntza publikoak jasoten dituen eta Aldundiarenak ez diran gizarte arloko erakundeak be kontrolau dira. 19,4 milioi euroko zenbateko osoa ikuskatu da.

Datu gitxi batzuen faltan, Diputatuak adierazo dau zentroetako arazo kopuruak behera egin dauela (2017an 42 hauteman ziran, eta 2018an 21) eta etxeen %8,8an baino ez dala holangorik hauteman. “Errealidadeak erakusten deusku jazoera gitxi dagola, bolumen osoagaz alderatuta”, azpimarratu dau Sánchez Roblesek, eta “esan daikegu Bizkaiko gizarte zerbitzuetara zuzendutako finantzaketea ondo zuzenduta dagola, heldu behar jakonari heltzen jakola”, gehitu dau.

Betete mailaren ganeko azalpenak

Arantza Urkaregik (EH Bildu) EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak 2018ko urtarrilaren 1ean Bizkaian eukan betete mailaren ganeko azalpenak be eskatu deutsaz Gizarte Ekintzako Diputatuari, eta zehatzago esanez, adinekoentzako eta menpekotasuna daukienentzako egoitzetako eta eguneko zentroetako plaza proiekzinoaren estalduraren ganekoak.

Erantzun aurretik, Sánchez Roblesek aitatutako Plan hori proiekzinoetan oinarritutako laneko tresnea dala adierazo dau, eta proiekzino horreek ez dirala beti aldatuz doan errealidadera egokitzen. Aurreikusitakoa kontuan izanda, adinekoen eguneko zentroetan 81 plaza behar dira (proiektautako 1.506akaz alderatuta). Horreen parte bat, Bilboko Marcelino Oreja kalean egongo dan Etxaniz eguneko zentroak eskainiko dituan 55 plaza barriakaz osatuko da.

Egoitzetan 6.169 plaza beharko zirala egoan aurreikusita, eta hori gainditu egin da, gaur egun 6.714 plaza dagozalako. “Dana dala, gaur egungo eta etorkizuneko eskariari erantzuteko 10.000 plaza baino gehiago dagoz eregita”, adierazo dau Gizarte Ekintzako Diputatuak.

Arnasaldi zerbitzuari jagokonez, 70 plaza beharko zirala aurreikusten zan, eta horreetatik 63 bete dira. Familia inguruneko zainketetarako prestazino ekonomikoetan nabarmen gainditu dira proiekzinoak, 15.000 onuradun baino gehiago dagozalako, aurreikuspenak 11.807 personakoak ziran arren. Gauza bera gertatu da laguntza teknikoetarako edo etxeetan egokitzapen lanak egiteko banakako prestazinoakaz, 2018an holango 1.520 prestazino emon ziralako, aurreikusitako estaldurea 1.361 plazakoa zan arren.

“Mapak aurreikusitakoak baino 7.000 adineko gehiago dagoz sistemaren onurak jasoten, etxeetan eta egoitzatan, batez be”, adierazo dau Sánchez Roblesek, eta datuen bitartez, kasu gehienetan errealidadeak aurreikuspenak gainditu dituala azaldu dau, zentro okupazionaletako plazatan, garraio egokituan eta tutoretzapean dagozan adinbakoen eta helduen kopuruan, batez be.

“Sistema konplexua, bizia eta funtzionetan ari dana da, eta gaur egun Bizkaian 30.000 persona baino gehiagori erantzuten deutsen sistema batean oinarrituta aurrera egiteko ari gara beharrean”, esan dau Sánchez Roblesek, bukatzeko.

Diputatuak esandakoa entzun ostean, Urkaregik, EH Bilduren izenean, “aurreikusitako helburuak ez dirala lortu” esan dau, eta adierazo dau penagarria dala Bizkaiak Gizarte Zerbitzuen Maparik ez eukitea. “Gure ingurura begiratzen badogu, Araban badaukie, eta Gipuzkoan daborduko bi egin ditue”, gehitu dau. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa), bere aldetik, Gizarte Ekintza Sailaren beharra azpimarratu dau, eta “oso nota ona” emon deutso, baina aurrera egiteko bideari ez izteko eskatu deutso. Eneritz De Madariagak (Podemos Bizkaia) “datu horreek itxaron zerrendetako eta bete bako zerbitzuen eskarietako datuakaz lotzeko” eskatu dau.

Juan Oterminek (Euskal Sozialistak) “datuak aurreratzeko egin dan esfortzua” eskertu dau. Jon Sánchezek (Euzko Abertzaleak) “azalpen zabala eta zehatza” eskertu dau, eta balioan jarri ditu “Gizarte Ekintza Saileko profesionalen beharra eta dedikazinoa”.

Horren ostean, Josean Elgezabalek (Podemos Bizkaia) Eusko Jaurlaritzak egin dauen adinekoentzako egoitzei buruzko Dekretu barrian Gizarte Ekintzako Foru Sailak egin dituan ekarpenen ganean egindako itaunari erantzun deutso Sánchez Roblesek. “Foru Aldundiak lehen momentutik hartu dau parte Dekretu hori egiteko beharrean”, azpimarratu dau Diputatuak, eta aho batez onetsi dan dekretuaren zirriborroak, betekizun horreek zentro guztiek bete behar dituela ezarten dauela esan dau, kontzertauak izan ala ez.

Josean Elgezabalek (Podemos Bizkaia), Dekretua “oso berandu” heldu dala esan dau, eta Sánchez Roblesi, eta Gasteizko Jaurlaritzak Aldundiari eskatutako arau barri horrek Bizkaian izango dauen eragin ekonomikoari buruzko txostenaren datuak emoteko eskatu jakonean, “horren ardurea Gasteizko Jaurlaritzarena dala erantzun izana” penagarria dala esan dau.

Eduardo Andrések Sánchez Roblesen azalpenak eskertu ditu, baina “oso gogoeta orokorrak” dirala esan dau, “Dekretuaren zain egon beharko gara” gehituz. Euskal Sozialistak taldeko Juan Oterminek, “Dekretua balorau ahal izateko bere eukiaren zain geratzen gara” adierazo dau.

“Gasteizek Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu eutsan eragin ekonomikoari buruzko txostenaren barri jasoko genduala uste genduan”, esan dau Arantza Urkaregik (EH Bildu). Euzko Abertzaleak taldeko Celia Gómezek “hiru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, eta bertako talde teknikoek dekretua gauzatzeko egin daben lan handia” jarri dau balioan.

Proposamen biren bozketea

Horrez gain, Gizarte Ekintzako Batzordeak, Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatu eta bozkatu ditu, Josu Unanuek (EH Bildu) eta Neskutz Rodríguezek (Podemos Bizkaia) batera aurkeztutakoak. Lehenengoan, talde biek parte hartzeko eremu egonkorra sortzea eskatu dabe, Egoitzen Foru Sarean menpekotasun egoeran dagozan adinekoei emoten jakezan zerbitzuak garatzeko eta planifiketako. Eztabaidatuko dan Arauz Besteko bigarren Proposamenean, eskaria egin jako Foru Aldundiari, Barakaldon dagon Miranda Fundazinoaren funtzionamentua bermatzeko eta zerbitzua hobetzeko eratu dan Lan Taldean parte hartze aktiboa euki daian.

Proposamen biak onetsi barik geratu dira. Lehenengoak proposamena aurkeztu daben talde bien, Podemosen eta EH Bilduren, eta Talde Mistoaren, aldeko botoak eta Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Popularra taldeen kontrakoak izan ditu. Bigarren proposamenak be ez dau aurrera egin, EH Bilduren eta Podemosen aldeko 5 boto eta ganerako taldeen kontrako 10 boto jaso ditualako. Bozketa horreekaz biakaz bukatu da Gizarte Ekintzako Batzordearen agintaldi honetako azkenengo bilerea.